• Europako nekazaritza-ustiategien behar guztiei erantzutea da xedea.
• Euskadik iraunkortasunari eta bioenergiari buruzko lantalde bat zuzentzen du.
Nekazaritza Kontsultoreen Europako Federazioaren biltzarra egin da Bilbon– EFAC. Bertan, Europar Batasuneko herrialde kide ezberdinetako nekazaritzako aholkularitza-enpresak bildu dira, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren eremuan ustiategiek dituzten behar arruntei erantzuteko.
EFACek herrialde hauetako ordezkariak biltzen ditu: Alemania, Frantzia, Holanda, Belgika, Danimarka, Austria eta Espainia. Estatu-mailan Lursailek bakarrik parte hartzen du, eta haren kide dira Hazi Fundazioa eta Euskadin nekazaritzako aholkularitza-zerbitzuak ematen dituzten bost erakunde homologatuak: Lorra, Lurgintza, Abere, Abelur eta Aga. EFACen lehendakariordea den aldetik, Lursail izan da ekitaldiaren antolatzailea, eta haren Bizkaiko bazkidea, Lorra, Bilboko bileraren kudeatzailea.
Europako nekazaritza-enpresei aholkularitza-zerbitzuak ematen dizkieten erakunde ezberdinetako hogei bat ordezkari bertaratu dira biltzarrera, eta federazioaren lanaren ildo nagusiak tratatu dituzte; hiru dira: kudeaketa, zergak eta iraunkortasuna.
Kontseilu Errektorearen bileran antolamenduarekin lotutako gaiak aztertu zituzten, eta, nobedade moduan, Belgikatik nekazaritzako produktuen (esnea, arrautza, oilaskoa eta txerria kasu) eta animaliak elikatzeko lehengaien (soja, garia, garagarra) prezioak behatoki moduan aztertzeko lantalde berria eratzea proposatu zuten, MARKET-Group izenekoa. Ekimen hau prezio-aldaketak “aurreikusteko” algoritmoa sortu duen erakunde belgikarraren esperientzian oinarritzen da.
TAX-Group taldean nekazaritzako enpresariei eragiten dieten zerga-sistemak eta arautegiak aztertu zituzten, eta herrialde kide bakoitzeko zerga-nobedadeak eta egoera ekonomiko larrian dauden nekazaritzako ustiapenei ematen ari zaien tratamendua partekatu zituzten. Lantalde honetako euskal teknikariek nekazaritzaren arloko gure zerga-sistema azaldu zieten kide europarrei.
Euskadik zuzendutako BIOENERGY-Group iraunkortasunaren eta bioenergiaren lantaldeak herrialde kide bakoitzaren bio/energia iraunkorrari buruzko egoera erreala azaldu zuen, eta ekonomiaren eta zergen ikuspegitik onibarrean energia berriztagarriaren ekoizpenak eta erabilerak planteatzen zituzten erronka eta aukera nagusiak jorratu zituzten. Aztertu zuten ere onibarrek zer behar zituzten nekazaritza-ustiapenetan energia berriztagarrien erabilera eta ekoizpena hobetzeko, eta energia berriztagarriaren ekoizpena eta autokontsumoa modu errentagarrian areagotzeko zer praktika on zeuden, betiere energia-hornidurak iraunkortasun-irizpideak bete ditzala bermatuta utziz.
Biltzarrarekin batera beste jarduera batzuk burutu ziren; besteak beste, Europako espezialistentzat oso interesgarria izan zen Derioko Aberekin Hazitarako Zentrora egindako bisita. Europako 2018ko hiri onena izendatu dute Bilbo, bizitu dituen aldaketa eta garapen garrantzitsuak direla medio. Bertaratuek aldaketa eta garapen horien berri izateko aukera izan zuten, eta hiriburuaz eta haren gastronomiaz gozatzeko ere bai.
Federazioaren hurrengo bilera Alemanian egingo da, irailean.