Lorra Soz. Koop. eta mugimendu asoziatibo osoa lanean ari dira zehaztutako helburuak betetzeko
Emakume Nekazariaren Estatutuak nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasunerako beharrezko neurriak jasotzen ditu, baita sektorearen eremu guztietan genero-ikuspegia sartzeko ere, kasu bakoitzeko baldintza eta beharrei erreparatuz.
Administrazioak aurrera eraman dituen jarduera-ildo nagusiak nekazaritza-ustiapenetan emakumeen titulartasuna eta sektoreko erakundeetan haien ordezkaritza bultzatzearekin lotuta daude, eta, horrez gain, beste aspektu batzuk ere lantzen ari dira: araudia egokitzea, emakumeei eta haien zereginari aitorpena eta ikusgaitasuna ematea, eta generoaren ikuspegian eta ikuspegitik prestakuntza jasotzea.
Hasi dira aurrerapausoak ematen, eta Titulartasun Partekatuko Ustiategiek -TPU- asko lagundu dute kasu askotan ustiategiaren zama beren gain zeramaten emakumeak anonimatutik atera eta haien egitekoari balio handiagoa ematen, eta diru-laguntzen aldetik ere abantaila gehiago daude. Emakume baserritarraren benetako zereginari ikusgaitasuna ematen hasi zaio.
Aurten ere, sektoreko datuek erakusten digute ekintzailetzaren alorrean ekitate handiagoa dagoela, baina emakume nekazari eta abeltzain gazteen sarrera sustatzea ezinbestekoa da.
Lehentasunetako bat da erabakitze-organoetan ordezkaritza orekatua izatea gizonen eta emakumeen artean. Xede hori lortzeko nekazaritzaren sektoreko pertsona eta erakunde guztiek lagundu behar dute, eta euskal administrazioak bi data zehaztu ditu: 2019ko urriaren 22a eta 2021eko urriaren 22a.
Lehenengo fasea 2019ko urriaren 22an amaitzen da. Egun horretatik aurrera, nekazaritzaren eremuko erakundeek ez dute diru-laguntzarik jasoko baldin eta beren zuzendaritza-organoetan emakumerik ez badute. Lorra S. Coop eta gainontzeko erakunde kideak mugimendu eta batzarren bidez aurrerapausoak ematen ari dira helburu hori betetzeko.
Lorrak urtearen amaieran bi kontseilari berri izango ditu Kontseilu Errektorean (% 16,6ko ordezkaritza). Datuek erakusten digute erakundeko kide gehienek (nekazaritzako 34 elkarte eta 8 kooperatiba) betetzen dutela proportzio hori eta aurreikusten da datozen hilabeteetan denak eguneratuta egotea.
Oraingo datuen arabera, 31 elkartetik 5ek ez du emakumerik zuzendaritza-organoetan. Gainontzeko 26 elkartek ordezkaritza-portzentaje ezberdinak dituzte: 4k % 50 edo gehiago, 18k % 49 eta % 16 artean, eta beste 4k % 15 edo gutxiago. Bazkide izan gabe Lorrak kudeatutako beste hamar elkarte egoera berean daude. Batek izan ezik, gainontzekoek emakumeak dituzte zuzendaritza-organoetan, % 16 eta % 49 arteko ordezkaritzarekin.
Bigarren fasea 2021ko urriaren 22an amaitzen da. Egun horretatik aurrera, erakundeek ez dute diru-laguntzarik jasoko baldin eta beren zuzendaritza-organoetan emakumeen ordezkaritza —behintzat— orekaturik ez badute. Erronka hori guztiona da, ezartzen diren portzentajeei erreparatu gabe gaurko egoerarekin alderatuta jauzi kualitatibo bat emango litzatekeelako.
Etorkizunera begira, pertsonen eta erakundeen elkarlana ezinbestekoa da benetan aldaketak eman eta aurrerapen handiagoak lortzeko, hots, emakume gehiago elkarteen erabakitze-organoetan, Jabetza Partekatuko Ustiategi gehiago, parte-hartze handiagoa egunerokoan…Jauzi kualitatibo hori, beraz, Bizkaiko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreko profesional guztiak helburu horiek betetzea zeinen garrantzitsua den kontzientziatzean emango litzateke.