LORRA – LABORAL KUTXA Sariak eman dira: Bizkaiko lehen sektoreko jardunbide profesional egokiak aintzat hartu ohi dituzte golardoek
LORRA-LABORAL KUTXA zortzigarren Sariak emateko ekitaldian, aurten ere, Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorea elkartu da, bi helburu hauen inguruan: batetik, baserrietan egunero egiten den lanaren balioa nabarmentzea eta, bestetik, bederatzi nekazaritza-ustiategiren jardunbide profesional aurreratuek sektorearen etorkizunari on egin izana aintzat hartzea.
Hala, sariak emateko ekitaldian, LORRAren mugimendu asoziatiboarekin loturiko eragileak eta Laboral Kutxa batu dira Bilbon eta, ohi bezala, urteari amaiera emateko balio izan du ekitaldiak. Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektoreko jarduera-adarren ordezkari ugari ez ezik, agintari hauek ere bertaratu dira: Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Iker Iglesias eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko Saileko aholkulari Nerea Rentería. Eta Jesús López de Foronda eta Alberto Díaz de Guereñu, Laboral Kutxako Euskadiko eta Bizkaiko nekazaritzako elikagaien arloko arduradunak, hurrenez hurren, eta Lorrako presidente Juan Luis Irazola. Izan ere, Bizkaiko lehen sektorean zerbitzuak ematen eta sektorea egituratzen 38 urte daramala ospatzen ari da Lorra aurten.
Sariek izaera profesional eta tekniko nabarmena dute, eta horrek ustiategi sarituen bikaintasuna bermatzen du. Epaimahaikideek ustiategiak bisitatu dituzte, horien jarduera osorik aztertzeko, bai ekoizpen-zikloari, instalazioei, metodoei eta erabilitako teknologiei dagokienez, bai jasangarritasunari eta negozioaren kudeaketari dagokienez.
Ustiategi sarituei egindako aintzatespenak egituratu du ekitaldia; halaber, sektorearen egoera arazotsua izan da hizpide, hots, ez dela behar beste baloratzen eta ez dagoela belaunaldien arteko erreleborik. Omenaldia nekazaritzako elikagaien sektore osora zabaldu da, Bizkaiko lurraldearen zati baten kudeatzaile eta bertoko tradizioen sorleku dela aldarrikatuta.
Bost atal hauetan eman dira sariak: Abeltzaintza atalean 3 ustiategi saritu dira; Nekazaritza atalean, 4 eta Gaztenek atalean 2 negozio ekintzaile saritu dira, sektorean sartu berriak. Halaber, Ekinaren Ekinez Sariaren eskutik, emakume nekazari baten jardunbidea aintzat hartu da,eta Landaren Alde Sariaren eskutik,Bizkaiko sektorea sustatzen duen erakunde edo pertsona bat.
Ustiategi sarituek hainbat azpisektore produktibo hartzen dituzte. Abeltzaintzan, esnetarako behien, haragitarako behien, esnetarako ardien, haragitarako zaldien, hegazti erruleen eta abarren ustiategiak daude. Nekazaritzan, frutagintza, aire zabaleko eta berotegiko baratzezaintza, mahastizaintza, landare apaingarriak, txakolin-upeltegiak eta nekazaritza ekologikoa.
Abeltzaintza ataleko lehenengo saria Gorka eta Saioa Uriagerekarentzat izan da. Bizkaiko hegazti-hazkuntzaren erreferente den Uriagerekaz arduratzen dira. 1967an abeletxea familiak Bakion duen baserriaren ondoan sortu zenetiko tradizio familiarraz arduratu dira aita-alaba. Bigarren belaunaldiak familiaren negozio txikia ustiategi moderno bilakatu zuen, eta Mungian instalazio berriak jarri zituen; 2018an, hirugarren belaunaldia, hots, Saioa, negozioan sartu zenean, instalazioei azken aurrerapen handia eman zitzaion lurreko hazkuntzarako; haztegia ere jarri zen eta bosgarren pabilioi bat erosi zuten, eta jarduera horri ekiteko egokitu.
Atal horretako finalistak Ibon Lasuen eta Esther Ugaldea izan dira. Latxaberri Txahal Okelaz arduratzen dira; Durangaldeko abeltzaintzaren bikaintasunarekin konprometituta dago proiektua. 2019an sortu zuten Ibonek eta Estherrek, beren sustraietatik, familiek abereak hazten bizitza eman zuten baserrietan. Latxaberrik tradizio hori bere egin zuen, herritarrei arbasoek gozatzen zuten haragiaren zaporea eramaten jarraitzeko.
Halaber, Itturbaltzaren buru diren Maider Asla, Unai Asla eta Unai Beitia izan dira finalistak. Gamiz-Fika eta Mungia artean dagoen abeltegi familiarrak abeltzaintza birsortzailearen irizpideen arabera lan egiten du. Abeltzaintza horrek belardien biodibertsitatea, lurren osasuna eta belarjaleen osasuna bultzatzen ditu. Haragitarako behi- eta zaldi-aziendak, ardi latxak, txerriak eta oilo erruleak hazten dituzte, eta zuzenean merkaturatzen.
Nekazaritza atalean, lehenengo saria Txakoli Doniene Gorrondona upategiarentzat izan da. Itziar, Egoitz eta Julen dira upategiaren jabe; mahastiak lantzen dituzte eta txakolina egiten dute, hots, Euskal Herriko baserrietan beti ekoitzi den ardoa. Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren aitzindariak dira, eta eskualdeko ardoak erabat aldatu zituzten. 1996an sortu zenetik, euren apustua izan da proiektu jasangarria, ingurumena zaintzen duena, aurrera ateratzea. 16 hektareako mahastiak ustiatzen dituzte, eta urtean, batez beste, 90 mila botila txakolin ekoizten eta zortzi ardo desberdin eta hiru uxual mota egiten dituzte.
Jaqueline Txertudi eta Fermin Urizar izan dira finalistak, Nanikeren arduradunak. Bikote horrek nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi mistoa du Busturialdean, eta barazkiak, Gernikako indabak eta kuiak ekoizten ditu, eta haragitarako behiak hazten ere. Aurten, beren lantegian txekorrak transformatzen eta lantzen hasi dira. Azoketan zuzenean merkaturatzen dituzte ekoizkinak, baita familia-baserriko lokalean ere.
Ugabe Txakolinaren zuzendari Ugaitz Iturbe ere finalista izan da. Bizkaiko Artea herrian dagoen upeltegi txiki familiarra da Ugabe. Toki pribilegiatu batean dago, eta horrek izaera berezia ematen die egiten dituzten txakolinei. Upeltegiak urtean 15.000 eta 20.000 botila txakolin inguru ekoizten ditu, eta horien % 75 AEBetara esportatzen da gehienbat, baita Japoniara, Suediara eta Alemaniara ere, besteak beste.
Hirugarren finalista Txakoli Uriarte upategiaren kudeatzaile Fco. Javier Uriarte izan da. Birraitona-amonak hasi ziren mahastia landatzen, XIX. mendearen amaieran. Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituradun Gamiz-Fikako upeltegi horretan, familiaren tradizioari jarraiki egiten dute txakolina, teknika berrienez baliatuta. 160.000 botila txakolin inguru ekoizten dituzte.
Gaztenek Ekintzailetza atalean, lehenengo saria Mustai Ortua ustiategiaren buru Marcela Pavarentzat izan da. Abokatu kolonbiar horrek indarrak batu ditu, euskal diseinatzaile batekin batera, Maruriko baratze batean lurra zaindu eta lantzeko; kalitate bikaineko landare ekologikoak saltzen dituzte zuzenean. Proiektuak nekazaritza birsortzaile eta biointentsiboaren printzipioak bateratu ditu, ahalik eta uzta ugariena espazio txikienean lortzeko; baita giza eskalako nekazaritzarenak ere, inguruneko biodibertsitatea eta emankortasuna hobetzeko.
Atal horretako finalista Izarne Axpe izan da, Urien-Anbe ustiategikoa. Abadiñon dago, esnetarako ardiak ditu eta gazta egiten du; Izarnek hori hobetu nahi izan du, hainbat inbertsioren bidez. Sozietate zibil bat eratu du Aitor Urien bikotekidearekin batera. Horrek duela 10 urte hasi zuen jarduera profesionala, familiaren tradizioarekin jarraitzeko. Idiazabal, Gazta Urdiña eta Mendiko Esnearekin egindako gazta egiten dituzte.
Ekinaren Ekinez sariak gorazarre egin dio Emilia Arana Larrakoetxearen jardunbideari. Jatorriz Zeanurikoa da, eta txikitatik egon da lotuta artzaintzarekin. Esperientzia hori baliagarria gertatu zitzaion, 1987an, baserriko titularra eta ardi latxen artzaina zen senarraren anaia zaharrena gaixotu egin zenean, eta senar-emazteek abeltzaintza-ustiategia aurrera ateratzeko konpromisoa hartu zutenean. Emilia gazta egiten hasi zen, eta ustiategiaren euskarri bilakatu zen. Hala, familia, etxeko lanak eta abeltzaintza-ustiategiko mota guztietako lanak –batez ere, gaztagintzarekin zerikusia dutenak– uztartzen ditu. Apustu sendoa egin zuen baserriak bizirik jarrai zezan eta kalitate goreneko produktua aurrera ateratzeko; izan ere, Bizkaian eta Euskadin aintzat hartzen da.
Azkenik, Landaren Alde saria Markina Inguruko Baserritar Alkartearentzat (MIBA S.Coop.) izan da. 1963an sortu zen, eskualdeko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiei laguntzeko kooperatiba xume gisa, eta sektoreko erreferentzia izatera iritsi da. EAEko eta probintzia mugakideetako abeltzaintza-ustiategien errentagarritasuna hobetzea du helburu. 1.000 bazkide eta zentro baino gehiago ditu Etxebarrian, Markinan, Igorren, Itziarren, Mungian eta Karrantzan. Mondragon Korporazioan sartuta dagoen Erkop euskal taldeko kidea da.