Euskadiko Kirolerako Zaldien Hazitarako Katalogoa 2022
Kirolerako Zaldien Hazleen Euskal Elkartea (BCEH) Euskal Autonomia Elkarteko hiru lurraldeetako kirolerako zaldien 12 hazlek sortu zuten, 2016ko abenduan.
Gaur egun, Euskadiko 25 zaldi-abeltzain dira proiektu horren partaide, eta, guztira, kirolerako 322 abere –behorrak, zaldikumeak eta hazitarako zaldiak– daude erroldatuta.
Elkartearen asmoa da jendeari, administrazioari eta, batez ere, Euskadiko zaldi-hazleei elkartekideek hazitako zaldien baldintzak, jatorriak eta balio erantsia jakinaraztea. Era berean, Euskadiko kirolerako zaldiaren ekoizpena hedatu eta garatu nahi da, nekazaritza eta abeltzaintzaren ikuspegitik bideratuta.
Elkarteak gure abeltzaintzako produktuen hautaketa zaindu nahi du, azken produktuak homogeneizatzeari begira.
BCEH elkarteak zaldi-sektorearen garapena sustatu nahi du Euskadin, eta, horretarako, ugalketa, osasun-baldintzak eta maneiua hobetu eta ekoizpenak eta balio erantsia handitu.
2020ko martxoaren 4an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak jarduera ekonomiko gisa ofizialdu zuen kirolerako zaldi-hazkuntza, eta dagozkien marjina gordinak finkatu zituen; horrela, abeltzaintzako alternatiba errentagarritzat hartu zen gure ekintzaile gazteentzat eta lehen sektorearen barruan egungo ekoizpen-jarduerak dibertsifikatu edo birbideratu nahi dituztenentzat.
Izan ere, hauek dira helburu nagusiak:
- RAID edo ENDURANCE zaldizko erresistentziako zaldiaren ugalketa SELEKTIBOA, baita kirolerako zaldiena oro har, merkaturatzen diren produktuei BALIO ERANTSIA emateko.
- Elkartekideei laguntzea AMA BEHORRAK eta HAZITARAKO ZALDIAK hautatzen, bakoitzak ematen duena ezagututa.
- Kirolerako zaldi-hazkuntza ERREGULARIZATZEA eta abeltzain gazteei ate bat zabaltzea.
- Kirolerako zaldien sektoreko EKOIZLE eta ABELTZAIN guztiak ELKARTZEA, eta horiei elkartearen sentimenduak irakastea.
- Kirolerako zaldiaren ekoizpena ZABALDU eta GARATZEA Euskal Autonomia Erkidegoan, eta nekazaritza eta abeltzaintzaren ikuspegitik bideratzea.
BASQUE COUNTRY hazitarako zaldien I. katalogoa aurkezten dizuegu.
Elkartea gaztea bada ere, baditugu hazitarako zaldi asko egiaztatuta, eta gehienak hazitarako zaldi gazteak izan arren, esan dezakegu Endurance diziplinarako genetikarik onenak dituztela odolean. Izan ere, hala adierazten dute lerro genetiko horiek nazioartean nahiz Estatuan lortu dituzten kirol-emaitzek.
Elkartearen filosofietako bat da gero eta zaldi hobeak haztea, eta, horretarako, ama behor eta hazitarako zaldi onenak bilatzen dira, konbinazio genetiko onenak lortzearren. Aurrerantzean, beraz, hazlearen lana izango da bere behorrarekin ondoen konbinatzen duen hazitarako zaldia bilatzea eta lortu nahi duen pedigria lortzea.