Urritik, gogoeta-prozesu batean parte hartzen ari gara, LORRAren izenean, Euskadiko bost Kudeaketa Zentroak erakunde bakar batean bateratzeko asmoaz. EAEko gainerako aholkularitza-erakundeekin eta Administrazioarekin parte hartzen ari gara prozesu horretan, Bmasi Estrategy enpresa aholkulariak gidatzen gaituela.
Eredu berri baten giltzarri
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika Sailburuordetzan dihardutenek jakinarazi ziguten, azken urteotan, ekimen eta neurri ugari sustatzen ari direla nekazaritza-sektorearen epe labur, ertain eta luzerako lehiakortasuna eta jasangarritasuna indartzeko helburuz. Hala nola, 2020tik 2021era bitartean, Foru Aldundien ekimenez, EAEko eta Lurralde Historikoetako nekazaritza-sektoreari laguntzeko eredu irmoa zehazteko azterlan bat egin zen.
Bidali ziguten eskutitzaren arabera, Kudeaketa eta Aholkularitza Zentrook laguntza horren giltzarri gara. Eta ezagutarazi digutenez, ezinbestekoa da egungo laguntza-eredua aldatzeko prozesua gu indartzetik bultzatzea, egitura bakar batean bateratuta.
Mahai Politikoak adierazi bezala, bateratze horrek onura hauek ekarriko lituzke:
- Nekazaritza Politika Bateratu berria abiarazi izanaren ondoriozko finantzaketa- eta kontratazio-agertoki berrian behar izango diren tamaina, zerbitzu-zorroa eta gaitasunak izango dira.
- Kalitate oneko zerbitzu-zorro bateratua eskainiko da, sektoreak etorkizunean izango dituen erronka eta beharretara egokituko diren zerbitzu berriak izango dituena.
- Giza gaitasun eta gaitasun tekniko espezializatuen multzo nabarmena bilduko da, egungo Kudeaketa Zentroen 150 profesionalek osaturikoa.
- Egungo taldeen prestakuntza, birziklatzea eta garapen profesionala eta, hala badagokio, belaunaldi-erreleboa erraztuko ditu.
- Ezagutzaren eragileekiko lankidetza hobetuko da, berrikuntza sustatzeko eta ezagutza eta teknologia sektorera transferitzeko mailak handitzeko.
- Lan egiteko modua efizienteagoa, ordenatuagoa eta koloboratiboagoa izango da eta sektoretik hurbilago egongo da.
Bateratzeko prozesua
Urrian hasitako prozesuak, bederatzi hilabete inguru iraungo duenak, EAEko nekazaritza-sektoreko oraingo Kudeaketa eta Aholkularitza Zentroak egitura bakar batean bateratzea proposatzea du helburu nagusi.
Egitasmo hori Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak eta Foru Aldundiek sustatzen eta lideratzen dute elkarrekin, eta Kudeaketa eta Aholkularitza Zentrook horren protagonista izan behar dugu, gure gobernantza- eta kudeaketa-organoen partaidetzaren bitartez.
Hortaz, lanak partizipatiboa izan behar du, eta horretan sektoreak berak eta horrekin loturiko beste eragile batzuek ere parte hartuko dute.
Abiapuntuko testuingurua
Proiektuaren lehenengo fasea burutu ostean, zentro bakoitzaren zuzendaritzekin, lurralde-administrazioekin, Jaurlaritzarekin eta erakunde publikoekin (Ikerketa Zentroak eta HAZI Fundazioa) elkarrizketatu ondoren, abiapuntuko testuingurua zehaztu da. Hortxe:
- Aukera eta beharra.
- Proaktibitatea eta jarrera konstruktiboa.
- Anbizioa eta ilusioa.
- Emaitzak aldeen batura baino gehiago izan behar du, ez taldekatze hutsa.
- “Prozesuarekin eta emaitzarekin eroso sentitzea”.
- Kudeaketa Zentro bakoitzaren egoera eta espektatibak aintzat hartzea.
- Sektorea partedun egitea.
- “Gure zilborretik” haratago begiratzeko eskuzabaltasuna.
- Epeen garrantzia.
Enpresa kontsultariak beste herrialde batzuetako –Danimarka, Belgika, Finlandia, Frantzia, Suedia eta Irlanda– , Estatuko erakundeen –Nafarroako INTIA, Galiziako AGACA eta Asturiasko ASEAGRO– eta elkarteen, nekazaritza-sindikatuen edo klusterren jardunbide egokienak geureganatzeko aukera aztertuko du.
Kudeaketa-zentro erreferentea
Fase horretan ere, gure asmoak adostu dira. Hauek dira, oraingoz:
Sektorearentzat, Herri Administrazioarentzat eta ezagutza-eragileentzat eta kanpokoentzat erreferentziazko Kudeaketa Zentroa izatea, ezaugarri hauekin:
- Aholkularitza aurreratua: sektorea modernizatzeko eta horren lehiakortasuna bultzatzeko behar den aholkularitza kontzeptua “berrantolatzea”.
- Arreta hurbila eta profesionala, jarduteko oinarrizko printzipio gisa.
- Zerbitzu-zorro berritua: lurraldetasuna, homogeneotasuna, espezializazioa.
- Pertsona-taldearen garapen profesionala: eremu berrietan, profil espezializatu berrietan edota lanbide-garapeneko planetan birziklatu eta trebatzea.
- Antolamolde modernoa, zerbitzura bideratua.
- Gaitasunak eta zereginak indartzea: zaintza, dinamizazioa, transferentzia, marketina,…
- Kudeaketa-bikaintasuna.
- Sareko lankidetza askotariko eragileekin, sektoreari balioa ekartzeko.
- Finantza-egonkortasuna.
Gogoetan aurrera egiten jarraituko dugu, baita aurrerapenen berri ematen ere.