Irabazi-asmorik gabeko lehen mailako kooperatiba bat da, eta haren bazkideen artean ditu erakunde juridikoak (nekazaritza-ekoizleen eta abeltzainen elkarteak, pentsu-ekoizleen nekazaritza-kooperatibak, nekazaritza-produktuen merkaturatzailea eta hornikuntza) eta erakunde laguntzaileak (gure kasuan, Laboral Kutxa).
Duela 30 urte, CANDIDO ITURRIAGA FUNDAZIOAREN laguntza finantzarioari esker, 1986ko azaroaren 6an lau elkartek —ACOL (Bizkaiko Latxa eta Karrantza Arrazetako Ardi Hazleen Elkartea), AFE (egun BIFE – Bizkaiko Frisoi Elkartea dena), BIHOEL (Bizkaiko Ortuzainen Elkartea) eta BASERRIKO ESNEA (baserriko esnea merkaturatzeko elkartea)— sozietate kooperatiba honen eraketa-akta sinatu zuten. Gaur egun, 30 urte beranduago, 42 bazkide ditugu (34 elkarte, 7 kooperatiba eta 1 bazkide laguntzaile), eta gure proiektuak euren jardueran profesionalizatu nahi duten Bizkaiko 4.000 ekoizle baino gehiago biltzen ditu, besteak beste:
Esne-behien eta haragitarako behien abeltzainak (tokiko zein kanpoko arrazak), artzainak, ahuntzainak, untxizainak, hegaztizainak, zaldizainak (astoak, pottokak, haragitarako zaldiak eta aparteko arrazak), ortuzainak, frutazainak, txakolingileak, nekazaritza ekologikoko ekoizleak, sagardogileak eta basoginak.
Horregatik eta Bizkaiko lehen sektorearentzat lanean emandako 30 urteen bermearekin, hurrengo lerroetan gure ibilbidea gogora ekarri nahi dugu, eta, zuoi, bazkide, langile, babesle, laguntzaile eta adiskide estimatu, zuena ere baden historia hori labur aurkeztu.
30 urteotan, LORRA Koop.-ek helburutzat eduki du bazkidetutako erakunde juridikoen jarduerak hobeto garatzeko euskarria izatea eta gure bazkideei zerbitzu teknikoak, ekonomikoak eta administratiboak eta euren produktuak sustatzeko laguntza ematea. Zerbitzu horiek guztiak gure bazkide diren erakundeei, Bizkaiko nekazaritza-ustiapenei eta Lurraldeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioei zuzentzen zaizkie.
Urteotan, hiru kokaleku desberdin eduki ditugu. Hasieran, Derion eta Galdakaon izan genuen egoitza, eta 1992az geroztik, zentro bakarrean dihardugu, Bizkako Foru Aldundiak LORRAri eta sektoreetako elkarteei Lezamako Garaioltza auzoan lagatako lokal batean.
Gure erakundeak forma juridiko kooperatiboa duenez, Bazkideen Batzar Nagusia da organorik gorena. Kontseilu Errektorea lau urtean behin hautatu eta/edo berritzen da, eta sozietatearen estatutuak betez, 12 ordezkari aukeratzen dira, bazkide diren 42 erakunde juridikoetatik. Estatutuak betez, aholkulari juridiko bat dugu, eta kooperatibaren kontuak kanpo-ikuskapen baten bidez formalizatzen dira.
Gure Kontseilu Errektorearen eta haren zuzendariaren funtzioa eta erantzukizuna dira enpresaren misioa, ikuspegia eta filosofia proposatzea, garatzea eta egokitasunez kudeatzea, gure balioak betez, jarraitu beharreko estrategia zehaztuz eta dagozkion ekintza-ildoekin eta -planekin garatuz. Pertsonetan oinarritutako kudeaketaren bilakaeraren eta garapenaren emaitza gisa, 2010etik kudeaketa-organo horrek Zuzendaritza Batzorde osagarri ofizial bat du, “Kontseilutxoa” deitzen duguna, eta lehendakariak, zuzendari gerenteak (sozietatearen gobernu-organoen izenean), langileen ordezkariak eta enpresako prozesuen 5 arduradunek osatzen dute.
LORRAk uste du haren aktibo nagusia erakundearen giza taldea dela, eta, horri dagokionean, XXX. URTEURREN honetan jada enpresa heldua den arren, gaztea izaten jarraitzen du. Izan ere, osatzen duten 29 pertsonek (16 gizon eta 13 emakume) 45 urteko adina eta 15 urteko antzinatasuna dituzte, batez beste.
Aitorpenei dagokienez, 1992an formalizatu genuen gure lehen hitzarmena BFAren Nekazaritza Sailarekin (oraindik ere mantentzen duguna), eta, orduz geroztik, administrazio horren Erakunde Laguntzailea gara, Bizkaiko lehen sektoreari zerbitzu emateko xedez.
Eusko Jaurlaritzari datxekionean, nahiz eta gure zerbitzuak kontratupean ematen ditugun, Euskal Nekazaritzako Kontabilitateko Argibide Sareari datu estatistikoak ematen dizkiogu, enpresa gisa sortu ginenetik, eta 2007an, lehen sektorearentzako Aholkularitza Erakunde gisa aitortu gintuzten, europar araudiari jarraiki.
Bikaintasunerako konpromisoaren arloan, BFAren Sustapen Ekonomikoaren Sailaren PREMIE saria lortu genuen 2005ean, bai eta 2009an berritu ere. 2010ean EUSKALITen laguntzaile bihurtu ginen, eta gure lehen kanpo-kontrastea egin genuen. Hurrengo urtean, Bikaintasunerako Konpromisoaren Diploma lortu genuen, eta 2013an berritu. Enpresaren Gizarte Erantzukizunari dagokionez, BFAren Sustapen Ekonomikoaren Sailaren XERTATU-ADI programa sartu genuen 2008an, eta, hala, Enpresaren Gizarte Erantzukizunerako konpromisoa LORRAren kudeaketaren parte bilakatu zen.
Azkenik, abagune hau aprobetxatuz, hasi berri den 2016 honetan eta ospatzen dugun onomastika dela medio… gure aitorpenik eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei, baserritar, nekazari, abeltzain, elkarte, kooperatiba, sindikatu, administrazio (politikariak eta langileak), lurraldeko eta lurraldez gaindiko nekazaritza-erakunde, bezero, hornitzaile, lagun zein laguntzaile, eta batez ere gure langileei. Horrez gain, bidean utzi gaituztenak gogora ekarri nahi ditugu, eta baita ere 1986ko azaroaren 6an jaio zen sozietate-proiektu honetan, LORRAn, hain zuzen, parte hartzen duten eta hura ahalbidetzen duten pertsona guztiak. Gaur, 30 urte geroago, 34 elkartez, 7 kooperatibaz eta bazkide laguntzaile batez osatutako proiektu egonkorra da, proiektuarekin engaiatuta dauden 29 langile ditu, eta haren lehen hogeita hamar urteak egin berri ditu Bizkaiko lehen sektoreari zerbitzu ematen eta sektorearen beharrak asetzen. Mila esker guztiei 30 urte hauengatik. Lanean jarraituko dugula hitzematen dizuegu…
Sin.: Martín Uriarte Zugazabeitia
LORRA Koop.-en zuzendari gerentea