LORRAn dihardugunok jabetu gara gero eta ustiategi gehiagok dutela beren instalazioetan energia berriztagarriak jartzeko interesa, eta azpisektore horretan konponbideak enpresa askok saltzen dituztenez, zuoi laguntzeko, “alea lastotik bereizteko”, horietako batzuk hautatu ditugu, hain zuzen, saltzeaz gain, zerbitzu eta balio erantsia ekartzen dituztenak.
Hortaz, jakinarazi nahi dizuegu lankidetza-hitzarmen bat sinatu dugula ASG CONSULTORA ENERGETICA enpresarekin. Bizkaian du egoitza, eta energia- efizientziako sistema osagarriak instalatzen espezializatuta dago.
LORRA Zerbitzu Kooperatiba da, irabazi-asmorik gabea, eta gure helburua da Bizkaiko Lurralde Historikoko Nekazaritzako Elikagaien Sektoreari zerbitzu administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak ematea. ASGren eskutik, beraz, “giltza eskura” moduko energia- efizientziari buruzko zerbitzu osoa eman nahi diegu gure ustiategiei, eta, horretarako, energia-gastuaren murrizketa espezifikora bideratutako aurrezkian, jasangarritasunean eta karbono-aztarnaren murrizketan oinarritutako zerbitzu, produktu eta abantailei buruz informazioa eta aholkua eman nahi dizkizuegu.
Xede horretarako, lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren, ASGk zerbitzu osoa jarriko dizue eskura: energia-efizientziari buruzko azterlan zehatza egin eta diseinatuko du, eta kasu bakoitzean proposatutako instalazioaren baimenak, dirulaguntzak, finantzaketa eta mantentze-lanak kudeatuko ditu. Hori guztia, kalitate-estandar handienekin eta prezio lehiakor baten truke.
Energia-eskaerak konpontzeko eskura dagoen teknologiarik onenaz baliatzea da helburua, ingurumenaz arduratzen diren efizientzia handiko sistemen bidez. Horretarako, LORRAko elkartekide den eta hala eskatuko duen nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi bakoitzaren egoera aztertuko du ASGk, eta zerbitzu-aukera hauen artean konponbiderik onenak eskainiko ditu:
- Eguzki-energia fotovoltaikoa
- Minieolikoa
- Energia aerotermikoa
- Energia geotermikoa
- Biomasa
- Arkitektura
- Domotika
- Luminariak
- Kargaguneak
Horretarako, metodologia hau erabiliko da: hasierako etapan, gai horretan interesa duten nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietako instalazioak sakon eta xehe-xehe aztertuko dira, energia kontsumoa ezagutzeko. Bildutako informazioa oinarri izanda, hobetzeko aukerak antzemango dira eta zerbitzuak moldatuko dira energia-efizientzia hobetzearren. Ondoren, gaietako aditu diren partner-ekin batera proiektu pertsonalizatua diseinatuko da, kasu bakoitzera egokituta, aurrezkian, jasangarritasunean eta karbono-aztarnaren murrizketan funtsatuta.
Hauek izango dira proiektuaren prozesuaren etapak:
1.- Hitzarmenaren xede diren zerbitzuetan interesa duten ustiategiak ASGrekin jarriko dira harremanetan.
2.- ASG interesa agertu dutenekin harremanetan jarriko da bisita presentziala ala telematikoa antolatzeko.
3.- Bisitan, prozesuari buruzko zalantzak eta kezkak argituko zaizkio bezeroari, eta neurrirako, hots, bezeroaren beharretara egokitutako aurreproiektua garatzeko behar izango den informazioa bilduko du ASGk.
4.- ASGk aurreproiektua aurkeztuko du, onar dadin.
5.- Aurreproiektua onartu ondoren, ingeniariek, arkitektoek eta instalatzaileek lekuan bertan erkatzea egingo dute, azken proiektua garatzeko, ondoren, bezeroari aurkeztearren.
6.- Azken proiektua pertsona edo enpresa elkartekideari aurkezteko egun bat zehaztuko da.
7.- Azken proiektuaren proposamena onartu ondoren, instalatzeari ekingo zaio, eta eskakizunak betetzeari, dirulaguntzak kudeatzeari…
ASGk hiru aurrezki-mota hauek sortzen ditu:
- Ekonomikoa; nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien energia-gastu finkoetan eragina izango baitu.
- Karbono-aztarnaren gainean; ingurumen-aurrezkia, etikoki eta moralki pertsona eta enpresa guztiek izan beharko luketena.
- Irudi korporatiboa; hori ez da aurrezki nabaria; hala ere, ondo erabiltzen bada, ustiategiak balio berria lortuko du. Marketinari begira, jasangarritasun-irudia emango du.
Dirulaguntzak kudeatzeari dagokionez, ASGk erakundeen indarreko dirulaguntzen berri eta aholku emango du, eta horiek GUZTIAK lortzeko kudeaketa eta izapide guztiak egingo ditu.
Halaber, pertsona edo enpresa elkartuei lagunduko die ASGk finantzaketa-aukerarik onena lortzen, hainbat finantza-erakunderekin akordioak baititu.
Instalazioa egin ondoren, ASGk pertsona edo enpresa jabeari instalazioa monitorizatzeko aplikazio bat emango dio, baita jarraipen- eta mantentze-zerbitzu bat ere, kontratuan ezarritako eta bezeroak sinatutako epean.
Datu pertsonalen babesa
Bai LORRAk bai ASGk 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena ezagutzen dute eta bete egingo dute, baita etorkizunean hori ordeztu edo eguneratuko dituztenak.
Isilpekotasun eta konfidentzialtasun betebeharra
Bai LORRAk bai ASGk onartzen dute lankidetza-hitzarmenaren, negoziazioaren edota proiektuaren esparruan jakinaraziko den informazio oro isilpekoa dela eta, hala, onartzen dute ez dutela zabalduko eta horren konfidentzialtasuna gordeko dutela, eta, hala badagokio, isilpekotasun eta konfidentzialtasun betebeharraz ohartaraziko dituzte langileak, elkartekideak eta bere kargua edo HARTZAILEAREKIN duen harremanaren ondorioz informazio hori eskuragarri izan dezakeen edonor.
ASGrekin sinatu dugun hitzarmena LORRAko elkartekide diren nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien onerako izango delakoan, agurtzen zaitut, eta zure esanetara naukazu, informazio gehigarririk behar izango bazenu.
Har ezazu nire agurrik zintzoena,
Martín Uriarte Zugazabeitia
LORRA SC-ko zuzendaria-kudeatzailea
Agiriak: