Zortzi proiektu berri ezarriko dira aurten, LORRA S. Coop. sozietatearen tutoretzapean

Ekintzailetzak emaitza berriak ematen jarraitzen du Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorean, nolabait, sektoreko bizigarri berria izatearen beharra arintzen ari dela. Izan ere, aurten zortzi proiektuk ekingo diote jarduerari lurraldean, HAZI Fundazioak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin koordinatzen duen Gaztenek delako gazteen ekintzailetzari buruzko programaren esparruan. Ekintzaile horiek nekazaritza eta abeltzaintzako zerbitzuen erakundea den LORRAS.Coop. sozietatearen laguntza izango dute, hori arduratzen baita proiektuak abiarazi ondorengo lehenengo bost urteetan horiei laguntzeaz.
Proiektu berriak bi emakumek eta sei gizonek zuzentzen dituzte. Horiek guztiek aurrera eraman nahi dituzte negozio-ideiak: haietako erdiak, lehendik badauden gurasoen edo bikotekideen ustiategietan lan egiten hasteko, eta beste erdiak ez du aurreko inolako loturarik lehen sektorearekin. 32 eta 47 urte artekoak dira ekintzaileak.
Ustiategi berriak askotariko jardueretan arituko dira: mikologia, haragitarako behi-azienda, mahastizaintza, erlezaintza, baratzezaintza eta hegazti-hazkuntza. Horietako hiru Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ekologikoa Arautzeko Kontseiluaren esparruan ekoitziko dute. Guztiek zuzenean eta zirkuitu motzean merkaturatuko dituzte produktuak. Besteak beste, perretxikoez, haragiaz, eztiaz, mahatsez eta barazkiez hornituko dituzte establezimendu espezializatuak eta erosleak, azoketan nahiz zuzenean.
Proiektuen bilakaera-maila era askotakoa da, baina guztiak aurten jarriko dira martxan, aurreikuspenen arabera, eskuragarri dauden laguntzak eskuratu ostean. Bide horretan LORRAren laguntza osoa izango dute, eta sozietate kooperatiboaren barruan hainbat arlotako profesionalak daude, hala nola albaitaritzakoak edo ingeniaritza agronomo teknikokoak. Sozietateak ematen duen laguntzaren helburua da proiektuaren hasierako etapa guztiak arrakastaz gainditzen direla eta proiektua sendotu egiten dela ziurtatzea: enpresa-planetik, laguntzen eskabidetik, programaren azken balorazio eta ziurtapenetik hasi eta jardueraren lehen urteetako jarraipenera.
Aurtengo ekitaldian, 2019tik 2025era bitartean zabaldutako 162 espedienterekin lan egiten ari da LORRA; horietatik 125 ezartzeko prozesuan daude; hots, jardueraren bigarren, hirugarren edota laugarren urtean tutoritzatzen ari dira. Gainerako 37 proiektuek laguntza-fasea amaitu dute, sektorean erabat txertatuta daude eta aurrerantzean tutoretzarik gabe ibiliko dira.
Gainera, 2025/26 ekitaldian sektorean kokatzeko prozesua hasita duten eta hori datozen urteetan burutuko duten beste 18 proiekturi ematen die laguntza sozietate kooperatiboak.
LORRAko kudeatzaile Martín Uriartek, proiektuen enpresa-alderditik haratago, horien sendotasuna eta balioa nabarmendu nahi ditu: “negozio bat ez ezik, bizitzako proiektu bat ere dakarte berekin, eta sektore osoarentzat harro egoteko modukoa da pertsona horiek landa beren bizimodu bihurtzeko apustua egin izana, batez ere, landa-eremutik kanpoko arloetatik etorritakoek. Bertoko nekazaritzako elikagaien sektoreari balioa ematen laguntzen duen zerbait da”.
Nazioarteko kutsudun baserritarrak
Egungo gizarte-errealitatea eta enpresa-ikuspegi berriak ere iritsiak dira lehen sektorera, baserriak nazioarteko kutsuarekin betetzen dituzten proiektu berezien eskutik. Horren adibide dira Antonio Lovellik eta Antoine Latourrek Lemoizen eta Gatikan hurrenez hurren abiarazi dituzten proiektuak. Bata, arkitekto italiarra da, eta bestea, albaitari frantsesa, eta biek ez dute aurretiko esperientziarik lehen sektorean. Erasmus unibertsitate-programaren bidez ezagutu zuten Euskadi, eta Bizkaian kokatzea erabaki zuten, bizitzak berriz bideratzea, hain zuzen, ilusio guztiak nekazaritzako ustiategietan jarrita.
Antonio Lovellik eta bere bikotekide Libe Landaburuk –psikologoa eta mikoterapeuta– Zurbeltz sortuko dute Lemoizen, ustiategi mikologiko berritzaile bat. Jateko onak diren onddo-mota askoren hazkuntza ekologikoan jardungo dute; onddo horiek erabilera funtzional eta sendagarriak izango dituzte, eta horiek hainbat formatutan merkaturatuko dituzte jatetxeetan, laborategietan eta azken bezeroen artean.
Hala, Bizkaira ekarri nahi dute onddoek espektro zabalean (nutrizionala, ekologikoa, farmakologikoa, bioeraikuntza, ehungintza, etab.) dituzten ezaugarriez ari den mugimendu mikoterapeutiko eta mikogastronomikoa, gero eta ugariagoa dena. Proiektua ezartzeko fasean dago; izan ere, enpresa-plana onartu diete, eta udan instalazioak eraikitzen hastea aurreikusi dute, datorren udazkenean ekoizten hasteko asmoz.

Antoine Latour Iparraldekoa da, eta duela sei urte Galiziara joan zen eta, ondoren, Euskadira etorri zen. Gatikan kokatu duen ustiategian hasi da baserritar lanetan, eta berton, estandar ekologikoen arabera, ortuariak, frutak, landare aromatikoak, kimuak eta loreak hazten ditu, azoketan zuzenean saltzeko, eta, saskien bidez, bai partikularrei, bai inguruko ostalaritza-establezimenduei.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen Landa Lurzoaren Funtsaren onuradunetako bat da; hortaz, erabilerarik ez zuen ustiategi bat eskuratu du. Horren instalazioak osorik daude, horietako batzuk, berehala erabiltzeko prest, eta beste batzuk berregokitu beharko ditu. Proiektua garapen-fasean dago, eta aurten bertan hasiko da ekoizten.
Epe luzerako asmoen artean, badu bi lagunekin jatetxe bat martxan jartzekoa, horko sukaldean beren elikagaiak erabil daitezen.