Resilience 4 Dairy proiektua, esnetarako behi-aziendaren sektorearen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-garapenari buruzkoa, amaitu egin da, lau urtez garapen jasangarrirako ibilbidea egin ondoren.
Horizonte 2020 Europako proiektuak diruztatu du, eta 2021eko urtarrilean jarri zen abian. Europako 15 herrialdetako 18 erakundek parte hartu dute horretan, sektorearen etorkizunaren gidari diren jardunbide egokienak jorratzeko. Euskadiko LURSAILek parte hartu dun, LORRA S. Coop. sozietatearen bitartez, proiektuari atxikitako bazkidea baita, ABERE, LURGUINTZA eta ABELURen laguntzarekin.
Proiektua uztailean itxi zen, Rennes hirian (Frantzia), hainbat herrialdetako (besteak beste, Alemania, Belgika, Danimarka, Eslovenia, Finlandia, Frantzia, Italia, Luxenburgo eta Herbehereak) 100 pertsona inguruk baino gehiagok –teknikariak, abeltzainak, ikertzaileak eta gizarteko hainbat pertsona ezagun– antolatutako azken bidaiaren esparruan.
Bretainian egindako azken ekitaldi horretan, batetik, abereen ongizatea hobetzeko, biodibertsitatea handitzeko, berotegi-efektuko gasen isurpenak gutxitzeko edo ingurumen-aztarna murrizteko teknika eraginkor eta berritzaileenetan sakondu zen; bestetik, jardunaldi interesgarri bat antolatu zen, gizarteari proiektuaren ondorioak eta ibilbidea ezagutarazteko. Hala bada:
- Abeltzaintzako ustiategien behar espezifikoekin eta gizartearen itxaropenekin lotutako jardunbide egoki batzuk ezarri dira.
- Abeletxe batzuen efizientzia teknikoa eta ekonomikoa, erresilientzia soziala eta bertako baliabideen erabilera hobetu ahal izan dira, hainbat dinamikaren bidez.
- Gizartearen itxaropenak (besteak beste, ingurumenari edo abereen ongizateari dagokienez) betetzen dituzten nekazaritza-sistemak sustatu ahal izan dira.
- Abeltzainen sare sendoa sortu da, proiektua amaitu ondoren ere iraun dezan.
Euskadiko erakundeen ekarpena
Aurreko guztia lortzeko, R4D proiektuak zenbait mailatan lan egin du: esaterako, ustiategietatik bertatik konponbideak bilatu dira eta prestakuntza-saio presentzialak eta telematikoak antolatu dira.
Halaber, erakunde parte-hartzaileek Euskadira bidaiatu zuten apirilean, eta Lursail sozietateak jardunaldi batzuk antolatu zituen. Proiektuaren manager-ek gainerakoen gainetik nabarmendu zituzten jardunaldiak, bai ustiategien kalitateagatik, bai antolamenduagatik, oro har.
Euskadiko lantaldeak proiektuaren helburuei egin dien ekarpena Europako Erkidegoko sektorearen etorkizuneko irtenbide batzuen adibide izan daitezkeen jardunbideetan oinarritu da batik bat. Eta, halaber, sektorearen ikuspegia jakinarazi du; izan ere, sektorea, askotan, klimak, lurrik ezak eta orografiak baldintzatzen badute ere, azken urteotako asoziazionismo eta teknifikazio maila altuak zailtasun horietatik indarra atera du, sektore moderno, jasangarri eta, azken batean, oso garatu bihurtuta.
Lau urteko ibilbidea
Proiektuaren hasieratik bertatik, bilerak eta workshop-akantolatu dira, eta, era berean, bidaiak egin dira herrialde hauetako landa-eremuetara, hainbat ekoizpen, errealitate eta egunerokotasunean gertatzen diren zailtasunei aurre egiteko moduak eta sektorearen erresilientzia ezagutzeko: Katalunia, Milan (Italia), Lille (Frantzia), Flandria (Belgika), Debrecen (Hungaria), Liubliana (Eslovenia). Horren bitartez, aurrerapausoak eman dira proposatutako eta aztertutako hainbat irtenbide praktikan jartzeko.
100 jardunbide onenak
Ezagutza eta esperientzien truke horren ondorioz, R4D proiektuak Erabakien Arbola deritzona sortu du, abeltzaintzako ustiategietara bideratua. Hobetzeko neurriak praktikan jartzeko online tresna gisa sortu da, galdera honi erantzuteko asmoz: nola egin nire ustiategia erresilienteago? Arbola horretan 100 jardunbide onenak bildu dira, hiru arlo hauetan sailkatuta: erresilientzia ekonomikoa eta soziala, efizientzia teknikoa eta abereen ongizatea, eta ingurumena. Nabigazio erraz eta intuitibo baten bidez, jorratu beharreko gaia zehazten da, eta jardunbide bakoitza eskuratzen. Jardunbide horiek informazio-fitxa eta bideoak dituzte. Informazio guztia proiektuaren webgunean eta YouTube kanalean dago eskuragarri.