EITB DATAk argitara eman duen azken azterlanean, Euskadiko lehen sektorearen egoera deskribatu da: garai berrietara egokitzen ari da. Azterlan horretatik ondorioztatu denez, gaur egun, Euskadin nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi gutxiago dago, baina badaudenak handiagoak dira.
Nekazaritzako ustiategien kopurua jaitsi egin da azken urteotan Euskadin, batez ere, langileek jardueratik alde egin dutelako. Jakitera emandako datuen arabera, 2009an 16.519 ustiategi zeuden eta 2020an, 11.276, hots, 5000 gutxiago. Era berean, guztizko nekazaritza-azalera ere txikiagotu egin da.
Ustiategien tamainari dagokionez, nabaritu da azken urteotan nabarmen handitu direla; batez besteko tamaina 11,53 hektarea izatetik 15,63 izatera igaro baita.
Beste datu garrantzitsu bat makroetxaldeei buruzkoa da: gutxi badira ere, gero eta gehiago dira, bai txerrienak bai eskortako hegaztienak, batez ere, Nafarroan.
Beherakada nabarmenena abeltzaintzako ustiategietan gertatzen ari da (behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak, eskortako hegaztiak eta untxiak). Euskadik abeltzaintzako ustiategien % 41 galdu du 11 urtetan; Nafarroan, aldiz, beherakada txikixeagoa izan da, % 22koa.
Azterketa amaitzeko, ondorio hauek ere atera ditu lanak: sektoreak ekonomian duen garrantzia txikiagoa da egun, sektorea gero eta zaharragoa da, eta bertoko produktuen kontsumoaren hazkundea, motela.
Hortaz, lehen sektorea Euskadiko enpleguaren % 1,2 da, eta lehen sektoreko enpleguak garrantzi txikiena duen automonia-erkidegoetako bat da EAE.
Sektorearen zahartzeari dagokionez, ustiategien jabeen % 30 65 urtetik gorakoak dira eta sektoreko langileen % 15 60 urtetik gorakoak, bai Euskadin, bai Nafarroan. EITB DATA azterlanetik ondorioztatu da, halaber, bertoko produktu gutxi kontsumitzen direla; izan ere, kontsumintzen ditugun produktu freskoen % 16k bakarrik dute Euskadiko jatorria. Hortxe beste datu bat: nekazaritza eta arrantzako produktuen ekoizpen propioa euskal ekonomiak behar duenaren % 25 baino txikiagoa da eta, hortaz, aldea beste erkidego edo herrialde batzuetatik inportatzen da.