Bizkaiko 2022ko baserritar bikainak
Laboral Kutxa – LORRA VI. Sariek bederatzi nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi saritu dituzte, eta, hortaz, Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorea omendu dute.
Laboral Kutxa – LORRA VI. Sariak emateko ekitaldian Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektoreko profesionalen lan ona nabarmendu da berriro ere. Covid-19a dela eta, ez dira bi urtez antolatu, eta sariei berriro ekitea gertaera ederra izan da sektore guztiarentzat, urtero bezala, Bilboko Carlton hotelean elkartu baita.
Ekitaldira agintari hauek bertaratu dira: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari Jorge Garbisu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritzan, Nekazaritzako zuzendari nagusi Arantza Atutxa eta Naturguneen zuzendariorde Roberto Cañon. Halaber, Laboral Kutxako Enpresen Espezialisten Sareko zuzendari Iñaki Peña eta Lorrako presidente Juan Luis Irazola, zeinekin erakundeko beste profesional batzuk eta Lorra S. Coop mugimendu asoziatiboko elkarte profesionaleko hainbat kide ere joan diren.
Teknikoak eta profesionalak izateagatik bereizten dira sari horiek, eta, beraz, izena eman duten ustiategi guztiak Nekazaritza Politika Bateratuarekin bat datozen irizpideen arabera ebaluatu ditu epaimahaiak, ustiategiak modu orokorrean kontuan hartuta. Balorazio horren arabera, 14 ustiategi izendatu dira finalista. Epaimahaiak horiek sakonago bisitatu eta hobeto ezagutu ditu, eta, azkenean, 9 sari eman zaizkie beste hainbeste ustiategiri, eta erakunde bat aintzat hartu da.
Sari horien izaerarekin bat etorriz, gauean ustiategi finalista guztiak aintzat hartu dira, eta aintzatespen hori Lehen Sektoreko Bizkaiko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategi guztiei zabaldu zaie, “are gehiago, garai nahasiotan, zeinetan ustiategi asko arrisku larrian dauden beren produktuen errentagarritasunik eta balorazio ekonomikorik ezagatik; izan ere, nahiz eta Bizkaiko Barne Produktu Gordinari ehuneko handirik ez gehitu, lurraldearen zati handi bat kudeatzen dugu eta gure historiaren eta tradizioen sorleku gara”, adierazi du Lorrako presidente Juan Luis Irazolak.
Laboral Kutxa – LORRA Sariek bost kategoria saritzen dituzte. Ustiategi finalista eta saritu guztiak irizpide ekonomiko eta ekoizpen- eta ingurumen-irizpideengatik nabarmendu dira, baita baliabideen kudeaketa jasangarrira bideratutako ekoizpen-metodoengatik ere.
1. Nekazaritza Atalean, Bizkaiko 2022ko nekazaritza-ustiategi onenaren saria Itsasmendi upategiak irabazi du: oroitzapenezko plaka eta 2.000 € eman zaizkio. Txakolinak historian zehar izan duen ospe sozial, ekonomiko eta kulturala berreskuratzeko asmoz 1990ean elkartu ziren hainbat pertsonaren ametsa, egia bihurtutakoa, da Itsasmendi. 40 hektarea inguru mahasti ditu, 12 udalerritan kokatuta, eta proiektu aitzindariak 360º-ko enoturismoari lotutako etapa berri bati ekin dio.
Finalista gisa, ustiategi hauei ere oroitzapenezko plakak eman zaizkie: Asier Madariagaren Kiwilur ustiategiari –barazkiak eta frutak landatzen ditu, eta Euskadiko kiwi-plantazio zaharrenetako bat da– eta Magda Martinezi, mahatsak, sagarrak eta landare apaingarriak ekoizten dituen Ataune Ustiapena nekazaritza-ustiategiaren sortzaile denari.
2. Abeltzaintza Atalean, Bizkaiko 2022ko abeltzaintza-ustiategi onenaren saria Maider Uriartek eta Jonathone Txertudik irabazi dute, CBSantana ustiategiagatik: oroitzapenezko plaka eta 2.000 € eman zaizkie. Bikote horrek esnetarako frisiar aziendaren ustiategiari bultzada ederra eman dio: aurreko belaunaldiak sortu zuen eta haiek zabaldu egin dute, beraiek egiten eta banatzen dituzten esnekiak egiten baitituzte orain.
Finalista gisa, ustiategi hauei ere oroitzapenezko plakak eman zaizkie: Bidane Baskarani, aitarekin batera, Santamañe Elkartea sortu duenari. Idiazabal gazta ekoizteagatik eta sari ugari lortu izanagatik –aurten, Urrezko eta Brontzezko dominak– nabarmendu da. Era berean, Iturbe anaiak ere finalista izan dira, Iturbe Anaiak Abeltzaintza ustiategiagatik. Blonda arrazako haragitarako behiak ekoizten dituzte, eta sari ugari irabazi dituzte beren jardunbidean zehar.
3. Ekintzailetza Atalean berria da aurten, eta belaunaldi-erreleboa sustatu nahi du sektorean. Gaztenek Bizkaia 2022 Gazte Ekintzaileen Saria –aintzatespena eta 2.000 €– Txapelkoop S.C. kooperatibak irabazi du. Bost abeltzain gazteren kooperatiba da, zeinek duela 40 urte inguru ekindako proiektuari eta Bizkaigane markari jarraipena eman dioten. Esnea eta esnekiak ekoizten dituzte eta abeltzaintza zabaltzeko lan itzela egiten dute, bisiten eta tailerren bidez.
Finalista gisa, ustiategi hauei ere oroitzapenezko plakak eman zaizkie: Nerea Irazabali eta Juliya Razumovi. Laborantza ekologikoen Luramak ustiategiko arduradunak dira, eta zuzenean eta denda espezializatuen bitartez saltzen dituzte produktuak.
4. Atalean, Ekinaren Ekinez 2022 ohorezko saria, emakume nekazari edo abeltzain baten jardunbide profesionalari: Barbara Ann Slimani eman zaio. Jardunbide zoragarria du. Idahon jaio zen (AEB) eta senarrarekin, Victor Txertudirekin –Ameriketara artzain joan zena– hasi zen sektorean lan egiten. 1976an Euskal Herrira itzuli ziren, eta negozio familiar txiki bat, esnetegi bat, sortu zuten, zazpi behirekin. Barbarak atez ate banatzen zuen esnea, tupinatan, Gernikako etxeetatik, eta, negozioa hazi ahala, Jonathone Txertudi semearen eta Maider Uriarte errainaren eskuetan utzi zuen, eta horiek bikain kudeatu dute; izan ere, aurten abeltzaintza-ustiategi onenearen saria lortu dute. Duela 11 urte erretiratu zen Barbara, baina oraindik jarraitzen du adi ustiategian gertatzen denari.
Azkenik, 5. Atala, Landaren Alde 2022 ohorezko saria, Bizkaiko lehen sektoreko asoziazionismoari ekarpen nabarmena egin dion erakunde, pertsona fisiko edo juridikoari Jon Lekerikari, 2003tik 2021era bitartean Lorrako presidente izan zenari, eta Javier Aramendiri, 1997tik 2003ra bitartean Lorrako presidente izan zenari. Lorraren 36. urteurrena denez, sari horren eskutik erakundeko talde osoaren lana aintzat hartu nahi izan da, bere zerbitzu eta lanarekin Bizkaiko lehenengo sektorea egituratzen lagundu baitu urteotan.
INFORMAZIO GEHIAGO USTIATEGI SARITUEI BURUZ
Nekazaritza Ataleko lehenengo saria. Itsasmendi upategia
Muskizen sortu zen. Lehenengo uzta 1995ean egin zen. 2002an, Gernikara eraman ziren instalazioak, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzera. Une hartan, testuinguruak bultzatuta, garaje-upategi bihurtu behar izan zen 17 urtez, baina 2015ean egoera guztiz aldatzeko aukera izan zuen, eta eraikin berritzaile bat, paisaiarekin eta tradizioarekin bat egin zuena, ezartzeko izapideei ekin zitzaien. 2020ko otsailean zabaldu zen eraikin berria, sektorearentzat nekeza izango zen pandemia baten atarian, ordea.
Itsasmendiren bereizgarri dira 12 udalerritan dauden 40 hektarea inguruko mahastiak, Bizkaia lurralde txikiaren berezko dibertsitate geologikoari eta mikroklimari esker. 2006. urtetik ekoizpen integratuan eta 2019. urtetik ekoizpen ekologikoan egiaztatutako mahastizaintza jasangarriari, mahastizaintza eta ardogintzako I+G proiektuak etengabe garatzeari eta aintzindari eta kementsu izateari esker, txakolinen kalitatearen pertzepzio-maila igo dute.
Alderdi hauek dira upategian nabarmentzekoak: mahastizaintza eta ardogintza profesionalizatua, ardoen tokian tokiko banaketa propioa sortzeko apustu arriskutsua baina egokia, eta txakolina ezagutzera emateko mundura irteteko gogo sutsua. Etapa berria du aurrean: 360º-ko enoturismoa, eraikin berriaren eskutik; ardoak eta, batez ere, txakolinak loturiko natura, historia, tradizioa, berrikuntza eta kultura uztartzen dituen gunea da.
Nekazaritza Ataleko finalista. Asier Madariaga – Kiwilur.
Kiwilur enpresa familiarrak barazkiak eta frutak landatzen ditu, duela 30 urtetik hona. Arratzun dago, eta Asier Madariagak eta bere gurasoek, Vitorianok eta Garbiñek, zuzentzen dute. Ustiategiak hainbat finka ditu, Arratzu, Mendata eta Munitibar udalerrietan.
5.000 m2-ko azalera du berotegietan antolatuta, eta aire zabalean, nekazaritzako baratzeko 3 hektarea, zeinetan piper txorizeroa, Gernikako piperra, Ibarrako pipermina, zerba, kalabazina eta porrua landatzen diren. Frutagintzari dagokionez, 7 hektarea kiwi dituzte, eta horietan 120-130 tona ekoizten dituzte. Euskadiko sail zaharrena da, 40 urtetik gorakoa baita.
Produktu guztiak Garaia barazki- eta fruta-zentralaren bidez merkaturatzen dira. Eusko Label ziurtagiria dute.
“Nekazarien Ikastola” izeneko egitasmoan parte hartzen du, ikastolako ikasleei 0 km-ko produktuak sustatzeko proiektua ezagutarazteko.
Nekazaritza Ataleko finalista. Magda Martinez – Ataune Ustiapena.
Txikitatik, Magdak mirespenez ikusten zuen amamak nola zaintzen zituen patxadaz landareak. 14 urte besterik ez zituela hasi zen baratzezaintza, lorezaintza eta frutagintzako ikasketak egiten, eta, kudeaketa administratibo eta baliabideen kudeaketaren sektorearen gabezia orokorra zela antzeman ondoren, administrazio-ikasketak ere hasi zituen.
2015ean, Ataune Ustiapena sortu zuen, nekazaritzako ustiategia, 5 hektareakoa: 2 hektarea mahasti, txakolina egiteko; 2 hektarea sagarrondo, sagar-zuku % 100 naturala egiteko, eta hektarea 1, landare apaingarriak ekoizteko.
0 km-ko produktuen alde sutsuki egiten du, eta inguruko lorezaintza-enpresen, tokiko saltokien, nekazaritza-azoken eta azken kontsumitzailearen artean merkaturatzen ditu ekoiztutakoak.
Hori guztia nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazio berriei aholku emateko lanarekin eta lehendik daudenak hobetzearekin batera egiten du, nekazaritzaren arloan eta baliabide ekonomikoen optimizazioan dituen ezagutzak emanez.
Abeltzaintza Ataleko lehenengo saria. Maider Uriarte eta Jonathone Txertudi – CB Santana.
Bikote horrek esnetarako frisiar aziendaren ustiategia zuzentzen du. Kortezubin dago, eta Victor Txertudik (2016an hil zen) sortu zuen.
70 behi inguru dituzte ekoizpenean. Instalazioek animalien ongizatea eta esnearen kalitatea bermatzen dituzte; jezteko robota dute, eta ustiategiko bazka kudeatzeko makineria egokia ere badute. 115 nekazaritza-azalera inguru kudeatzen dituzte, gehienak, belardiak eta 17 hektarea inguru, bazka-artoa landatzeko.
BIFEko kidea da, baita KAIKU S Coop. kooperatibako kidea ere, eta horren bitartez merkaturatzen du esnea, hainbat urtez eskualdean bertan zuzenean saldu badu ere.
Azken urteotan, emaztea, Maider, negozioan sartu denean, esnekiak –gazta freskoa, esne pasteurizatua, jogurta…– egiteko aretoa hobetu egin da, eta produktu horiek zuzenean saltzen dituzte ustiategian bertan eta Gernika aldean.
Bi sari lortu ditu ustiategiak, Ekinaren Ekinez 2022 Saria Jonathoneren amak, Barbara Ann Slimanek, lortu baitu –senarrarekin batera, ustiategia sortu zuena.
Abeltzaintza Ataleko Saria. Bidane Baskaran – Santamañe Elkartea.
Bidane Baskaranek eta bere aitak, Patxi Baskaranesek, sortutako ustiategia Markina-Xemeinen dago. Esnetarako latxo ardiekin lan egiten dute eta, horren osagarri, haragitarako behiekin ere. IDIAZABAL gazta merkaturatzen dute Baskaran “Igotz” eta “Santamañe” izenekin, hots, udalerri horretako bi ekoizpen-guneen izenekin.
300 ardi-buru baino gehiago eta 50 hektarea baino gehiagoko bazka-azalera ditu ustiategiak. Ganadua behar bezala maneiatzeko eta esnea higiene-baldintza bikainekin ekoizteko instalazioak ditu: jetzitegia, gaztandegia, askak, makineria…
Gaztandegi modernoa du ustiategian bertan Idiazabal gazta egiteko. Sari garrantzitsuak lortu dituzte, esaterako, 2016an nazioerteko WORLD CHEESE AWARDS Sarietan munduko gazta ketu onenaren Super Urrezko domina irabazi zuten, eta munduko finalera iritsi ziren. Oraintsu, 2022an, lehiaketa berean Urrezko eta Brontzezko dominak lortu dituzte.
Abeltzaintza Ataleko finalista. Iturbe Anaiak Abeltzaintza.
Haragitarako blonda behien ustiategi hori Arrietako Makuleta auzoan dago. Jose, Jesus eta Alberto Iturbe eta Montserrat Ordorika dira haren arduradunak.
Haragia ekoizteaz gain, ustiategiak hobera egin du, eta sari ugari irabazi ditu lurraldeko, EAEko eta Estatuko abeltzaintza-lehiaketetan, bere jardunbidean zehar.
Haragi guztia Gernikako bi harategitan saltzen da. Hiru neba-arrebek kudeatzen dituzte horiek, Fermin, Jon eta Begoñak, eta, horrela, merkaturatzearen zikloa ixten da.
Abeltzaintzako ustiategian 80 behi heldu eta hazteko 50 daude, ongizaterako eta higienerako oso baldintza onetan. Nekazaritza-azalera 45 hektareakoa da, batez ere, larreetarako eta ganadua elikatzeko beste bazka batzuetarako.
Gaztenek Bizkaia Ekintzailetza Ataleko lehenengo saria. Txapelkoop S.C.
Esnetarako behien eta ardien ustiategi hori Errigotiko Bizkaigane auzoan dago. Hasierako titularrek 80ko hamarkadaren hasieran ekin zioten jarduerari. Denboraldi luze horretan, hainbat pertsonak parte hartu dute ustiategian, eta azkenaldian, instalazio guztiak berritzeko eta modernizatzeko prozesu bat martxan jarri da.
Prozesu horri ekiteko, abeltzain gazteen kooperatiba bat sortu da, TxapelKoop, Bizkaigane Sociedad Civil-en lehengo langileen ekimenez, duela 40 urte ekindako proiektuari jarraitutasuna emateko.
Gaur egun, kooperatiba hori 5 abeltzain gaztek eratu dute: Markel Enzunza, Amets Ladislao, Xabier Sabalza, Amaia Ondarza eta Javi Allica. Horiek, Bizkaigane SC sozietateko 5 kiderekin batera, proiektuaren egungo 10 abeltzainak dira.
Esnea zuzenean merkaturatzen dute, Bizkaigane markarekin, eta esnea eraldatzeko prozesu osoa ere egiten dute. Behi-gazta, ardi-gazta, jogurtak… egiten dituzte, eta produktuak zuzenean merkaturatzen dizkiete kontsumitzaileei, ikastetxeei eta dendei, batez ere, Busturialdea eta Mungialdea (Uribe-Butroe) eskualdeetan. Ikastetxeen bisitak hartzen dituzte, eta tailerrak egiten dituzte abeltzaintza zabaldu eta sustatzeko.
Esnetarako 90 behi-buru eta 300 ardi latxa dituzte, eta 95 hektarea inguru belardi kudeatzen dituzte Errigoti eta Arrieta aldean. Gaur egun, harategiko lantegi batean inbertitzen ari dira, txorizoak egiteko. Ekoizpen-sistema ekologiko modukoa da.
Gaztenek Bizkaia Ekintzailetza Ataleko finalista. Nerea Irazabal eta Juliya Razumov – Luramak.
LURAMAK proiektua 6 hektareako laborantza ekologikoko ustiategia da. Bi emakume gazte ekintzaile arduratzen dira horretaz, Nerea eta Juliya. 2019an sortu zen ekimena, asmo honekin bat eginda: “Naturarekiko errespetua, bizitza-filosofia gisa, eta elikadura natural, jasangarri, kontziente eta ekologiko batek bultzatuta”.
Beren produktu gehienak partikularrei zuzenean, saskitan edota eskaeren bidez, saltzen dizkiete, eta hurbileko produktuetan eta produktu ekologikoetan espezializatutako azoka edo merkatuetan ere merkaturatzen dituzte, eta produktu ekologikoetan espezializatutako dendei saltzen dizkiete. Intxaurrondoak, basoko fruituak, kiwiak, sagarrak, udareak, zitrikoak, ahuakateak eta barazkiak dituzte.
Merkatu ekologikoan haztea dute helburu, eta, horretarako, artisau-kontserbak, zuku naturalak, zuku berdeak eta kombucha egiten dituzte, zuzenean saltzeko, elikadura osasungarria, ekologikoa eta naturala sustatzeko gogoz.
Ekinaren Ekinez Saria profesional baten jardunbideari. Bárbara Ann Sliman.
Aurtengo omendua Idahokoa da (AEB) eta Victor Chertudiren alarguna. Gizona AEBetara joan zen artzain, eta aitaginarreba izango zenaren enpresan lan egin zuen. Barbararekin ezkondu zen eta familia bat sortu zuten.
1976an, Euskal Herrira itzuli eta behi-esnetegia eratzea erabaki zuten. Jetzitegi bat jarri zuten eskuzko makinekin, eta Kantabriatik heldu zitzaizkien lehenengo behiekin –zazpi hain zuzen ere– ekin zioten esnetegiari. Eta horrela hasi zen familiako negozio txikia.
Barbarak atez ate banatzen zuen esnea, tupinetan, Gernikako etxeetatik eta, ondoren, jetzitegia berregin zen, edukiera handitzeko, eta esnea poltsetan sartzen hasi ziren, horrela banatzeko. Garai hartan ez zuten hozkailurik, eta Barbarak berak sartzen zuen esnea poltsetan goizeko 5-6:00etan, ondoren banatzeko.
Pixkanaka, kortak handitu eta hobetu ziren, abere gehiago sartzeko. Semea, Jonathone, negozio familiarrean sartu zen eta jezteko robot bat jartzea erabaki zuen, etxekoei lana errezteko. 2016an, Victor Chertudi hil zen, eta negozioan Jonathoneren emazte Maider sartu zen, eta horrek negozioa handitu zuen.
Duela 11 urte erretiratu zen Barbara, baina oraindik laguntzen dio familiari ustiategian.
Landaren Alde Saria ekarpenari. Jon Lekerika eta Javier Aramendi, Lorrako presidente ohiak.
Aurten, Bizkaia eta bertako eredu asoziatiboa LORRAren inguruan egituratzearen alde egindako lana aintzat hartu nahi izan da, Bizkaiko lehenengo sektorerako zerbitzu-erakunde horren 36. urteurrenean, hain zuzen.
Hortaz, Antolaketa Batzordeak saritu egin nahi ditu, urteotan beren ustiategietako arazoak ordu batzuez alde batera utzita, elkartearen edota kooperatibaren arazoak beren gain hartu eta eztabaidatu dituzten gizon eta emakume guztiak. Horien ordezkapenean, Bizkaiko sektore-egituratzearen organo gorena den LORRAko azken bi presidenteen lana aintzat hartu da: Jon Lekerika, 2003tik 2021era bitartean LORRAko presidente izan zena, eta Javier Aramendi, 1997tik 2003ra bitartean LORRAko presidente izan zena.