Munduko Landagunearen VIII. Mundu Konferentzia
Martin Uriarte, Munduko Landaguneko presidentea – Belén Citoler, Munduko Landaguneko zuzendaria
Landa-munduak –Espainiakoa ez ezik, mundu osokoa ere– erronka itzela du aurrean: familia-nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bideragarritasuna ziurtatzea testuinguru halako gorabeheratsu batean: klima-krisia, aldaketa sozioekonomikoak eta aldaketa sakonak eta elikadura-sistemak. Hain zuzen, hori izan zen “Familia Nekazaritza: gure planetaren iraunkortasuna” gaiari buruzko VIII. Mundu Konferentziaren ardatz nagusia. Gasteizko Europa Jauregian izan zen biltzarra, 2024ko martxoaren 19tik 21era bitartean. Konferentziaren azken adierazpenaren “Iraunkortasuna erein familia-nekazaritzaren bizi-ekarpena areagotuz“ leloak ahalegin bateratuak aldarrikatzen ditu, sektoreak aurre egin behar dien erronka itzelak gainditzeko.
Familia-nekazaritza: iraunkortasunaren eta erresilientziaren euskarri
Familia-nekazariek Lurraren jasangarritasunean eta garapen ekonomikoan duten funtsezko eginkizuna eta garapen ekonomikorako duten “ekarpen katalitikoa” aitortu dira argi eta irmoki Konferentzian zehar. Hala, biltzarrera bertaratu zirenen iritziz, familia-nekazaritza ezinbestekoa da elikadura-sistema jasangarriak, erresilienteak eta bideragarriak lortzeko bidean. Zeren eta, kalitate bikaineko elikagaiez hornitzeaz eta biodibertsitatea babesteaz gain, ingurumena zaintzen eta landa-komunitateen ongizatea bultzatzen duten nekazaritza-jardunbideak sustatzen ditu.
Nazio Batuen Familia Nekazaritzarako Hamarkada ezartzen
Nazio Batuen Familia Nekazaritzarako Hamarkada (2019-2028) aitortu zenetik, aurrerapauso handiak lortu dira familia-nekazaritza sustatzen eta babesten. Haatik, Konferentzian azpimarratu egin zen familia-nekazaritzak erronka itzelak jasaten jarraitzen duela, eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa dela guztion ahaleginak areagotzea. Izan ere, Konferentziaren azken aitorpenak beharrezkotzat jo du familia-nekazaritzak klima-krisiari aurre egiteko erantzunak sortu eta elikadura-sistemak eraldatzeko duen funtsezko eginkizuna aitortzea.
Landa-munduko gazteak: etorkizuneko liderrak
Konferentziaren alderdi nabarmenetako bat izan zen landa-munduko gazteek elikadura-sistemen aldaketan duten lidergoa aintzat hartu izana. Hala bada, Nekazari Gazteen Nazioarteko Eguna aintzat hartzeak duen garrantzia azpimarratu zen, nekazari gazteen parte-hartzea eta berrikuntzarako gaitasuna garatzea sustatzen duten ekimenekiko konpromisoaren erakusgarri gisa. Nekazari gazteak behar-beharrezkoak dira familia-ustiategietako belaunaldien erreleboa bermatzeko eta landa-eremuetan enplegua sortzeko
Landa-eremuko genero-desberdinkeria
Beste erronka handi bat identifikatu zen Konferentzian, hain zuzen: landa-eremuan oraindik dirau genero-desberdinkeriak. Ondorioz, egoera horri albait arinen ekin behar zaiola adierazi zen, eta landa-eremuko emakumeen autonomia eta eskubideak sustatzeko politika publiko espezifikoak, inklusiboak eta ekitatiboak abiarazi behar direla, esaterako, berariazko funtsen eskutik, lurraren jabetza eta baliabide ekonomiko eta finantzarioak eskura ditzaten. Landa-eremuko emakumeak ahalduntzea funtsezkoa da nekazaritza-komunitateak jasangarriak izan daitezen eta landa-garapenak aurrera egin dezan.
Laguntza eta politika publikoak
Konferentziari amaiera emateko, hainbat agintarik familia-nekazaritzak Espainian duen garrantzia nabarmendu zuen. Esate baterako, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planasek Familia Nekazaritzari buruzko Legea abian jartzeko konpromisoa iragarri zuen, familia-nekazaritzak lurraldeen garapen sozial eta ekonomikoan duen eginkizun estrategikoa bultzatzeko, gazteei eta emakumeei lan-aukerak eskaintzeko eta ingurumenaren aldeko eragin onuragarria bermatzeko. Lege horrek balio izango du familia-nekazaritza indartzeko eta epe luzean bideragarria izan dadin bermatzeko. Halaber, adierazi zuen Legea benetan eraginkorra izango dela familia-nekazariek gogoz parte hartzen badute eta eraginkortasunez eta Legea ekitatez ezartzen dela bermatzen bada.
Ekintza kolektiboa eta elkarrizketa politikoa
Munduko Landagunean elkartu ginenok azpimarratu genuen, halaber, beharrezkoa dela familia-nekzaritzari buruzko elkarrizketa politikoa eta negoziatzeko espazioak sustatzea. Familia Nekazaritzako Batzorde Nazionalek, hala nola Familia Nekazaritzako Espainiako Hamarkadaren Batzordeak eta elkarrizketarako beste plataforma batzuek, aurrerapen nabarmenak lortu dituzte sektorearen aldeko politika publikoetan. Funtsezkoa da, hortaz, espazio horiek bultzatzea familia-nekazarien hitza hainbat gairi buruzko –elikadura-sistemak eraldatzea, klima eta finantzazio-bideak, besteak beste– eztabaida eta negoziazioetan entzun dadin. Konferentziak berretsi zuen ekintza katalizatzaileen bidez eta gobernuen, erakundeen eta komunitateen arteko lankidetza estuaren bidez bakarrik hobetu ahal izango dela familia-nekazarien bizitza, eta etorkizun jasangarria ziurtatu guztiontzat.
Familia-nekazaritza etorkizun jasangarri gisa
Konferentziaren azken adierazpena, beraz, argi-argia da: “ez da etorkizun jasangarririk izango, etorkizunik gabeko familia-nekazaritzarik gabe “. Mezu horrek munta itzela du mundu-mailako krisiek konponbide integratu eta jasangarriak behar dituzten unean. Familia-nekazaritza elikagaien nahitaezko iturria ez ezik, garapen ekonomiko eta sozialerako eragilea era bada, eta garrantzi itzela du klima-aldaketa arindu eta landa-komunitateen erresilientzia areagotzeko.
Ekintzarako deia
Une erabakigarria da egungoa familia-nekazarientzat eta Espainian erabakiak hartzen dituztenentzat. Familia-nekazaritza eta abeltzaintzaren bideragarritasuna ekintza jakinen eta elkarlaneko ekintzen eskuetan dago. Gehiago ahalegindu behar da familia-nekazariei laguntzeko, politika publiko inklusiboen eta finantzaketa egokiaren bidez, eta Lurraren jasangarritasunean duten nahitaezko zeregina aintzat hartu behar zaie
Une erabakigarria da egungoa familia-nekazarientzat eta Espainian erabakiak hartzen dituztenentzat. Familia-nekazaritza eta abeltzaintzaren bideragarritasuna ekintza jakinen eta elkarlaneko ekintzen eskuetan dago. Gehiago ahalegindu behar da familia-nekazariei laguntzeko, politika publiko inklusiboen eta finantzaketa egokiaren bidez, eta Lurraren jasangarritasunean duten nahitaezko zeregina aintzat hartu behar zaie.
Ondorioa
Familia-nekazaritza eta abeltzaintza etorkizuneko alternatiba bideragarria dira landa-mundurako; ezinbestekoak, elikadura-sistema jasangarriak, erresilienteak eta bideragarriak lortzeko bidean. “Familia Nekazaritza: gure planetaren iraukortasuna” lelopeko VIII. Mundu Konferentzia gertaera gogoangarria izan da sektore nabarmen horri laguntzeko funtsezko ekintzak identifikatu eta sustatzeko. Orain, inoiz baino gehiago, elkarrekin jokatzeko unea da familia-nekazaritza indartzeko eta Lurraren jasangarritasunari ekarpen nabarmenak egiten jarraitzeko.
Ekintzarako dei hori gizarte osoak entzun behar du, hala nola nekazariek, erabakiak hartzen dituzten organoek, kontsumitzaileek eta nazioarteko erakundeek. Familia-nekazaritza gure iragana ez ezik, etorkizun jasangarrirako gure aliaturik onena ere bada.
VIII. MUNDU KONFERENTZIAREN ZENBAKIAK
- 3 egun.
- 244 pertsona, 57 herrialdetatik etorritakoak.
- 2000 ikusle inguru, streaming bidez.
- 72 txostengile, 5 kontinenteetakoak etorritakoak
Askotariko eragileak: familia-nekazaritzako erakundeak, gobernuak, nazioarteko erakundeak, sareak, plataformak, kontsumiltzaileen erakundeak, emakumeak eta gazteak.
BALIABIDEAK:
https://viiiconference.ruralforum.org/recursos/
- Argazkiak: https://www.flickr.com/photos/viiiglobalconferencewrf/albums/
- Bideoak (Konferentziaren saio guztien grabazioak ere): https://viiiconference.ruralforum.org/videos/
- Azken adierazpena: https://viiiconference.ruralforum.org/la-viii-conferencia-global-del-frm-concluye-con-una-declaracion-final-que-reconoce-el-papel-vital-de-los-agricultores-y-agricultoras-familiares-para-la-sostenibilidad-del-planeta/
- Landa-eremuko Gazteen Nazioarteko Egunaren aitorpenaren aldeko eskutitza: https://viiiconference.ruralforum.org/carta-de-apoyo-a-la-declaracion-del-dia-internacional-de-las-jovenes-agricultoras-y-los-jovenes-agricultores/