Aurtengo maiatzean, bigarren aldiz bidaiatu genuen Kolonbiako Cauca eskualdera, EHUko HEGOA agentziak koordinatzen duen lankidetza-proiektuaren eskutik. LORRAk proiektu horretan parte hartzen du duela hiru urtetik hona.

Proiektuaren asmoa da “Plataforma de Organizaciones Comunitarias de Cauca” (POCC) plataforma sortzea, eta horretan hauek lideratutako ustiategi komunitarioak txertatu eta horiei laguntzea: FARCeko borrokalari ohiak, AFRO taldeak, NASA etniako komunitateak eta nekazariak. Horretarako, asmoa da LORRAren antolaketa- eta zerbitzu-eredua adibidetzat hartu eta Kolonbiako errealitatera egokitzea.
LORRAko kudeatzaileak eta HEGOAko koordinatzaileak bidaiatu zuten Kolonbiara, maiatzaren 21etik 28ra bitartean, eta aste horretan, jarduera-programa mamitsu batean parte hartu zuten, zeinaren bidez Cauca eskualdeko antolaketa eta ustiategi sarean murgildu ziren.
Jarduera horien eskutik, hainbat gai jorratu ziren, erreferentziazko tresnak emateko, hala nola POCC plataformaren egoera eta garapena, lidergo- eta komunikazio-trebetasunak begirada feminista batetik, familia-nekazaritza edo zainketak ekimen komunitarioetan.
Halaber, bertatik bertara ezagutu zituzten bultzada komunitario horren emaitza diren zenbait ustiategiren ekimen eta negozio, eta esperientzia-truke aberasgarria izan zen. Era berean, beste proiektu bat mamitu da, ENSAYOS izenekoa, euskal-andetar lankidetzari jarraipena emateko.
Bidaiaren aurrerakariak

“Reincorporación territorial e intercooperación para la paz en Cauca, fortaleciendo capacidades productivas en red con enfoque diferencial -FASE II” da lankidetza-proiektuaren izena. Horren haritik, 2024ko ekainean lehen aldiz bidaiatu genuen Kolonbiara –Caliko (Kolonbia) Universidad Javerianako Instituto de Estudios Interculturales (IEI) erakundeak koordinatutako “Plataforma de Organizaciones Comunitarias de Cauca (POCC)” plataformak antolatuta–, LORRA eredua adibidetzat hartu nahi duten enpresen egoera ezagutzeko. POCC plataformaren kide batzuk LORRAn izan ziren 2024ko irailean eta urrian, LORRAren eguneroko lana eta kooperatibak bere bazkide eta bezeroei eskaintzen dizkien zerbitzuen gobernantza, zuzendaritza eta kudeaketarekin lotutako kontrol- eta kudeaketa-mekanismoak ezagutzeko.
Jardunaldi teknikoak eta esperientzia-trukea
Bigarren bidaiaren bitartez, elkar ezagutze horretan sakondu da. POCC plataformarekin –horren zuzendaritza-batzordearekin eta batzorde teknikoarekin– lan-saioak egin dira, proiektua garatzen jarraitzeko. Kolonbiako testuinguru soziala eta politikoa, erakundearen egoera eta plataformak antolamenduari eta zerbitzuei dagokienez egin dituen aurrerapenak aztertu dira, kostuak eta tarifak ere.

Plataformako erakunde ugariren aurrean, LORRAk Munduko Landagunea aurkeztu zuen, baita Familia Nekazaritzak dituen erronkak eta Europako nekazaritzako elikagaien merkatuaren joerak ere. Bestalde, HEGOAk zainketek enpresetan, ekimen ekonomiko komunitarioetan eta sektore solidarioan duten garrantzia garatu zuen, eta bizitza erdigunean jarri.
Hizlari gisa parte hartu zuten, halaber, emakumeen erakundeetan talde-kohesioa indartzeko lidergo-tresna eta jardunbideen taldeko Laguntza Teknikoko jardunaldi batean, bertoko hainbat ekimenetako 10 emakume koordinatzailerekin batera. Azkenik, Caliko Universidad Javeriana unibertsitateko Instituto de Estudios interculturales (IEI) erakundeko arduradunekin bildu ziren Euskadiko ordezkariak, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari aurten aurkeztu beharreko lankidetza-proiektua (ENSAYOS) mamitzeko eta euskal-andetar lankidetza-ekimen horri jarraipena emateko.
Bisitak ekimen komunitarioetara
Bidaian zehar, Caucako komunitateen partaidetzarekin martxan jarri diren proposamen berritzaileak ezagutu dira:

- POCC plataformak Quilichaoko Santander hirian sortu duen espazioa, plataformako erakundeen elikagaiak saltzeko.
- Popayángo “Las Manuelitas” gastro-taberna, FARCeko borrokalari ohiek zuzentzen dutena.
- Timbíoko “Las Veraneras” finkako kafe-ustiategia, zeinean CECOESPE kooperatiba, FARCeko borrokalari ohiek zuzentzen dutena, ekoturismo proiektu bat abiarazi den. Bertoko ostatua kolektiboko emakumeen batzordeak zuzentzen du.
- Caldonoko Todoyuca kooperatiba, juka tuberkuluaren almidoia lortzen diharduena, ogia egiteko.
- Caldonoko “Un grano para la Paz” laborategia, zeinean kafe-dastatzea egiten den.
- Caldonoko Nasagurmet jatetxea, Nasa emakume indigenek zuzendua. Emakumeek komunitate indigena horretan ekoitzitako Km-ko produktuekin kozinatzen dute.
- Caldonon topaketa bat egin zen ASIMECAL erakundeko emakume indigenekin. Horiek turismo komunitarioa bultzatu dute San Lorenzo de Caldonoko aterpetxean, eta eskualdeko ahalmen turistikoa izan zuten hizpide.
- Munchique los Tigres baratze-proiektua, emakumeek zuzendua, nekazaritza ekologikoa eta elikadura-subiranotasuna sustatzen dituena, oinarrizkoak baitira haurtzarotik.