Baskarandarrak Jantour-en azalean
El Correo egunkariaren Jantour gehigarri gastronomikoak aste honetan Baskarandarrak ditu protagonisten artean gure ustiapenen bat.
Julián Méndezek erreportaje zabal batean Idiazabal gazta nola egiten den erakusten digu, Araban eta Bizkaian ustiategia duten bi emakumeen eskutik.
Bizkaian, Baskaraindarren esperientziara eta Markinan duten gaztandegi familiarrera hurbiltzen gaitu, familiako kideetako bat bozeramaile izanik, Bidane Baskaran. Patxi, Marije eta haien seme-alabek esnetarako ardi-azienda bat dute, gazta-fabrikarekin, eta, aparte, behi-azienda, handitzen joan dena seme-alabak ustiategian sartu diren heinean; lehenik, Bidane, Idiazabal gazta eta jogurtak egiteaz arduratzen dena, eta, gero, haren anaia Arkaitz, haragitarako behi-ustiapen berriarekin.
Erreportajeak Bidaneren egitekoa eta haren egunerokoaren parte diren aurpegi beltzeko 400 ardi latxak erakusten dizkigu. Bidane Euskal Filologian lizentziaduna da, eta gogoratzen du bere garaian ez zuela artzaina izan nahi, baina bizitzan zer egin erabaki behar izan zuenean, artzaintza aukeratu zuela. “Argi daukat lanbidea gustatzen ez bazaizu ezin duzula ondo lan egin”. Azaldu digu egiten duten gaztari “estankoko gazta” deitzen diotela, Marijek herriko dendan saltzen duelako, eta gaztaren atzean lan handia dagoela: “bazkak prestatzea, ongarritzea, artaldea zuzentzea, gazta egitea…”. Horren guztiaren emaitza Idiazabal jatorri-deitura babestua da, ogibidearen lan ona balioan jartzen duen jakia.