El Correo egunkariaren iritzi-orrialdeak Martin Uriartek eta Laura Lorenzok, Munduko Landagunearen lehendakariordeak eta zuzendariak, hurrenez hurren, Euskadiko familia-nekazaritzari buruz idatzitako artikulu bat dakar. Bizkaian 5 kontinenteetako 300 kide bildu dituen VI. konferentzia globalean kokatzen da.
Zutabean aipatzen dute gobernu eta erakundeek honelako ustiapenei arreta eman behar dietela, estrategikoak direlako, beste aspektu batzuen artean, ekoizpen jasangarriari zein ingurumen-kudeaketari dagokionez. Sektorea babesteko programak eta politikak bultzatu behar dira, nazioartean jada ezagunak bihurtzen ari direnak.
Hona hemen iritzi-artikulua osorik:
“Joko bat proposatzen dizuegu, asmakizun bat. Une honetan eraldaketa digital eta industriala 4.0 eta hiria nagusitzen dira. Badago, ordea, politika publiko eta aitorpen gehiago eskatzen dituen jarduera bat, ondo merezita gainera, xumea izangatik hedatuta baitago. Jarduera horrek izen konposatua dauka. Lehenengo hitza F hizkiarekin hasten da, eta bigarrena N hizkiarekin. Asmatu duzu. Familia Nekazaritzari buruz ari gara. Gure baserria eredu horren adierazgarria da, gehiengoa du gainera. FAOren datuen arabera (Nekazaritzaren eta Elikaduraren Egoera, 2014), munduan 570 milioi nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapen daude, eta horietatik 500 milioi familia-nekazaritzari dagozkio, hau da, langileak dituzte eta familia batek kudeatzen ditu. 2500 milioi pertsonak elikagaien % 80 hornitzen dituen eta planetako enpleguen % 40ari euskarria ematen dion jarduera horretan dihardu. Gogora ezazue supermerkatuko apalaren edo jatetxeko kartaren aurrean zaudeten bakoitzean.
Familia-nekazaritzak balio sinboliko eta estrategiko handia du ekonomia-, gizarte-, kultura-, ingurumen- eta lurralde-eremuetan betetzen dituen funtzioengatik. Nekazaritza-ekonomiaren eredu bat baino gehiago da, elikagaien ekoizpen jasangarriaren oinarria eta lurraldeko ingurumen-kudeaketarako eta mundu osoko aniztasunaren zainketarako funtsezkoa dela iritzi baitzaio. Nazioarteko erkidegoak aitortu du aurre egin beharreko erronken garrantzia ikusita—klima-aldaketa, migrazio behartuak, malnutrizioa, pobrezia eta esklusioa barne—, familia-nekazaritzaren alde ausardiaz apustu egin eta sektoreari laguntzeko politikak, programak eta prozesuak ezarri behar direla.
Familia-nekazaritza NBEren Garapen Jasangarriaren 2030eko Agendan sartuta dago, garapen jasangarriaren bigarren xedea bultzatzen duen aldetik: zero gosea. 2091n, Munduko Landaguneak, 5 kontinenteetako 31 milioi familia-nekazari ordezkatzen dituen elkarte-sare pluralak, 20 urte beteko ditu.
Askok ez badakite ere, Gasteizen dugu egoitza. Urkullu lehendakariak bihar emango dio hasiera, Derion, Familia Nekazaritzari buruzko VI. konferentzia globalari. 300 aditu (emakumezkoak zein gizonezkoak) bilduko dira bertan, jarduera-eremu hauen izenean: gobernuak (Costa Rica eta gobernu zentrala eta Eusko Jaurlaritza); nazioarteko erakundeak, FAO eta FIDA kasu (Nekazaritza Garapeneko Nazioarteko Funtsa); Afrika, Asia, Amerika eta Europako nekazaritza-erakundeak; Familia-nekazaritzaren batzorde nazionalak; GKEak; sindikatuak; kooperatibak eta ikerkuntzako eta prestakuntzako zentroak.
Egun hauetan, familia-nekazaritzaren munduko hiriburua izango da Euskadi. Talde horren lan- eta bizi-baldintzak hobetzea da xedea. Beste erakunde batzuekin egin dugun elkarlanak bere fruituak eman ditu: 2014a nazioarteko urtea aitortu dute eta Nazio Batuen Batzorde Orokorrak 2017ko abenduan Familia Nekazaritzaren hamarkada (2019-2028) aldarrikatu zuen. Erromako maiatzeko hitzorduaren aurretik Derion egingo den konferentziak ibilbidea trazatzeko, helburuak zehazteko eta Hamarkadaren Agenda eta Ekintza Plana prestatzeko balioko du, hain zuzen ere. Hamarkada hori aukera berdingabea izango da ez bakarrik dagokion taldearentzat, baita gizarte osoarentzat eta planetaren etorkizunarentzat ere.
VI. konferentzia globalean eztabaidagai izango dira, hainbat hizkuntzatan, honako gai hauek: lurraldearen kudeaketa, jasangarritasuna, elikadura-segurtasuna, klima-aldaketa, kooperazioa, ondare kulturala, belaunaldi-txandaketa eta emakumea.
Hitzordu benetan interesagarria Euskadirako, eta, Euskaditik, mundu osorako.”