Munduko Landaguneak gazte nekazariei buruzko azterlanaren ondorioak aurkeztu ditu
Munduko Landaguneak (FRM/WRF/ML) gazte landatarrei buruzko azterlanaren ondorioak aurkeztu ditu, gazteak landa-ingurunean iraunarazi eta garatzen eta haien bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketen tresnak ezagutarazteko.
Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak 2021erako gazteen esparruan programak eta jarduerak garatzeko abian jarri dituen laguntzen deialdiaren finantzaketari esker egin da azterlan hori.
Lau fasetan burutu da. Lehenengoan, Txileko, Australiako, Kanadako, Uruguaiko eta EBko politika publikoen azterketa konparatiboa egin da. Bigarrenean, sektorearen etorkizunerako gomendioak eman dira. Hirugarrenean, elkarrizketak egin zaizkie funtsezko eragileei, eta azkenengoan, ondorioak atera dira.
Zahartzea eta despopulatzea, guztien kezka
Politika publikoen azterketa konparatiboan agerian jarri da azken urteotan horrelako politikak sortzea eragin duten arrazoiak bat datozela proiektu askotan: sektorearen zahartze bizkorra, landa-eremuen despopulazioa eta abandonua, datozen hamarkadetan presio demografikoak gora egingo duela edo sektoreak pandemian izan duen egoera larria, besteak beste.
Oro har, aztertutako politikak sortu berriak dira; izan ere, gehienek ez dute 10 urte baino gehiago, eta aldian-aldian egiten dira, urtean behin. Programa pilotu batzuk amaitu egin dira edo ez dute jarraipenik izan.
Finantzaketa eta prestakuntza praktikorako politikak
Aztertutako herrialdeetan, gazte nekazariei laguntzeko politika publiko gehienek finantzaketan eta prestakuntzan jarri dute arreta.
Era berean, beste proiektu-mota batzuk daude, esaterako, erakundeek kolektibo horri laguntza ematen dietenak, hura agerian jartzen dutenak eta hari ordezkaritza ematea xede dutenak. Halaber, neurri txikiagoan bada ere, lurrak eskuratzeari eta emantzipazioa errazteari buruzkoak.
Proiektu gehienak lehenago esandako herrialdeetako Nekazaritza Ministerioek eta Sailek –Administrazio Zentralaren menpeko direnak– sustatu eta gauzatu dituzte.
Prestakuntza-proiektuen xede nagusia da trebetasun praktikoak irakastea eta garatzen laguntzea; horien helburua da, batez ere, lan-mundurako sarbidea sustatzea, errentagarritasuna bermatzea eta nekazari gazteen artean ekintzailetza sustatzea. Era berean, enpresa-kudeaketari buruzko ezagutza sustatzen da.
Finantzaketari dagokionez, politikak ekintzaletzari laguntzen diote gehienbat, dirulaguntza, kreditu edo beken bitartez. Politika batzuek ingurumenaren gaineko irizpideak eta eskakizunak kontuan hartzen dituzte, eta lehen sektorean jardunbide jasangarriak eta berrikuntza, nekazaritza-teknika berriak eta teknologia berrien erabilera sustatu eta saritzen dituzte.
Euskadiko gazte landatarren beharrak
Euskadin elkarrizketatu diren eragileei esker, balorazio orokor batzuk ondoriozta daitezke egungo egoeraz eta geroko proposamenez. Horietako lehen ondorioa: kezka handia dago EAEko nekazaritzako zahartzeaz, ordezko faltaz eta aktiborik ezaz, eta lehentasunezkotzat jotzen da arazo horiei ekitea sektorearen etorkizuna bermatzeko. Hortaz, nekazaritzan lan egiten dutenen balioa aintzat hartu beharra dago, eta, horretarako, elikakate guztian bidezko prezioa bermatu.
- Agerikotasuna eta entzutea
Nekazaritzak ez du entzuterik. Ingurumen eta lurraldearen antolaketan duen garrantzia ageriko egin eta baloratu beharra dago. Beraz, sektoreko eragileek ilusioa sortu eta ekonomi jarduera baten eta bizi-kalitatearen hornitzaile den sektore gisa identitatea ezagutarazi nahi dute.
- Errentagarritasuna
Politika publikoek ustiategien errentagarritasuna handitzen lagundu behar dute, eta, horretarako, landa-garapena eta nekazaritzaren etorkizuna bermatu.
- Finantzaketa
Finantzaketa- eta prestakuntza-politikak garatu eta aintzat hartzen dira gehien Euskadin. Ustiategiek dirulaguntzen mendekotasun handia dute oraindik, eta haiek ustiategi-motara gehiago egokitu behar direla uste da.
- Prestakuntza
Nekazari gazteei laguntza ematerakoan aholkularitza osoa eta talde-lana behar direla azpimarratu da. Prestakuntza-arloan, prestakuntza praktikoagoa nabarmendu da, enpresen kudeaketarekin lotura handiagoa duten eremuetako prestakuntzarekin elkartuta; eta, gainera, prestakuntza eta laguntza jarduerari ekitean ez ezik, nekazaritza-jarduera osoan zehar ere eman behar direla. Bereziki nabarmendu da beste lurralde batzuetan eman daitekeen prestakuntza, hala nola bisiten eskutik edo beste erkidego eta herrialde batzuetako esperientzien eta beste lurralde batzuetako praktiken bitartez.
- Belaunaldi-ordezkapena sustatzea
Kezka handia dago ustiategien ordezkapenaren arazo larriagatik, eta, hortaz, funtsezkoak dira ordezkapena finantzatzeko laguntzak eta transferentzia planifikatzeko programak. Egun badauden programei buruzko iritzia ona bada ere, ordezkapena errazteko modu berriak behar direla azpimarratu da, epe luzeagoko ikuspegi batetik eta mundu landatarretik kanpoko ekintzaileak erakarri nahian.
- Teknologia berrien erabilera
Pixkanaka, teknologia berriak sartzen ari dira nekazaritza-ekoizpenean. Ustiategi bakoitzera egokitutako teknologien gaineko prestakuntza eta inbertsioen sustapena garrantzitsuak izango dira etorkizunerako.
- Lurraldearen araberako sailkapena, parte hartzeko nahia eta gogoa
Azpimarratzekoa da eremu bakoitzaren premietara egokitutako eta testuinguruan kokatutako ikuspegia hartu behar dela, egileen arteko koordinazioa, parte-hartzea eta elkarrizketa hobeak izan daitezela sustatu behar dela eta gazteen artean giro lagungarria sortu behar dela. Parte hartzen duten eragile guztiek ahaleginak batu behar dituzte ilusioa sortzeko eta gogo hori benetan eta zehatz gauzatzeko tresnak errazteko.