Resilience for Dairy (R4D) proiektua osatzen duten erakundeek Euskadi bisitatu izanak aukera eman digu Europako esnetarako behien sektorea gaurkotasunaren lehen planoan jartzeko. Jardunaldi horien eskutik, herritarrei ezagutarazi nahi izan dizkiegu sektoreak egun dituen premiak, egiten ari diren estrategiak eta gure lurraldean egin ditzakegun ekarpenak, berton baititugu Europako Erkidegoko sektorearen etorkizunerako konponbideen adibideetako batzuk.
Hala, ElCorreon kazetari diharduen Alba Cárcamo gurekin izan da Karratzako haraneko El Haya-Matienzo eta Sarobe Farm ustiategiei beren berrikuntza teknikoak eta arlo sozialean lan egiteko modua ezagutzeko egindako bisitaldietan. Eta esperientzia horren emaitza El Correo egunkariak argitaratu duen erreportaje luze batean jakinarazi da. Erreportaje horretan, Europako behi-aziendaren beherakada hartu da abiapuntutzat; izan ere, Bizkaian abereen % 15,3 galdu da, eta esnetarako behi eta txahalen % 25,8.
Erreportaje horrek sektorearen kezkak jorratu ditu, hala nola lanaldien antolaketa, lan-baldintzak edo belaunaldi-erreleborik ez egotea, eta horrek azaltzen du abeltzain ogibidea erakargarriago egiteko formularik onenak aztertzeko interesa. Halaber, besteak beste, lan-baldintza onenei, esnearen kalitateari edo abereen ongizateari eragiten dieten aurrerapen eta berrikuntzak adierazi dira.
EiTBko Sustraia programako taldea gurekin etorri zen Derioko Aberekin intseminazio artifizialeko zentrora egin genituen bisitaldietara. Zentro hori aitzindaria da munduan esnetarako eta haragitarako behi-aziendaren genetika hobetzen. Soloitza gaztandegian (Arespalditza, Araba) ere izan gara; gazta freskoa egiten dute bertan beren behien esnearekin, eta 0 Km eta hurbileko banaketa-kateak dituzte oinarri. Bisitaldietan erreportaje bat grabatu zuten, eta hori telebista-programa horretan eman da.
Era berean, luze mintzatu gara gai horien gainean, Onda Vascaren Km 0, Onda Ceroren Más de Uno Álava eta Bizkaia Irratiaren Lau Haizetara irratsaioetan. Bisitaldien gaineko berria, halaber, hainbat hedabidek jaso dute –Noticias de Álava, Norte Exprés– eta sektoreko hainbat aldizkarik ere: Interempresas Vacuno de leche, Innovagri, Vacuno de Élite eta Federación Española de Asociaciones de Ganado Selecto, besteak beste.