2018 URTEKO BASERRITAR BIKAINAK

LABORAL KUTXA-LORRA sari-banaketan hainbat ustiategi izan dira finalista, nekazaritzaren jarduera-eremuan 6 eta abeltzaintzaren jarduera-eremuan 5, beren maila teknikoagatik, ekonomikoagatik eta baliabideen kudeaketa iraunkorra egiteko ekoizpen-metodoengatik gailendu direnak.

Ustiategi horietan era guztietako enpresa-jarduera eta -profil ikus ditzakegu, 110 urte bete dituen enpresa familiar batetik hasita bost urteko jardueraren ostean beren proiektuak egonkortzea lortu duten ekintzaileetaraino. Baita familiaren enpresa-proiektuarekin jarraitzeko langile berriak eta ustiapen historiko baten lekukotza hartzen duten besteren konturako langileak ere. Hauek dira urteko baserritar bikainak:

 

IÑAKI BRINGAS – Abeltzaintza Ataleko Lehen Saria

Iñaki Bringasek untxi-ustiategi bat du Karrantzan. 2012an ekin zion jarduerari, sektoreko beste enpresa batean lanean aritu eta gero, eta bost urte bete ditu dagoeneko.
Haren ekoizpen-ereduaren barruan, klimatizazio-sistema batek baserria tenperatura egokian mantentzen du eta horrek animalien erosotasuna bermatzen du.
Urtero, 105.000 kg untxi baino gehiago komertzializatzen da Euskal Untxia markaren pean.

 

“LAS CANDELAS” LANDETXEA – Abeltzaintza Ataleko Accesita

Borja Sierra eta Ikerne Ibañez dira frisiar arrazako esnetarako behien ustiategi honen titularrak, Karrantzan. Borjak 2005ean sortu zuen ganadutegia, haren osaba Cándidok hasitako ibilbideari jarraipena emateko, erretiroa hartu zuenean. Ikerne 2016an sartu zen.
Landetxe modernoa da, eta animaliaren ongizaterako ekipamendurik aurreratuenak ditu. Urteko esne-produkzioa 700.000 litrotik gorakoa da, kalitate bikainekoa. Kaiku kooperatibaren bazkide da, eta hari hornitzen dio ekoizpen osoa.

 

“LA SEQUILLA” LANDETXEA – Abeltzaintza Ataleko Accesita

Limusin arrazako haragitarako behien eta Basatxerri basoko txerrien ustiategi moderno bat da, Muskizen dagoena. Tisla eta Alfonso Fernández dira ustiategiaren jabeak, eta harategia ere badute, Encarniren eta Álvaroren ardurapean dagoena.
Harategiak aurten egin du bere 110. urtemuga, eta duela gutxi birmoldatu dute. Haren bitartez komertzializatzen dute ekoizpen osoa. Online salmenta-kanala ere badute, Artecarne.com. web-orrian.
Abereek Euskal Okela Adierazpen Geografiko Babestua dute.

 

JUANA FISURE – Ekinaren Ekinez Saria

Juana Bizkaiko herri batean jaio zen duela 59 urte, abeltzainen familia batean. Oso gazte hasi zen gurasoei eta anaiei landa-lanetan laguntzen. Irakasle-ikasketak egin zituen, eta ikasketak amaitzear zegoela, 80ko hamarkadan, ama bat-batean hil zitzaion. Orduan, baserrira bueltatzea eta haren agintea hartzea erabaki zuen.
Harrezkeroztik, senideen zainketa eta baserriko lanak bateragarri egin ditu. Azken horiek Manuel, Carmelo eta Francisco anaiekin partekatzen ditu, baserriaren enpresa-kudeaketa eta txahalen hazkuntza nagusiki. CB HMNOS FISURE ustiategia frisiar arrazako eszenarako behien ustiategi bat da. Karrantzan dago, eta animalien ongizaterako ekipamendurik modernoenak eta duela gutxi handiagotutako jezteko gela bat ditu. Urteko esne-produkzioa 1.600.000 litrotik gorakoa da, kalitate bikainekoa. Kaiku kooperatibaren bazkide da, eta hari hornitzen dio ekoizpen osoa.

 

“MARIBEL” LANDETXEA

Manuel Tellería eta Maribel Herboso dira Karrantzan dagoen frisiar arrazako behi-aziendaren ustiategi honen titularrak. Landetxeak animalien ongizaterako ekipamendu modernoak eta jezteko ekipo robotizatuak ditu. Guztira, 77 behi heldu ditu, eta aurrerakoen hazkuntza ere egiten du, kalitate genetiko bikainarekin. Urteko esne-produkzioa 850.000 litrotik gorakoa da, kalitate bikainekoa, eta ekoizpen osoa Reny Picot industria asturiarrari hornitzen dio.

 

BARRASKIBIDE-OILOBIDE LANDETXEA

Ainhoa Álava da Urduñako ustiategi honen arduraduna. 2006an, gurasoen baserrian geratzea erabaki zuen, eta onibar eta abere guztiak ekologikoan jartzea.
2007an, barraskiloak gizentzeko lehenengo landetxea jarri zuen Bizkaian, Euskadin barraskilo ekologikoak ekoizten zituen bakarra. 2012an, 3000 oilorekin, arrautzen ekoizpen ekologikorako OILOBIDE landetxea sortu zen. Egun, oilo-haragian oinarritzen den proiektu berritzaile batean murgilduta dago, balio erantsi handiko produktu berriak lortzeko asmotan.

 

CB ALTZA – Nekazaritza Ataleko Lehen Saria

Bi senar-emazte hauek dira ustiategiaren kideak: Angel Ureta eta Ruth Cámara eta Remi Ayesta eta Angélica Noval. Duela 30 urte lurpean barazkiak ekoizten hasi ziren, baina 13 urtetik hona apaingarritarako landareen ekoizpenean dihardute esklusiboki, 18.000 m2-ko azalera batean, Mungian eta Fikan. Haien lorezaintza modularraren atala aipagarria da, hots, haiek diseinatu eta fabrikatzen dituzten lore zotalak eta esekitako jardineretarako egiturak, patente erregistratuarekin. Ustiategiak hainbat aitorpen irabazi ditu, baina Guggenheineko Puppy beren loreekin jantzita egoteak bereziki harro sentiarazten ditu.

 

GERMINADOS KIMUAK – Nekazaritza Ataleko Accesita

Begoña Loizagak Kimuak enpresa sortu zuen 2009an. Garbia, ekologikoa eta berria izango zen zerbait produzitzeko ideia buruan zebilkiola, kimuen munduarekin topo egin zuen ustekabean. Krisi bete-betean sortuagatik, kalitatezko produktu gisa ospe handia lortu du. Kimu eta ernamuin freskoak ekoizten ditu gehienbat, baina haziak, ernamuintzekoak, laborantza-kitak, etab. komertzializatzen ditu, nork bere ernamuinduak ekoizteko aukera izan dezan. Datorren urtean eskaintza zabalduko du, gaur egun merkatuan ez dauden ernamuinduekin egindako produktu berriekin. Urtero 100.000 ernamuindu- terrina inguru ekoizten ditu.

 

RADU TOMA UNGUREANU – Nekazaritza Ataleko Accesita

Radu Toma ekintzailea da, eta duela 2 urte Bermeon tradizio handiko nekazaritza-enpresa bat zuzentzea eta kudeatzea erabaki zuen, enpresa horretan bertan 5 urtez baino gehiagoz lanean aritu eta gero.
Ustiategiak 2.800 m2-ko kapera anitzeko berotegia du, zeinetan Jack barietateko tomatea ekoizten duen. Ekoizpen integratuaren ziurtagiria dauka. 6 tunel eta 2.000 m2-ko hazitokia ditu, ilarrak, babak eta kuia zuria landatzeko. 2018an, ustiategia zabaldu du eta 1.200 m2 tunel gehitu dizkio, urazen ekoizpenerako, eta 5.000 m2-ko kanpo baratzea prestatzen ari da tipula gorria hazteko.
Batik bat salmenta-kanal hauek ditu: BM, Mercabilbao, ustiategia zuzenean eta/edo Internet.

 

GORRONDONA UPATEGIA – BENTALDE SL

Julen Frias, Itziar Insausti, Andoni Sarratea eta Egoitz Insausti izan ziren proiektuaren sustatzaileak, duela 22 urte. 1998an, Bakion dagoen XV. mendeko baserri baten jatorrizko upategia berregokitzea erabaki zuten, eta ekipo eta teknologia berriak sartzea gure barietateak ahalik eta errespeturik handienarekin tratatzeko.
Ibilbide horretan mahastiaren azalera eta ekoizpena handiagotu dituzte. Abangoardian beti, aitzindariak izan ziren txakolinaren, destilagailuen eta apardunen lanketan egurra erabiltzen. Duela gutxi mahastietatik ateratako legamia-bankua sortu dute, ardoei nortasun berezia emateko.

 

TALLERI S. Coop. UPATEGIA

Bizkaiko lehenbiziko txakolin-kooperatibarik handiena da. Ardo-ekoizle txiki batzuk sortu zuten, goi mailako produktua sortzeko helburuarekin: Bitxia Txakolina. Berriki eraikitako upategi hau, instalazio modernoekin diseinatuta dagoena, Morgan dago. Kooperatibak 23 mahasti hektarea ditu. Upategia, osotara 1300 m² dituena, bi solairutan banatzen da, eta 5000- 20000 litro edukierako altzairu herdoilgaitzezko 30 andeletan 300.000 litro egiteko ahalmena dauka.
Halaber, enoturismoa sustatzen dute, eta Morgako instalazioetara bisita anitz antolatzen dituzte bai turistentzat bai interesa duen ororentzat.