• LORRAk Gaztenek programaren barruan 63 eskaera berri jaso ditu beren negozioa landa-eremuan jarri nahi duten ekintzaileen eskutik. Hala, azken bi urteetako eskaera kopurua bikoiztu egin da.
• Eta, lehen aldiz, ontzat eman dira 41 urtetik gorakoek zuzentzen dituzten negozio-proiektuak.
• Behin balorazio-batzordeak amaituta, aurten instalatzeko 49 proiektu onartu dituzte.
Landa-lanarekiko interesa areagotu egin da Bizkaian, ikusita aurten zenbat proiektu aurkeztu diren hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako Gaztenek programaren barruan. “2015ean 32 proiektu aurkeztu ziren, 2014an 31, eta aurten kopurua bikoiztu egin dugu; horrek argi erakusten ditu interes handiagoa dagoela” adierazi du Martín Uriarte LORRA S.Coop.-en gerenteak. 2016an, erakundeak negozio-proiektu berrietarako 63 eskaera jaso ditu —17 emakumezkoenak eta 46 gizonezkoenak—, azken bi urteetan aurkeztu diren espedienteak bikoiztu egin direlarik. Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Saileko erakunde kolaboratzailea da LORRA, eta haren eginbeharra programa honetan martxan jartzen diren proiektu berriak tutorizatzea da, jardueraren lehenengo hiru ekitaldietan zehar. Bertako teknikariek ekintzaileei beren negozio-ideiak lehen sektorean abian jartzen eta erronkei aurre egiten laguntzen diete, ideia horiek arrakasta lor dezaten.
Koiuntura ekonomikoa da interesa areagotzearen arrazoi nagusietako bat. Lanik topatzen ez duten gazteak, langabezian geratu diren eta haien lan-etorkizuna birbideratu nahi duten pertsona helduak…Hain zuzen, aurten, lehen aldiz, 41 urtetik gorako ekintzaileek programan parte hartu ahal izan dute, jaso diren eskaeren % 14 profil horretakoak direlarik. “Behar bat detektatu genuen beren bizitzetako etapa berri bat lehen sektorera birbideratu nahi duten pertsona helduengan”. Adierazi du Martin Uriartek. Hedatzen doan landa-bizitzaren ikuspegi berri batek ere eragina izan du. Ikuspegi hori lotuta dago negozioen modernizazioarekin, teknologia berrien ezarpenarekin, bizitza-estilo iraunkorrarekin, tradizioen berrikuntzarekin, proiektu berritzaileekin… eta erakargarriago egiten duten beste balio batzuekin. “Lehen sektorearen modernizazioa egitate bat da, eta pixkanaka-pixkanaka errealitate berri hori indartzen doa eta tradizionalki baserriko bizitzari eta landa-lanari elkartutako topikoak hausten doaz ” baieztatu du Martinek.
Ekintzailetzako sektore horietatik, nabarmentzekoak dira egonkortzea lortu duten nekazaritza ekologikoko 19 proiektu (aurkeztu direnekiko % 30), eta nobedade moduan barraskilo-hazkuntza dago, azken urteetan Bizkaian sortu diren lehenengo ustiapenekin. Gainontzekoan, denetarik dago: esnetarako behi- eta ardi-azienda, haragitarako behi-azienda, oilo ekologikoak, txerriak, erlezaintza, untxi-hazkuntza, mikologikoa, baratzezaintza intentsiboa, landare- haztegia eta basogintza, frutikultura…
Behin balorazio-batzordeak amaituta, aurten instalatzeko 49 proiektu onartu dira (emakumezkoek zuzendutako 16, gizonezkoek zuzendutako 22, eta 41 urtetiko gorakoek zuzendutako 4). Gainontzeko 14 espedienteak 2017tik aurrera gauzatuko dira.
LORRAko taldearen eginkizuna izango da 49 proiektu berri horiek gauzatzen laguntzea, haien tutoretza-lanak eginez. LGIP berrian, laguntza hori bost urtera luzatzen da, eta, horrela, ekintzaileei beren proiektua martxan jartzen eta aurrera eramaten lagunduko diete 2020ra arte. Horiek erakundeak gaur egun tutorizatzen dituen beste 116 espedienteei (pasadan urteetatik datozenak) gehituko zaizkie.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da LORRA, eta elkarteei eta ustiapenei zerbitzu teknikoak eta ekonomikoak ematen dizkien nekazaritzako elikagaien sektorerako kudeaketa-zentroa, Bizkaian. Gaur egun 34 elkarte, 7 kooperatiba eta 1 bazkide kolaboratzaile biltzen ditu, eta lehen sektorearen barruan jarduera-eremu guztietako 4.000 ekoizle baino gehiago ditu Bizkaian.
Aldaketak Landa Garapeneko programa berriarekin
Landa Garapeneko Programak zehazten ditu Euskadiko landa-ingurunea sustatzeko eta babesteko Eusko Jaurlaritzak aurrera eraman nahi dituen neurri garrantzitsuenak. 2015eko maiatzaren 26an 2015-2020 LGP berria onartu zen, eta, ondorioz, hainbat aldaketa egin dira. 41 urtetik gorako pertsonak gehitzeaz gainera, 2016an negozio bati ekin nahi dioten ekintzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:
- Jarduera behintzat 5 urtez mantentzea.
- Nekazaritzako jarduerari behintzat 9. hilabetean hasiera ematea, enpresa-plana aurkezten denetik.
- 5. jarduera-urtean 0,5 UTA (Nekazaritzako Unitate Teknikoa edo lanpostua) gutxienez egiaztatzea.
- 5. urte horretan behintzat 16.000 € fakturatu direla egiaztatzea —PFEZ aitorpenaren bidez justifika daiteke— eta jardueraren 9.600 €-ko marjina gordina aurkeztea.
- 18 hilabetera nekazari aktiboa dela egiaztatzea, hau da, diru-sarreren % 20ak nekazaritzan duela jatorria.
- Hiru urteetan gauzatuko duela hitz emandako nekazaritzarako gaikuntza edo prestakuntza (gutxienez 150 ordu) egiaztatzea.
Baldintza horiek betetzen dituzten gazteek gaur egun inbertsio lagungarrien % 60ko finantzaketa lor dezakete (% 50 makineriaren kasuan) eta 70.000 €-rainoko diru-sarrera osagarriak, puntuazioaren arabera, 20.000€-ko gutxienekoarekin hasierako soldata moduan, aintzat hartuta lagungarriak ez diren ondasunak, komertzializazio-mota, asoziazionismoa, etab.
LGP berria azterketa-fasean dago, zenbait aldaketa formalizatzeko, gaur egungoak baino baldintza murriztaileagoak ezarriko dituen 2017ko ekitaldiari begira. Hala, finantzazioa lortzeko, aurreko puntuan deskribatu diren konpromisoez gain bosgarren jarduera-urtean 1 UTA justifikatzea eskatuko da (Nekazaritzako Unitate Teknikoa, hau da, lanpostu bat justifikatzen duen lana), orain arteko 0,5 UTA beharrean, eta 9.600€-ko marjina garbia 9.600€-ko marjina gordina beharrean. Beste nobedade bat izango da 2017an Gaztenek programarako eskaerak BFAren Eskualdeko Nekazaritza Bulegoaren bidez egin beharko direla Bizkaian, edo HAZI Fundazioan (Derio Nekazaritza Eskola) bestela, LGIP berriaren arabera hura baita ekintzailetza kudeatzeko arduraduna. Behin aurkeztutako proiektuaren lehenengo balorazio-batzordea egin eta gero, LORRAk bideragarritasun-plana prestatzen lagunduko die interesatuei, dohainik, administrazioak finantzatutako zerbitzua den aldetik.