2021eko abenduan, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, Ekolurra bereizgarria –Kontseiluak ziurtatutako elikagaiak markatzen dituena– aurkeztu zuen. Etiketa hori aurrarapauso itzela da elikadura ekologikorako, produktu horiek bereiztea eta horien balioa nabarmentzea baitakar.
Ekolurra etiketadun elikagaia ekologikoa da, lurrarekin hertsiki lotuta dago eta nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren onura guztiak ditu, baita kalitate-berezitasuna ematen dioten bestelako ezaugarriak ere. Gainera, elikagaien etiketatze ekologikoak ezarritako gutxienekoak baino betekizun gehiago betetzen ditu.
Halaber, Ekolurrak ekoizpen-eredu ekologikoa landa-garapenaren mesedetan jartzen du, koherentziaz beteta eta bertako elikadura-sistemara bideratuta.
Ekolurra bereizgarridun produktuek onura hauek dakartzate:
a) Onura baliagarriak: bertakoa, ona, zaporetsua, kalitate onekoa, irisgarria,…
b) Onura emozionalak: geurea, benetakoa, bertakoa, osasungarria, ingurumenarekin arduratsua, zirkularra.
c) Geure buruak sendatzearekin loturiko onurak: pozik gaude ondo egiteaz, koherenteak izateaz, osasuna lehenesteaz eta mundua hobetzeko geure aletxoa jartzeaz.
d) Lurraldearekin loturiko ekoizleak eta ekoizpenak: ahal den neurrian, bertako balabideak erabiltzen eta zaintzen dituzte ekoizleek, eta, landa-munduak bizirik iraun dezan, produktu gehienak toki-mailan merkaturatzen dituzte.
Euskadiko elikagai ekologikoak
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, elikagaietan zigilu ekologikoa erabiltzearen kontrolaz eta baimenaz arduratzen den erakunde ofiziala da. Kontseiluaren eginkizun nagusienetako bat zigilua ezagutaraztea da.
Ekolurra bertako produktuen aldeko apustua da; izan ere, bertako merkatura bideratuta dago, merkaturatze-zirkuitu laburren bitartez. Ekolurra etiketadun produktuak “Euskadiko elikagai ekologikoak” bezala aurkez daitezke.
Ekoizpen gorakorra
Gaur egun, ekoizpen ekologikoko 707 operadore daude; izan ere, ekoizpen eta eredu ekologikoak goraka doaz.
- 2001ean hauek genituen: 373 Ha EKO, 61 profesional, % 0,15 laborantza.
- 2011n hauek genituen: 2.722 Ha EKO, 274 profesional, % 1,43 laborantza.
- 2021ean hauek genituen: 7.420 Ha EKO, 707 profesional, % 4,04 laborantza.
2010eko uztailaz geroztik, Europar Batasunean ontziratutako elikagai ekologiko guztiek euro-hostoa eraman behar dute.
Europako Erkidegoak Itun Berdearen (Green Deal) eta Farm to Fork estrategiaren barruan (lurren % 25 modu ekologikoaren arabera lantzea) 2030erako jarri duen helburua EAEn lortzea oraindik urrun badago ere, espero da Ekolurrak helburu hori lortzeko urrats sendoak ematen laguntzea.