Bizkaiko Foru Aldundiak, ‘Suspertze Plana’ aurkeztu izanaren bidez, lehen sektorearekin duen konpromisoa berretsi du. Plan hori sektoreko elkarteekin, ENBA eta EHNE nekazaritzako sindikatuekin eta LORRA kudeaketa-zentroarekin lankidetzan diseinatu du, Bizkaiko baserritarren errentagarritasuna eta bizi-baldintzak hobetzeko helburuz.
Inbertsioaren guztizko zenbatekoa 4,9 milioi euroko da urtean, eta horietatik 2 milioi baserritarrei laguntzeko neurrietan erabiliko dira zuzenean, hala nola dirulaguntzetan eta sektorea indartzeko programetan. Halaber, funtsezko bi neurri ditu planak, uraren hobaria eta forfait berezi bat ezartzea, eta neurri bien inpaktu ekonomiko gehigarria 2,9 milioi eurokoa da. Ekimen horien helburua da Bizkaiko nekazaritzako ustiategien kostu operatiboak murriztea eta haien bideragarritasuna bermatzea.
Sektore osoaren lankidetza estuaren emaitza izan da plana. Izan ere, urtarriletik maiatzera bitartean egindako lan-jardunaldi batzuen ondoren adostu dira neurriak, eta 110 eragilek parte hartu dute.
Plan horien bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sektorearen eskaerei erantzuteaz gain, Bizkaiko lehen sektorearen egonkortasuna eta etorkizuna sustatzeko aliatu estrategiko gisa duen eginkizuna berretsi du.
Sektorearen beharrei erantzuteko diseinatu diren neurriak
‘Suspertze Plana’ izenekoak bost lan-ildo eta 14 neurri espezifiko bildu ditu, Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearen beharrei erantzuteko. Hortxe, neurriok:
- Lurralde-oinarria hobetzea: mendiak larre bihur daitezen sustatzea, eta Mendien Foru Arauan erabilera alda dadin erraztea; halaber, artzaintza birtuala babestea lurzoruaren aprobetxamendua hobetzeko.
- Onura publikoko mendiak kudeatzea: Sailen arteko batzordeak eta Onura Publikoko Mendien batzordeak sortzea, erabilerak eta zerbitzuak koordinatzeko.
- Basoen abandonua minimizatzea: Basogintza Elkarteari eta Baso Truke proiektuari laguntza ematea, baita basoberritzeko laguntzak handitzea ere.
- Erreketa kontrolatuetako plana egitea: suteak prebenitzeko eta larrien kudeaketa hobetzeko plan bat ezartzea.
- Bitartekaritza-zerbitzua ezartzea belaunaldien arteko erreleborako: ustiategien banku bat sortzea, nekazaritzako ustiategietan erreleboa errazteko.
- Erreleborako plan integrala egitea: belaunaldien arteko erreleboa eta nekazaritzako ekintzailetza sustatuko duen ekosistema baten diagnostikoa eta diseinua egitea, Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako administrazioekin batera.
- Inbertsiorako laguntzei buruzko dekretu berria prestatzea: inbertsioetarako zuzkidura handitzea eta deialdiak urte osoan egitea.
- Uraren tarifak merkatzea: uraren fakturari % 50eko hobaria aplikatzea abeltzaintzako sektorean, Bizkaiko Ur Partzuergoarekin lankidetzan.
- Abantaila fiskalak: nekazaritza eta abeltzaintzako forfait-a % 70 igotzea, sektorearen errentagarritasuna hobetzeko.
- Mahastizaintzarako laguntza: mahastien mahastizaintzarako laguntza eta laboreen hibridaziorako laguntza handitzea.
- Abereen osasunari laguntzea: aziendaren osasuna sustatzea, eta ustiategiko albaitari profesionalari laguntzea.
- Ehiza-fauna murriztea: abeltzaintzak berak kudeatzea ehiza-faunaren populazio-kontrola, horrek ustiategietan duen eragina murrizteko.
- Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak hobetzea: Gertu-n nahitaezko aurretiazko hitzordua kentzea; prozedura telematiko gehiago jartzea eta prozedurak sinplifikatzea.
- Ordezkapenen dekretua aldatzea: ordezkapenetarako laguntza gehiago ematea, eta, horretarako, amatasunagatiko eta edoskitzeagatiko laguntzak handitzea.