Legeak euskal landa-ingurunearen garapen jasangarria funtsezko faktoretzat hartzen du Euskadiko ekonomia, gizarte eta lurraldearen garapen eta kohesiorako
Euskadiko Landa Garapenaren 7/2022 Legea, ekainaren 30ean Eusko Legebiltzarrean adostasun handiz onartu zena, landa-ingurunea lurraldearen gainerako eremuaren baldintza berdinetan kokatzen du.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egin du, foru-aldundien laguntzarekin, eta tartean dauden sektoreko eragileen ekarpenak jaso ditu. Eragile ekonomiko, sozial eta instituzional askoren lana eta konpromisoa dakar berekin, eta, beraz, Legebiltzarrean lortutako adostasuna funtsezkoa da.
Lege berriak gaur egun indarrean dagoena, 1998koa, ordezkatuko du, eta landa-garapenerako estrategia berria ezarri, euskal landa-ingurunearen garapen jasangarria funtsezko faktoretzat jo baitu Euskadiko ekonomia, gizarte eta lurraldearen garapen eta kohesiorako, Europar Batasunak bultzatzen duen Lurralde Kohesioko Politikarekin bat etorriz.
Landa-garapenerako estrategia berria
Hortaz, lege berriak rural proofing ikuspegia du, hots, bermeko landa-mekanismoa, eta, horren haritik, euskal landa-eremuan izango duten eragina diseinatuko eta kontuan hartuko duten politikak egin nahi dira. Horretarako, aurreikusi da landa-eremuei eragingo dieten plan, programa eta ekimen instituzionalak onartu aurretik, landa-garapenaren arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako sailek horiei buruzko txosten lotesleak egin beharko dituztela.
Halaber, landa-ingurunean zeharka arituko den gobernantza aurreratu berri bat ezarri nahi da, Landa Garapenerako Elkarteek gaur egun eskualde-mailan egiten duten lana indartzeko asmoz. Landa Garapenerako Elkarteek hainbat urtetarako lankidetza-hitzarmen bat sinatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzarekin eta dagokion foru-aldundiarekin. Era berean, aurreikusi da lurralde-garapenerako kudeaketa-zerbitzu bat sortzea, Lurralde izenekoa, HAZI Fundazioaren barruan.
Lege berriak Landa Garapenerako Sare berri bat ere sortzea dakar berekin, eta horretan erakunde hauetako kargudun eta teknikariek parte hartuko lukete: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, EUDEL, ACOA-AKE (Arabako Kontzejuen Elkartea), Kuadrillak, Hazi (Lurralde), Landa Garapenerako Elkarteak, Toki Ekintzako Taldeak. Oro har, era guztietako errerefentziazko lurralde- eta sektore-erakundeek eta Landa Garapenerako Eskualde Programak hedatzen esku hartzen duten eragileek.
Euskal landa-ingurua posizionatzea, bertan biztanleriaren % 8 bizi baita
Legearen xedea da euskal landa-ingurunea herrialdearen garapenean eta ekonomia, gizarte eta lurraldearen kohesioa funtsezko faktore gisa posizionatzea, lurraldearen gainerako eremuaren baldintza berdinetan sartzeko, berrikuntza, modernitate eta ekintzailetzari dagokienez, eta, hortaz, herrialdearen ikuspegi berria, integratuagoa lortzen laguntzeko. Hori guztia, alde batera utzi gabe nekazaritza-jarduerak Euskadiko lurraldearen eta ingurumenaren kudeaketan duen eginkizun estrategikoa, ezta ekonomian eta elikagaien hornitzaile gisa duen eginkizuna ere.
Lege berriaren asmoa da, beraz, landa-eremuen garapen jasangarriak Euskadi osoa garatzen lagun dezala, eremu horiek bizitzeko eta proiektuei ekiteko leku erakargarriak izan daitezen, kohesioaren eta aukera-berdintasunaren ikuspegitik. Gaur-gaurkoz, kalkulatzen da Euskadiko biztanleriaren % 8 landa-eremuetan bizi dela, eta ehuneko hori apur bat hazi da azken urteetan; izan ere, berriki izandako covid-19aren pandemiak eragindako egoerak joera hori indartu du.