EFAC Nekazaritza Kontsultoreen Europako Federazioaren bazkide diren nekazaritzako eta abeltzaintzako aholkulari europarrek Bilbon egingo dute hurrengo bilera, martxoan. EFAC organizazioen foro bat da, eta xede bikoitza du: batetik, Europan behar eta arazo arruntak dituzten nekazariei eta abeltzainei zerbitzuak eskaintzea, eta, bestetik, haren jardunbideei lotutako diziplinetan esperientziak, teknologiak eta ezagutzak trukatzea. Euskadin egingo du hurrengo lan-jardunaldia, eta gai-zerrendan jasota daude zerga-taldearen, bioenergia-taldearen eta Kontseilu Errektorearen bilerak.
Efac-en azkeneko bilera Belgikako Lovaina hirian egin zen, eta Danimarka, Alemania, Holanda, Belgika, Frantzia eta Euskadiko ordezkariak izan ziren bertan, martxan dituzten jardunbide ezberdinen egoera berrikusi eta ezarritako planean aurrera egiteko.
Errektore Kontseiluaren bileran zerga-taldeak egindako lanari buruz aritu ziren hizketan. Aurten, LURSAILEN ordezkari batek bat egin du. Krisiak jotako urte hauetako zerga-egoera eta sektorea egoera berrira nola egokitu den erakusteko laburpen-koadro bat aurreratu zen, eta martxoan egingo den bilerarako zereginak ere planteatu ziren. Bilera horretan, herrialde kide bakoitzeko lantaldeek beren lurraldeko zerga-arloko nobedadeak eta krisian edo arrisku-egoeran dauden ustiapenei laguntzeko dituzten mekanismoak azalduko dituzte. Halaber, LURSAILek bioenergia-taldearen dinamizatzaile moduan egindako lanari buruz hitz egin zuten, herrialde kide bakoitza arlo horretan zer egiten ari den ezagutzera emateko, alderatzeko, eta esperientziak trukatzeko.
Esperientzia-truke horretan, gure lanaren eta LURSAILen kudeaketa-zentro ezberdinek nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorretan ematen dituzten zerbitzuen profesionaltasuna egiaztatuta geratu zen beste behin.