Pasadan apirilean EFAC Nekazaritza Kontsultoreen Europako Federazioak bilera egin zuen Bruselan, eta LORRA KOOP bertan izan zen LURSAILen partaide moduan. Foroa bere garaian lehen sektorean kudeaketaren eremuan lan egiten duten europar erakundeen artean lan-esperientziak trukatzeko eta behar eta arazo arruntei erantzuteko plataforma moduan sortu zen.
Bileran, erakundea osatzen duten kudeaketa-zentroen gehiengo batek parte hartu du: Alemania, Frantzia, Belgika, Holanda eta Euskadi; kide badira ere Danimarka, Suedia, Austria eta Irlanda. EFACeko kide guztiek elkarlanari bultzada emateko apustu egin dute, 2012tik ez baitzen topaketarik egiten.
Bitartean, lantalde ezberdinak berrartu dira, epe motzera eta luzera lortu nahi diren helburuen arabera. Epe motzera, aurrerapenak lortu nahi dira teknologia berrien sarbideari eta nekazaritza-diziplinen eta aholkularitza-zerbitzuen ezagutza espezifikoari dagokienez. Epe luzera, berriz, bazkide kopurua areagotu nahi da Europar Batasunean nekazaritza-aholkularien lobby bat eratzeko, eta, hala, Europar Batzordean ofizialki ordezkagarritasun handiagoa edukitzeko.
Zeregin-banaketari dagokionez, Euskadik nekazaritza-ustiapenen Energia Iraunkortasuneko eremua zuzenduko du, eta LURSAIL izango da lantalde horren arduraduna. Lortu nahi den xedea herrialde kideen nekazaritza-ustiapenetan energia-eraginkortasunaren eta bioenergiaren arloan aurrera eramaten diren praktikak partekatzea da. Halaber, Federazioaren karguak berritu ziren, eta LURSAIL izendatu zuten datozen bi urteetarako lehendakariorde izateko.