LORRAn bildutaook lehen sektoreari dagozkion eta gizartearentzat onuragarriak diren ekimen guztiekin bat egitea konprometitu beharra dagoela uste dugu. Elikagaien zarrastelkeriaren kontrako Plataformarekin bat egin genuen, hori 2018an eratu ostean, arrazoi honengatik: herritarrak jabearazteko elikagaiak xahutzea gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren arazo larria dela eta herritar guztiak inplikatzen badira borroka egin daitekeela horren kontra.
Plataforma horren helburua da Euskadin elikagaien zarrastelkeria murrizteko ekintzen plana taxutzea, eta ekintza horiek Euskadi Basque Country 2030 Agendan sartzea. Izan ere plataforma hori iritziak trukatzeko foro moduan proposatzen da, instituzio, erakunde, elkarte eta entitateek nahita eta elkarlanean parte har dezaten, ekimen horrekin bat eginez, geroko Ekintza Planean proposatuko diren jarduketak diseinatu eta ezartzeko gaitasunaz.
LORRAn dihardugunok ekimen horretan parte hartzen dugu, gure ikuspegia eta iaiotasuna ekarriz, jarri ditugun helburuak lortzeko, eta bat egiten dugu Euskadiko elikagaien zarrastelkeria murrizteko oraingo eta geroko ekintzekin.
Horiek horrela, Plataformak sustatu eta Elika Fundazioak dinamizatutako Euskadiko elikagaien zarrastelkeriaren kontrako lehen Astean parte hartu dugu. Kanpaina horren helburua izan da Euskadiko ahalik eta udalerrik gehiagok horrekin bat egitea eta antolatutako jardueretan parte hartzea. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika sailburuordetzak bultzatutako Ekintza Planean kokatu da aste hura, eta, hasieratik, Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen laguntza izan du. Egindako jardueren artean, hauek nabarmen daitezke: sentsibilizazio-tailerrak, informazio-jarduerak, ikus-entzunekoen emanaldiak edo elikagaiak berriz aprobetzatzeko sukaldaritzaren gaineko mintzaldiak, besteak beste.
Kanpaina horri esker, beste 40 erakunde baino gehiagok egin dute bat plataformarekin, hala nola, beste udal batzuek, jasangarritasuneko udal-bulegoek edo eskualdeko landa-garapeneko elkarteek. Elikagaien zarrastelkeriaren kontrako plataformak baditu 125 partaide baino gehiago: Euskadiko administrazioak, sindikatuak, nekazaritzako elikagaien sektoreko operadoreak eta gizarte-erakundeak.