Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ikerketaren arabera. Bizkaiko hamar emakume baserritarretik zortzik hartu dute parte.
Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ikerketaren arabera, Bizkaian 1.431 emakume baserritar daude. Sektorean familia tradizioagatik dihardute eta batez beste 58 urte dituzte. Euskaldunak dira eta gehienak Enkarterrin, Durangaldean eta Plentzia-Mungian daude.
Ikerketa-txostenean jaso moduan, emakume baserritar gehienek dute ustiategiaren jabetza; hala ere, bakarrik heren batek ustiategian esklusiboki egiten du lan: gainerakoek erretiroa hartu dute, beste lan bat dute edo etxeko lanak egiten dituzte. Era berean, % 43,8k baino ez dituzte lehen mailako ikasketak.
Familia-tradizioari eutsi nahi diote, eta erdiak baino gehiagok ugalketarako eta haragitarako behi-azienda edo ardi-azienda du; gutxiago dira aire zabalean edo negutegian barazkiak landatzen dituztenak edo esnetarako behi-azienda dutenak.
Bestalde, ikerketa baliagarria izan da agerian uzteko emakume baserritarren % 78k ustiategian ekoizpen eta gobernatze-lanak egiten dituztela eta beste ehuneko handi bat kontabilitateaz, salmentaz eta merkaturatzeaz eta produktuaren eraldaketaz arduratzen dela. Halaber, agerian gelditu da gehienek ez dakitela dirulaguntzak eskura ditzaketela: esaterako, soilik heren batek daki amatasun-baja eskatu ahal duela eta hori bakarrik % 8,5ek eskatu du.