Aurrera darrai, esnetarako behi-aziendaren sektorean, Resilience for Dairy proiektuak, zeinean Europako 15 herrialdetako 18 erakundek parte hartzen dugun.
Aurten aurrera darrai Resilience For Dairy- R4D proiektuak, zeinaren helburua den Europako esnetarako behi-aziendaren sektorearen jasangarritasuna eta erresilientzia hobetzea. Proiektu hori Europar Batasuneko #Horizonte2020 programak diruztatzen du; 2021eko urtarrilean abiarazi zen, eta Europako 15 herrialdetako 18 erakundek parte hartzen dute horretan, hala nola LORRA Kooperatibak, Frantziako L’Institut de l’Élevage-ren (Idele) lidergopean.
Proiektuari atxikitako kide LORRAren bitartez parte hartzen du LURSAILek proiektuan, ABERE, LURGINTZA eta ABELURen laguntzari esker, erakunde horietako teknikarien eta abeletxe pilotuen eskutik.
Erakunde guztiek sare bat sortu dute, abeltzainek, ikertzaileek eta sektoreko beste eragile nabarmen batzuek elkarri ezagutza praktikoa eta zientifikoa jakinaraz diezaioten. Eta sare horren egiturari esker, abeltzaintzako ustiategiek programa garatu ahala proposatuko diren konponbideak hartuko dituzte.
Hortaz, bileren, bisitaldien eta beste ekimen batzuen bitartez, hiru ezagutza-arlo jorratzen ari dira: erresilientzia ekonomikoa eta soziala, efizientzia teknikoa eta ingurumena eta abereen ongizatea. Hauek dira helburuak:
- Jardunbide egokiak ezartzea abeltzain bakoitzaren berariazko beharrei eta gizartearen espektatibei dagokienez.
- Abeletxeen efizientzia ekonomikoa eta erresilientzia soziala hobetzea.
- Tokiko baliabideen efizientzia teknikoa eta erabilera hobetzea.
- Ingurumenari eta abereen ongizateari buruzko espektatiba sozialak beteko dituzten nekazaritzako sistemak sustatzea.
- Sare sendoa sortzea, proiektutik haratago luzaroan iraun dezan.
Aurten egin diren jardueren artean azpimarratzekoa da martxoan Arabako eta Bizkaiko hamabost pertsonak Frantzia eta Belgikaren arteko mugara egin zuten bidaia, bateratze-lana egiteko. Hamabi herrialdetako 100dik gora pertsonak parte hartu zuten, hala nola abeltzainek, teknikariek eta profesionalek. Arloka bildu ziren, ekoizpenak, egoerak eta eguneroko zailtasunei aurre egiteko moduak, hots, sektorearen erresilientzia, ezagutzeko.
Halaber, uztailean, iaz Milanera egindako bidaiari jarraipena emateko jardunaldi batera bertaratu ziren bi teknikari, Lursaileko kideek azarotik ekainera bitartean proposatu eta aztertutako konponbideak abiarazteko asmoaz.
Era berean, ateak zabaltzeko egun bat antolatu da Resilience 4Dairy-ren (H2020) Armoki Kooperatiba Sozietate Txikia abeletxe pilotuan, ekoizpen jasangarriagoa eta ustiategiaren kudeaketa hobea lortzeko berrikuntzez aritzeko. Ekitaldi horretan, Abere, Lorra eta Lursail kudeaketa-zentroek ez ezik, robotizazioan, artaldeari buruzko informazioan, identifikazioan, genetikan eta iraunkortasunari dagokionez berritzaileak diren produktu zoosanitarioetan teknologikoki aurreratuak diren enpresek ere parte hartu dute.