LORRAn elkartutakook, ekitaldiari ekitean, badugu artezkaritza-kontseilu berria eta helburu berriak jarri diogu gure erakundearen eta sektorearen jarduerari. Datozen lau urteotan zuzenduko gaituen taldea Ezohiko Batzar Nagusian izendatu zen, eta batzar horretan estatutuak aldatu ziren Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Lege berrira egokitzeko (2019ko abenduaren 30eko EHAA). Lege horrek ekainaren 24ko 4/1993 Legea indargabetu zuen.
Emakume Nekazariaren Estatutua betetze aldera, ordezkaritza orekatua eman zitzaion kooperatibaren kudeaketa-organoari gizonen eta emakumeen artean. Hortaz, besteak beste, 31. artikulua (lehen, 44.a), artezkaritza-kontseiluaren osaerari buruzkoa, aldatu egin zen. Kooperatiba kudeatzeko organo arduraduna zein erakunde elkartuk osatuko zuen erabaki ondoren, kargu hauek izendatu ziren:
- LORRAko presidentetzan, Juan Luis Irazola Fundazuri, ASGAPIR (Bizkaiko Pirineaika Elkartea) elkartearen izenean.
- Presidenteordetzan: Gorka Irazabal Hidalgo, EKOLUR (Bizkaiko Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoaren Elkartea) elkartearen izenean.
- Idazkaritzan: Idoia Zarate Torrontegi, ZAMUDIO S. Coop. eta landa-kooperatiben izenean.
- Diruzaintzan: Maite Intxausti Totorikaguena, BIALKA (Bizkaiko Frutagileen Elkartea) elkartearen izenean.
- Kontseilukideak:
- Pedro Jesús Zaballa Abans, BLAE (Bizkaiko Limusin Aberezaleen Elkartea) elkartearen izenean.
- Jesús López de Foronda Ruiz de Angulo, bazkide laguntzaile LABORAL KUTXA S. Coop.-ren izenean.
- Juan Ignacio Olavarria Azpuru, BIZKAIA POTTOKA (Bizkaiko Pottokazaleen Elkartea) elkartearen izenean.
- Rosa Mª Furundarena, ITZINA (Orozkoko Abeltzainen Elkartea) elkartearen izenean.
- Ikerne Zuluaga Zamalloa eta Isabel Garate Alberdi, sektoreko kudeaketa-gaitasuna eta ezagutza dituzten teknikariak.
Talde berriak urte honetarako –aurten kooperatibaren 36 urteko ibilbidea beteko da– jarri dituen helburuak Kudeaketa Plan berrian jaso dira, zeinak azken urteotako jarduera-ildo berberak izango dituen: batez ere, zerbitzu administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak ematea Bizkaiko lehen sektoreari, horren behar espezifiko sektorialei erantzuteko eta errenta eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Halaber, LORRAn dihardugunok lan egiten jarraituko dugu Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorean aktibo berriak sartzeko eta hobekuntza eta aukera berriak bilatzeko. Erakundeak ekintzailetza-proiektu berriak monitorizatzen jarraituko du, baita I+G+b proiektuetan parte hartzen eta administrazioan lobby gisa jarduten ere, nekazaritzako profesionalen interesak defendatzeko.
LORRAko artezkaritza-kontseilu berrian Bizkaiko lehen sektoreko jarduera guztiak daude ordezkatuta, bereizgarri guztiak kontuan hartuta. Gure kooperatibak Bizkaiko lehen sektoreko elkarte profesionalak elkartzen ditu, hain zuzen, 43 bazkide eta 4.000tik gora ustiategi.