Deiak pasadan hilabetean (martxoan) antolatu zuen bileran izan ginen, eta landa-eremuko hainbat aditurekin sektoreari eragiten dioten gai garrantzitsuak tratatu genituen. Egunkariaren instalazioetan egin zen adituen arteko topaketa, eta Derioko nekazaritza-eskolako zuzendaria, Verónica Arrieta, izan zen moderatzailea. Eztabaida-mahai berean egon ziren Martín Uriarte, LORRA S.Coop-en izenean, Iker Iglesias Goimarreko zuzendaria eta Iñigo Bilbao ENBAren (Euskal Nekazarien Batasuna) zerbitzu teknikoen arduraduna.
Gaur egungo erronkei aurre egiteko kolaborazioak lortu eta eztabaidarako gune bihurtu zen. Erronka horietako batekin hasi zuten debatea: belaunaldi txandaketa. Kapitulu honetan, Martín Uriartek azpimarratu zuen oso garrantzitsua zela administrazioari epe motzeko plan estrategiko bat egin zezan eskatzea, hemendik 10 urtera zer egoeratan egongo garen aurreikusteko, ustiategi gehienak 55 urtetik gorako pertsonek zuzendutakoak direla ikusita.
LORRAren gerenteak ekintzailetzaren garrantzia jorratu zuen landako lanpostuak betetzeko, baina esan zuen ez zirela nahikoak. Datuen arabera, aurten 25 ekintzaile berri sartu dira sektorean, baina 100 bat aterako dira, erretiroagatik bereziki. Aldi berean, azpimarratu zuen gero eta gehiago direla sektorean sartzen doazen emakumeak, eta aurten, ustiategietako titularren eta titularkideen artean ekitatea lortu dela, gizon-emakumeen artean. Emakumeak beti izan du presentzia handia sektorean, baina lehen itzaletan zegoen, eta, orain, antza, titular moduan agertzen hasi da.
Martinek kooperatiba-taldeak sustatzeko beharra aipatu zuen. Konpondu gabeko irakasgai bat da, beharrezkoa, produktuak batera merkaturatu eta denentzat mozkinak lortzeko. Eredu horrek bat egin dezake beren produktuak (orga ekologikoen bitartez adibidez) merkaturatzen dituzten baserritarrekin.
Tokiko ekoizleek ingurumenarekin duten konpromisoa azpimarratu zen ere, Martinen esanetan betidanikoa izan dena, eta aldi berean lan-arriskuen prebentzioari garrantzia eman zitzaion, hobe daitekeela azpimarratuz.
Sektorea modernizatu behar dela ondorioztatu zen ere, teknologia berrietara gutxi ohituta baitago. Instalazioen modernizazioaz eta produktuak hobeto merkaturatzeko teknologia berriak sartzeaz hitz egin zen. Ildo horretatik, lehen urrats moduan, elkartutako ustiategi guztien online salmentarako weba egiteko gure proiektua aipatu zen.