Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaien sektoreko 2023ko profesional bikainak
Lorra-Laboral Kutxa VII. Sariek 9 ustiategi bikain saritu dituzte eta Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaien sektoreak garai gorabeheratsuotan izandako zeregina aintzat hartu dute.
Lorra-Laboral Kutxa VII. Sariek Bizkaiko lehen sektoreko eragile gehienak bildu dituzte lanbide-jardunbide onenak aintzat hartu eta sektoreak lurraldeari egiten dizkion ekarpenak nabarmentzeko.
Aurten ere, Eguberrietako ekitaldi gisa bizi izan da ekitaldia, zeinetara agintariak, sektoreko profesionalak eta Lorrarekin loturiko mugimendu asoziatiboko ordezkariak –nekazaritza eta abeltzaintzako 4.000 ekoizle baino gehiago– bertaratu diren. Izan ere, agintari hauek egon dira topaketan: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari Jorge Garbisu, Bizkaiko Foru Aldundiko foru-diputatu Arantza Atutxa eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko Saileko zuzendari Andoni Agirrebeitia. Aurrekoak ez ezik, hauek ere izan dira: Jesús López de Foronda eta Alberto Díaz de Guereñu, Laboral Kutxaren Euskadiko eta Bizkaiko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Elikagaien saileko arduradunak, hurrenez hurren, eta Lorrako presidente Juan Luis Irazola.
Ekitaldiaren haria Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako, hots, lehen sektoreko, ustiategi guztiak aintzat hartzea izan da. Zeren eta aintzatespena are beharrezkoagoa baita “garai gorabeheratsuotan”, Lorrako presidentearen hitzetan, “ustiategi asko arrisku larrian baitaude, produktuek ez dutelako errentagarritasunik eta balorazio ekonomikorik eta belaunaldi-erreleboa ere arriskuan dagoelako”. Horren haritik, azpimarratu nahi izan da nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaien sektorearen zeregina, “Bizkaiko barne-produktu gordinean ehuneko esanguratsua ez badagokigu ere, gure lurraldearen zati handi bat kudeatzen dugu eta bertoko historiaren eta tradizioen sorleku gara”.
Esparru horretan gertatu da, hain zuzen, sari-banaketa. Aurten hautagai izendatu diren 13 ustiategien maila handia azpimarratu da; epaimahaikide adituek aurrez bisitatu eta aztertu dituzte, alde hauek kontuan izanda: ekonomia, ekoizpena, alde teknikoak eta ingurumena, besteak beste.
Azterketa zehatz eta sakon hori da, hain zuzen, sarien izaera profesional eta teknikoaren berme, baita saritu eta aurkeztu diren ustiategien bikaintasuna ere. Zeren eta ustiategi guztiak nabarmentzen dira irizpide ekonomikoengatik, ekoizpen- eta ingurumen-irizpideengatik eta baliabideen kudeaketa jasangarrira bideratutako ekoizpen-metodoengatik.
Bost kategoria edo atal saritu ohi dira Sarietan, sektoreko errealitate guztiak barne hartuta:
- Lehenengo saria eta bi finalista, nekazaritzako jardueran.
- Lehenengo saria eta bi finalista, abeltzaintzako jardueran.
- Gaztenek saria, proiektu gazte eta ekintzaile bati, jardueran 0 eta 5 urte bitartean dihardutenen artean.
- Ekinaren Ekinez saria, emakume baten lanbide-jardunbideari.
- Landaren Alde saria, erakunde bati, sektorea bultzatu izanagatik.
1. Nekazaritza Atalean, 2023an, Bizkaiko nekazaritzako ustiategi onenaren saria Iker Villasanaren Biortzatxu Baserria ustiategiarentzat izan da. Familia-ustiategia da, 2011n eratu zen, eta Arrietan eta Fruizen kokatuta dago. Mikrolandare, kimu edo germinatuen ekoizpen ekologikoa du bereizgarri. Zuzenean merkaturatzen ditu produktuak, eta jatetxe onenei ere saltzen dizkie, eta orotara, bezeroen artean 18 Michelin izar biltzen dituzte.
Atal horretako finalista Raúl Rosas eta Rosmary Paredesen ustiategia izan da. Sektorean bost urtez lan egin ondoren, Raúlek bere baratze-ustiategia sortzera animatu zen, Arrankudiagan, eta horretan Rosmary emaztearekin lan egiten du egun. Aurten ekoizpena ugaritu egin dute.
Finalista ere izan da Xabier eta Igor Pujanaren ustiategia. Jack barietateko tomatea ekoizten dute, Bermeon. Ez zuten sustrairik sektorean, eta duela sei urte hasi ziren jardueran, bizitza-proiektu berri bati ekinda; oztopoak oztopo, ustiategia handitu zuten duela hiru urte.
2. Abeltzaintza Atalean, 2023an, Bizkaiko abeltzaintzako ustiategi onenaren saria Joseba Rekalderentzat izan da. Zeanurin du ustiategia eta, batez ere, haragitarako behi-azienda du xede, eta okela familiak Igorren duen harategian saltzen du. Izan ere, zirkuitu osoan behi-okela ekoizten eta saltzen ardura handiz jardutea du nabarmengarri familiak, ganadua arretaz zaintzen baitute.
Atal horretako finalista Aitor Urienen ustiategia izan da. Abadiñon dago, esnetarako ardi-azienda du eta gaztak egiten ditu. Duela hamar urte ekin zion jarduerari, familiaren tradizioarekin jarraitzea erabaki zuenean: artaldeaz arduratu eta gazta egiten hasi zen etxean sortutako gaztandegian.
Finalista ere izan da Ainhoa Alavaren ustiategia, Oilobide. 2012an sortu zuen, Urduñan. Oilo-abeletxe ekologikoa da, arrautzak, oilo-salda eta hanburgesak ekoizten ditu, dena ekologikoa, eta zuzenean eta online merkaturatzen ditu. Produktu jasangarriak eta kalitatezkoak lortzeko konpromisoa handia du.
3. Ekintzailetza Atalean, sektoreko belaunaldi-txanda bultzatu nahi da. 2023an, Gaztenek Bizkaia-Bizkaiko Gazte Ekintzaileen Saria Magalarte upategiko Haizea Aretxabaletarentzat izan da. Haizea Aretxabaleta 2018an hasi zen familiak Zamudion duen upategian lan egiten, Lander nebarekin batera. Biak dira mahastiak landatzen eta txakolina egiten diharduen familiaren seigarren belaunaldia.
Finalista ere izan da Mª Isabel Fernández, El Arroyo Holstein abeletxekoa. Esnetarako behi-aziendako ustiategia da eta Karrantzan kokatuta dago. 2019an abiarazi zuen Mª Isabelek, Iñigo Palacio senarrarekin –gizona lehenago kokatu zen, 2013an–, zerotik abiatuta, eta erabilerarik ez zuen abeletxe bat birmoldatu eta handitu zuten biek.
4. Atalean, Ekinaren Ekinez 2023 ohorezko saria nekazari edo abeltzain baten lanbide-jardunbideari: 2023an, Berangoko Momoitio Baserria ustiategiko Mª Begoña Lumbrerasentzat izan da. Mº Begoña kaletarra zen, ez zuen inolako loturarik lehen sektorearekin, José Miguel senarraren baserriagatik izan ezik. Bizitzaren gorabeherak zirela eta, orduan zuenari utzi behar izan zion eta bikoteak Berangon baratze bat jartzea erabaki zuen, eta ortua pixkanaka handitu. 35 urteko jardunbide luzearen ostean, orain Mª Begoñaren saririk preziatuena da larunbatetan Aretzako estalpetako azokara saltzera joatea eta bezeroek beren produktuak aintzat hartzen dituztela ikustea, eta, batez ere, familia ondoan beti laguntzen izatea.
Azkenik, 5. Atala, Landaren Alde 2023 ohorezko saria, Bizkaiko lehen sektoreko asoziazionismoari ekarpen nabarmena egin dion erakunde, pertsona fisiko edo juridikoari 2023an, Aberekin Intseminazio Artifizialeko Zentroarentzat izan da. Erakunde hori abeltzain batzuek sortu zuten abeltzainen zerbitzurako, 1985ean. Egoitza Zamudioko Parke Teknologikoan dago, eta bi ekoizpen-unitate ditu, Derion eta Torrelavegan, 300 hazitarako abererentzat. Bost kontinenteetako 50 herrialdek erabiltzen dute egunero zentroko genetika.
INFORMAZIO GEHIAGO USTIATEGI SARITUEI BURUZ
Nekazaritza Ataleko lehenengo saria
IKER VILLASANA – BIORTZATXU BASERRIA
BIORTZATXU BASERRIA familia-ustiategia da. 2011n eratu zen eta Arrietan eta Fruizen dago kokatuta. Iker Villasana da ustiategiaren titularra, zeina Gaztenek programaren eskutik hasi zen nekazaritzan, familiaren lurretan, eta, denboraren poderioz horiek handitu dituen.
Urte-sasoiko era guztietako barazkiak ekoizten dituzte ustiategian, eta mikrolandare, kimu bizien eta lore jangarrien ekoizpenean espezializatuta daude; halaber, inguruko belarrak eta larre-loreak biltzen dituzte.
Urteotan, landatutako azalera handitu dute, eskariari erantzuteko eta, gaur egun, 2.000m² negutegi eta 12.000m² ortu dituzte.
60 ortuari-mota eta 30 mikrobarazkien kimuak ekoizten dituzte, hala nola ilarrak, albaka, sisho, erremolatxak, azenarioak edo berroak.
Zuzenean saltzen dituzte barazkiak, gehienak, Bizkaiko eta probintzia mugakideetako jatetxe onenei; izan ere, orotara, bezeroen artean 18 Michelin izar biltzen dituzte. Bilboko Areatzako azokan ere saltzen dute larunbatero. Eta bezeroei leial izaten jarraitzen dute, asteko saskiak saltzen baitizkiete. Ekoizpen-eredua % 100 ekologikoa da.
Nekazaritza Ataleko finalistak
Xabier eta Igor Pujana – Raul Rosas eta Rosmary Paredes
RAUL ROSAS eta ROSMARY PAREDES
Ortuariak ekoizten ditu familia-ustiategiak. Titularrak, Raúl Rosasek, Rosmary Paredes emaztearekin lan egiten du. Bi langile dituzte ustiategiaren mantentze-lanetan laguntzeko.
10 urtetik gorako esperientzia dute besteren kontura lan egiten eta 5 urtekoa, norberaren kontura lan egiten, Arrankudiagan, alokairuan hartutako 5000 m2-ko kapera anitzeko berotegi batean.
Hiprodonian ekoizten dute, perlita-zakuen gainean eta biomasa-berokuntzarekin, eta Jack barietateko tomateak landatzen dituzte, 4.500 m2 inguruko lursail batean, baita Derioko barietateko Gernikako piperrak ere, 500 m2 inguruko lursail batean.
2023an beste ustiategi bat kudeatzen hasi dira, alokairuan, Lezaman, 3.664 m2-ko kapera anitzeko berotegi batean, eta horren osagarri, aire zabaleko 3.000 m2-ko ortua dute, zeinean lurrean urazak, lekak, porruak, Zallako tipula moreak, ilarrak, zerbak, tipuletak, Ibarrako piperminak eta indaba gorriak eta zuriak landatzen dituzten.
Zuzenean merkaturatzen dituzte ortuariak, dendetan, jatetxeetan, Mercabilbaon eta ustiategian bertan. Label eta Ekoizpen Integratuko ziurtagiriak dituzte produktuek, 2012. urteaz geroztik.
XABIER ETA IGOR PUJANA
Xabier eta Igor Pujana Jack barietateko tomateak ekoizten dituzte Bermeon, Bizkaiko kostaldean, alegia. Gaztenek-en eskutik hasi zuten jarduera, duela sei urte, bizitza-proiektu berri bati ekinda.
Urte nekezak izan ziren hasierakoak, lan eta ahalegin handikoak, ez baitzuten sustrairik sektorean, eta zerotik hasi behar izan zuten eguneratze handia behar zuen ustiapen zaharkitu batean. Hasteko, ureztatze-buruaren eta klimatologia-sistemaren ordez azken belaunaldiko sistemak jarri behar izan zituzten. Hobekuntza horien ondorioz, harrezkeroztik, energia kalorikoa nabarmen aurreztu zuten, eguzki-argiari etekin handiagoa atera zioten eta ingurumena hobeto zaindu zuten.
Duela hiru urte, ustiategia handitzeko, beste berotegi bat eraiki zuten, 2000 metro karratukoa. Hortaz, berotegi bat dute ziklo bakar luze batean eta beste bat, bi ziklotan. Horiei esker, urte osoan zehar ekoizten dute.
Guztira, 4.400 m2 berotegi dute hidroponiko sisteman, biomasa-berokuntzarekin eta Ekoizpen Integratuan eta Global Gap-en ziurtatuta. GARAIA SC-ren eskutik merkaturatzen dituzte produktuak, horren kide baitira.
Abeltzaintza Ataleko lehenengo saria
JOSEBA REKALDE
Ustiategi nagusian Pirenaika arrazako haragitarako behi-azienda dute, eta, horren osagarri, ardi Latx muturbeltz ardi-azienda, esnetarako. Zeanurin dago kokatuta ustiategia. Nabarmentzekoak dira familiaren lana eta ardura, zirkuitu osoan behi-okela ekoiztu eta saltzeko; izan ere, abereak arreta handiz zaintzen dituzte. Haragi-ekoizpen guztia familiak Igorren duen harategian saltzen denez, merkaturatze-ziklo laburra itxi egiten da. Ardi-aziendaren esne-ekoizpena Idiazabal izeneko gaztak egiteko saltzen da.
97 behi heldu eta hazkuntzarako 45 behi dituzte ustiategian. Urtean 90 abelburu inguru gizentzen dira haragitarako Eusko Label ziurtagiriarekin. Nekazaritza-azalerak 125 hektarea ditu, eta abereak bazkatzeko larreak eta bazkak hazteko erabiltzen da.
Abeltzaintza Ataleko Finalistak
Ainhoa Alava eta Aitor Urien Telletxea
AITOR URIEN TELLETXEA
Esnetarako ardi-aziendaren ustiategia. Gaztak egiten ditu, eta Abadiñon dago kokatuta. Orain dela 10 urte ekin zion jarduerari Aitorrek, familiaren tradizioarekin jarraitzeko: artaldeaz arduratu zen eta etxean gazta egiten hasi zen, gaztandegi bat jarri baitzuen. Gaur egun, sozietate bat eratu du bikotekide Izarne Axpe Portillorekin, bera ere abeltzaintza-sektorean hasi baita Gaztenek programaren eskutik.
Jetzitegia eta ardi-gaztak egiteko gela ditu ustiategiak, hala nola Idiazabal gazta (jatorri-deitura), Gazta Urdiña eta Urkiolako belardietan zuzenean egindako Mendiko Esnearekin egindakoa.
50 hektarea inguru ditu lursailak, eta Urkiolako mendietako belardietan bazkatzen dira 350 inguru latxa ardiak. Gazta-ekoizpenaren eta ardi-aziendaren osagarri, 15 ama behi inguru ditu txahalak ekoizteko, eta haragia zuzenean merkaturtzen dute okela-paketetan.
AINHOA ALAVA – OILOBIDE
OILOBIDE oilo-ustiategia eta marka komertziala Ainhoa Alavak kudeatzen du. Urduñan kokatuta dago, eta 2012an abiarazi zen.
3000 oliodun abeletxe ekologikoa da, eta produktu jasangarri eta bikainak ekoizteko konpromisoa du bereizgarri. Horren erakusgarri da oiloen bizi-kalitatea, oiloen elikadura % 100 ekologikoa baita; arrautzak fresko-fresko iristen zaizkie bezeroei, arrautzak errun eta egun batera edo bi egunetara.
Oilo eta arrautz gehienak Araban eta Bizkaian merkaturatzen dira, produktu ekologikoak saltzen dituzten dendetan, ostalaritzan, kontsumo-taldeetan eta Michelin izardun jatetxeren batean ere. Duela pare bat urte, okela hain baloratua aprobetxatzeko ideia sortu zen, eta barazkiekin egindako oilo-salda ekologikoa eta hanburgesa barietate bi egin eta merkaturatzen hasi ziren. Aurten online denda jarri du martxan, produktu horiek penintsulako hainbat tokitara irits daitezen.
Gaztenek Bizkaia Ekintzailetza Ataleko lehenengo saria
HAIZEA ARETXABALETA – ZAMUDIOKO MAGALARTE UPATEGIA
Haizea Aretxabaleta 2018an hasi zen familiaren upategian lan egiten, Lander nebarekin batera. Biak dira mahastiak landatzen eta txakolina egiten diharduen familiaren seigarren belaunaldia.
Zamudioko Magalarte upategiak –Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturakoa– 10 hektarea ditu eta neba-arreben eskutik, marka berri bat sortu da: Aretxabaleta, txakolin zuria, lietan ondua, Aretxabaletatarren gorazarretan egina.
Mahastiak Ekoizpen Integratuko ziurtagiria du, eta, gehienbat, Hondarrabi Zuri barietateko mahatsak ditu. Haizeak, aurten, Hondarrabi Beltz barietatea landatzea sustatu du, Magalarte, Zabalondo, Magalarte upelean hartzitua eta Aretxabaleta txakolinak ez ezik, txakolin berriak ere egiteko.
Upategiko instalazioak handitzen ari dira egun, eta beste eraikin bat jarri da badagoenaren alboan, eskari gorakorrari erantuzteko eta txakolin berriak egiteko.
Gaztenek Bizkaia Ekintzailetza Ataleko finalista
Mª ISABEL FERNANDEZ – EL ARROYO HOLSTEIN ABELETXEA
Mª Isabel Fernandez 2019an kokatu zen, Gaztenek-en eskutik, Iñigo Palacio senarrarekin –gizona lehenago kokatu zen, 2013an–, bazkide nagusi gisa, zerotik abiatuta, eta erabiltzeari utzi zitzaion abeletxe bat birmoldatu eta handitu zuten.
El Arroyo Holstein arraza horretako esnetarako behi-aziendako ustiategia da. Karrantzan dago kokatuta, eta 80 abelburu ditu, helduak eta hazkuntzarakoak. Behiak azken belaunaldiko Robot Lely A5 robotarekin jezten dira; horren bidez, borondatezko jeztea egin daiteke; produktibitate-, osasun- eta kalitate-parametro desberdinen kudeaketa indibiduala egin daiteke, eta, horrez gain, beste hobekuntza batzuk lortzen dira digitalizazioan, animalien ongizatean eta baserriaren kudeaketan.
Ekoizten dituzten 800 tona esne Karrantzako SAT Valle-ren bidez merkaturatzen dituzte. Esneak, hainbat kalitate-paremetro ditu, hala nola Welfair™ abereen ongizateko ziurtagiria, goreneko estandarra, ekoizpena etikoa, bidezkoa eta arduratsua dela egiaztatzen duena.
Ekinaren Ekinez Saria profesional baten jardunbideari
Mª BEGOÑA LUMBRERAS – MOMOITIO BASERRIA
Mª Begoña kaletarra zen, ez zuen inolako loturarik sektorearekin. Oso gazte zela, senar izango zuen José Miguel baserritarra ezagutu zuen. Gizonaren familiak, hortaz, abereak eta ortua zituen betidanik. Bizitzaren gorabeherak zirela eta, osasun-arazoengatik, denari utzi behar izan zion eta sendotzeko bidean, ohiko lanbidean lan egiterik ez zuenez, bikoteak Berangon baratze bat jartzea erabaki zuen, beren kontsumorako. Oso gogoko zutenez, Mª Begoña guztiz sendatu zenean, 2 tuneltxo jarri zituzten, barazki gehiago ere. Saltzea ideia ona izango zela otu zitzaien, eta Portugaleteko azokan hasi ziren. Lanbide gisa ekin eta ustiategia pixkanaka handituz joan zen, ortuariak merkaturatzeko beste modu batzuk bilatu zituzten, azokak probatz, eta beren marka komertziala sortu zuten: Momoitio Baserria.
35 urtez jardun ostean, esperientzia, proba, pairamen eta ahalegin askoren ondoren, orain bere sari preziatuena da larunbatetan Aretzako estalpetako azokara saltzera joatea eta bezeroek beren produktuak aintzat hartzen dituztela ikustea, eta, batez ere, beti familia ondoan laguntzen izatea.
Landaren Alde saria nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaien sektoreari egindako ekarpenagatik
ABEREKIN Intseminazio Artifizialeko Zentroa
Erakundea abeltzain batzuek sortu zuten abeltzainen zerbitzurako, 1985ean. Helburu du balio genetiko eta ugalketa-balio handieneko ernal-hazia lortzea, abeltzainen ustiategiek kostu egokian aurrera egitea sustatu eta errazteko.
Bi unitate ditu, Derion eta Torrelavegan, 300 hazitarako abererentzat. Egoitza Zamudioko Parke Teknologikoan dago.
Ernal-haziaren dosiak ekoizteko prozesua ISO 9001 Arauaren arabera ziurtatuta dago; hortaz, balio genetiko eta ugalketa-balio handieneko produktua eskaintzen du. Hazitarako abereei aplikatzen zaien osasun-politika zorrotzari esker, bost kontinenteetako 50 herrialdek erabiltzen dute egunero zentroko genetika.