Kooperatiba berria sortuko da, LURSAIL, eta hori 2026an jarriko da martxan, Euskadiko lehen sektoreko erakunde eta eragile gehienen laguntzarekin.
Ekainaren 30ean, ABERE eta LORRA kooperatiben batzarrek, ABELUR kooperabibarekin batera, Euskadiko nekazaritza-ustiategi guztientzat erreferentzia izango den nekazaritza-aholkularitzako zentro bakar batean bat egitea onartu zuten.
Hala, hiru kooperatibetako kudeatzaileak, Martín Uriarte (Lorra), Jesús María Lete (Abelur) eta Natividad Urartk (Abere) eta presidenteak, Juan Luis Irazola (Lorra), Imanol Arrieta (Abelur) eta Juan Félix Zurimendi (Abere), pozik agertu dira Euskadiko lau Nekazaritza Administrazioen bultzadari esker 2021ean hasitako prozesu luze baten ondoren lortutako konpromisoarekin.
Horiek guztiek eskerrak eman dizkiete KONFEKOOPi eta Consultora B+I aholkularitza-enpresari, prozesuari lagundu izanagatik, baita sektoreko erakunde eta eragile gehienei ere, hura babestu izanagatik.
Prozesua ez da oraindik amaitu, eta horren sustatzaileen berbetan, “bat-egiteko prozesua konplexua eta luzea izan da –lau urte baino gehiago iraun du–, hainbat eredu kooperatibo eta antolakuntza- eta kudeaketa-rol bateratzeak ondorio ugari zekartzalako. Aholkularitza-enpresarekin 60 bilera baino gehiago izan ditugu, 700dik gora mezu elektroniko bidali ditugu eta dei ugari egin, eta batzar askotara bertaratu gara. Autonomia-erkidegoen aholkularitza-sistema guztiak aztertu dira, baita Europar Batasuneko hainbat Estatu eta herrialdetan funtzionatzen dituzten egiturak ere; emandako zerbitzu onenak eta kudeaketa-jardunbide onenak aztertu dira, zentro berriaren bideragarritasunari buruzko prospekzio ekonomikoak egin dir, eta, azken buruan, oinarriak jarri dira XXI. mendeko lehen euskal sektorearen profesionalizazioan eta garapenean erreferente eta funtsezko pieza izan nahi duen kalitate goreneko zentro bat abian jartzeko”.
Egitura berria
Hauek izango dira hurrengo urratsak: kudeatzaile bat kontratatuko da, arloak, zerbitzuak eta plantilla egituratuko dira, kooperatiben erregistroan erregistratuko eta formalizatuko da, estatutuak eta gobernantza taxutuko dira, egoitzak egokituko dira –egoitza ofiziala Arkautin ezartzea aurreikusi da– eta 2026ko udaberrian erabateko eraginkortasuna lortzeko beharrezkoak diren behar besteko jarduerak egingo dira.
Hortaz, asmoa da aholkularitza-erakunde ofizialtzat har dadin, egiten ari den dekretu berriaren arabera, eta Euskadiko lau Administrazioek bertan aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeko aurreikusitako lizitazioan parte har dezan. Hiru kooperatibek zentro berriaren indarguneak azpimarratu dituzte: “Sinetsita gaude prozesutik aterako den zentro berria etorkizuneko erreferentzia izango dela sektorearentzat, bereizten gaituzten hurbiltasuna eta lurraldetasuna galdu gabe etaaholkularitza-zerbitzuen zorro askoz zabalagoa izateko, gaitasun teknikoa indartzeko, tarifak homogeneizatzeko, ustiategi eta elkarte gehiagori arreta emateko gaitasuna izateko, erakundeei zerbitzu hobea emateko ahalmena edukitzeko eta gure langileei lan-baldintza eta -ordainsari hobeak emateko; horrela, teknikari onak geureganatzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera izango dugu”.