Lorrak bere lehenengo berdintasun-plana ezarri du

LORRA, nekazaritza eta abeltzaintzako zerbitzuak eman ohi dituen erakundea, bere lehenengo berdintasun-plana ezartzen hasi da. Horren bidez, aurrera egingo du erakundeak bere baitan emakumeen eta gizonen artean benetako berditasuna lortzeko. Izan ere, aspalditik ari da LORRA helburu hori lortzeko lan egiten, Garapen Jasangarrirako Helburuekin hartu dituen konpromisoekin eta lehen sektorean erreferente izateko asmoarekin bat etortzeko.

Orain dela urte bete hasi zen prozesua, zuzendaritzaren konpromisoa izanda, eta ondoz ondoko faseen arabera garatzen ari da. Lehenik eta behin, berdintasun-batzordea sortu zen, eta horren sei kideak plana ezarri, jarraitu, ebaluatu eta aztertzeaz arduratzen dira, baita LORRAko talde guztiak parte hartzen ari direla egiaztatzeaz ere. Ondoren, berdintasun-planaren antolaketaren diagnostikoa eta diseinua egin ziren. Maiatzean onartu eta ezartzen hasi zen, eta gaur egun, badago martxan.

LORRAren I. Berdintasun Planaren helburu orokorrak hauek dira: emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko hasitako prozesuaren jarraipena bermatzea, eta erakundean –presentziari, ordezkaritzari  eta erabakitzeko egiturei dagokienez– emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatzea. Era berean, berdintasuna enpresaren kudeaketan zeharkako bektore gisa txertatzeko eta berdintasun-gaietan sektoreko nahiz inguruko enpresen eredu izateko asmoa ere badago.

Hori guztia lortzeko, hainbat arlotan jardungo da. Neurri orokorrak ezartzen lan egingo da, hala nola sentsibilizatu, prestatu eta komunikatzeko, baita bezeroengan eta enpresa hornitzaileetan ere. Halaber, alderdi kritikoei jarriko zaie arreta, esaterako, lana eta familia bateragarri egiteko modu erantzunkideari eta denboraren erabilerari, langileak hautatzeko, sustatzeko eta sailkatzeko prozesuei, soldata-politikari, laneko arriskuak genero-ikuspegitik prebenitzeari eta lan-arloan jazarpen sexual eta sexista prebenitzeari.

Plan horrek 38 ekintza barne hartu ditu guztira. Ekintza bakoitzaren helburu orokorrak eta berariazkoak zehatz-mehatz aztertu dira; izan ere, epe eta egunen arabera planifikatu da plana, behar bezala burutzeko, eta horretarako behar diren baliabide materialak nahiz giza baliabideak zehaztu dira, eta helburuak betetzeko dagozkien adierazleak hartu dira kontuan.

Plana ezarri ondoren, emaitzak ebaluatu eta zeharkako neurriak jarriko dira, planaren jarraipena bermatzeko, barne- eta kanpo-komunikazioko ekintzen eta langileak prestatzeko eta planaren jarraipena egiteko ekintzen bitartez.

Bizkaiko nekazaritzako elikagaien elkartze-mugimendua biltzen duen eta 4.000 profesional baino gehiago elkartzen dituen erakundea denez, LORRAren asmoa da sektoreko jardunbide aurreratuen artean kokatzea, sektorea emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bermatzeko erronkari erantzuteko mugitzen ari baita.

LORRAko teknikari eta Berdintasun Batzordeko kide Laura Menorek  honela laburtu du planaren zerizana: “Gure erakundearen funtsezko ardatz gisa onartu dugu. NBEk Garapen Jasangarrirako Helburuetan adierazi duenez, genero-berdintasuna oinarrizko giza eskubidea ez ezik, mundu baketsu, oparo eta jasangarria eraikitzeko behar-beharrezko zimenduetako bat ere bada”.