LORRA sozietate kooperatiboa eta Arteman Komunikazioa komunikazio-agentzia (Aretxabaleta) saritu egin dituzte, Estatuan abereen lehenengo online enkantea egiteko web-plataforma –gertaera gogoangarria, lehen sektorearentzat– garatu izanagatik. Izan ere, krisi global bati aurre egiteko negozio-eredu arrakastatsu berritzat hartu da webgune hori; era berria izan da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietara oso ohituta ez daudenentzat, eta lehen sektoreari aldaketa handia ekarri dio.
Abereen enkantea online egiteko plataforma horrek hainbat sari jaso du: azkena, lehen sektorearen Diariovasco.com saria, baita Euskaliten Jardunbide Egokien Saria ere krisialdi bati azkar erreakzionatu izanagatik, eta Estatuko Bikaintasun Zentroek antolatu ohi duten CEX 2021 Sariko saridun izateko hautagai izan da.
Plataforma hori 2020ko apirilean garatu zen, konfinamendu betean, eta inflexio-puntua izan zen abeltzaintza-sektorean, orduan indarrean zeuden COVIDaren aurkako neurrien ondorioz ohi bezala burutu ezin zen negozio bati erantzuna emateko. Harrezkeroztik, abeltzaintzako erakunde eta abeltegi askok egin dute online enkanteen formularen aldeko apustua. Halaber, hark oihartzun handia izan du gizartean.
Artemanek eta Lorrak elkarrekin sortu dute konponbide hori, Euskadiko eta hortik kanpoko erakundeen zerbitzura. Enkanteak izandako onarpenak hasierako aurreikuspenak hobetu ditu, saldutako abere-kopuruari, salerosketa- eta fakturazio-kopuruari, kostuak aurrezteari, parte-hartzaile kopuruari, entzutearen emaitzei eta bezeroaren eta hornitzailearen (Lorra-Arteman) arteko harremanari dagokienez.
Aurreikuspen guztiak hobetu dira
Izan ere, 2020ko apirilean egindako online enkante hartan aurreikuspen guztiak hobetu ziren: salgai zeuden abereen % 50 saltzea zen helburua, eta % 83 saldu ziren. 2020. urtean, enkantean jarritako abereen % 84 saldu ziren, eta abere bakoitzaren online eskaintzen prezioaren batezbestekoa igo zen, eta horrek eragina izan zuen fakturazioan. Lehen urte hartan, online enkante bidez, 133.238 euro gehiago fakturatu ziren, eta salmenta-kopurua % 43 igo zen.
Sistema horrek, halaber, abantaila ugari ekarri die enkantean esku hartu dutenei, eta joan-etorrietan aurrezteko aukera ere; ondorioz, salerosketaren eremu geografikoa hedatu egin da, hala nola Galiziara edo Andaluziara iritsi baita, Portugalera ere, zeinetara aurrez aurreko enkantearen bidez iristen ez zen.
Enkantearen parte hartzaileen kopurua ere izugarri handitu da, zuzeneko enkantearen esparruan parte hartzaile kopuru gutxiago sartzen baita, eta hori enkantearen emaitzetan eta eraginean nabaritu da.
Sektorearentzat, abereen enkantea online egiteko plataformak arrakasta itzela lortu du. Izan ere, beste abeltzaintza-ustiategi batzuen eskura jarri da, beren enkante birtualak pertsonaliza ditzaten.