San Isidro jaia zela eta, Deia egunkariak “Contra viento y marea” izeneko iritzi-tribuna argitaratu zuen. Horretan, LORRAko zuzendari kudeatzaile Martin Uriartek sektorearen egoera azaldu zuen labur.
Gaur egun lehen sektorean bizi izaten ari garen argiak eta itzalak aipatu ziren artikuluan, baita nabarmendu profesionalek, jarduerari eutsi ahal izateko, ustiategietan errentagarritasuna lortzeko eta errenta duinak irabazteko dituzten zailtasun itzelak.
“Egungo egoerak, hilabeteotan, sektorearen mobilizazioak ekarri ditu, Estatuan, eskualdean eta EAEn, eta laguntza eskatu dute errenta duina berenganatzeko, jarduerari eutsi ahal izateko.”
Testuinguru gogor horretan, sektoreak beste erronka bati aurre egin behar dio bizirauteko: Nekazaritza Politika Erkidego (NPE) berrira egokitu beharra, zeinaren estrategiek –Itun Berdea, “Baserritik mahaira” eta Biodibertsitatea, besteak beste– ekoizpen-eredua goitik behera aldatzea dakarten.
“Egoera latz horretan, ingurumen-jasangarritasunarekin dugun konpromisoa berriz azpimarratzen badut ere, neure buruari galdetzen diot ez ote genukeen hausnartu behar, eta, “txori eta loreetan” pentsatu beharrean, “ogia eta okela” ziurtatu beharko genituzkeela, epe ertain eta luzerako behar premiazkoenak eta helburu estrategikoak orekatzen jakinda, sektoreak bere eginkizun nagusia bete dezan, hots, elikagai eta lehengai seguru eta eskuragarriak ekoiztea, gure gizartearen segurtasunerako eta egonkortasunerako”.
Horren harira, egileak klima-aldaketa arintzeari ekin behar zaiola mahaigaineratu du, behar-beharrezkoa baita, eta, aldi berean nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien bideragarritasuna bermatu behar dela.
“Bertoko nekazariek eta abeltzainek eta horien kooperatibek elikagai osasungarri eta seguruak ekoizten eta herritarren eskura jartzen dituzte. Baina, horretarako, bidezko ordainsari nahikoa behar dute euren lanaren truke, baita ustiategien jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko prezio zuzenak ere, Elikakatearen Legeak ezarritakoaren arabera; izan ere, lege hori martxan jarri beharra dago, eta, aldi berean, nekazaritzako elikagaien sektorearen ekoizpen-kostuak gehitzearen ondorio negatiboak arintzen lagunduko duten eta bertoko ustiategietako nekazaritza-ikerketari eta berrikuntzari laguntza emango dioten talka-neurriak garatu ere”.
Hori guztia gorabehera, berri onak ere badaude, esaterako, sektorean ekintzaile berriak sartzen ari direla, eta ekintzailetzaren haziari esker, Bizkaiak aurten beste 23 ustiategi izango ditu. Izan ere, 23 gazte izango dira negozio berri horien buru, kosta ahala kosta, ekitea erabaki baitute ekitaldi honetan. Horien artean 14 lehendik badauden ustiategietan hasiko dira lanean, aurreko belaunaldiak ordezkatuta.
Amaitzeko, hau behar dela eskatzen da: “bertoko herritarrek eta erakundeek aintzat har gaitzatela, gure mahaiak eta supermerkatuetako sailak bertoko produktuekin, kalitate onekoekin eta ingurumena zaintzen dutenekik betetzen ditugunok, alegia, nezakaritzarik gabe ez baitago elikagairik eta elikagairik gabe ez baitago etorkizunik!