2004. urteaz geroztik, landa-ingurunean 919 gazte, nor bere enpresa-proiektuarekin, ezartzeko bidea eman du Gaztenek-ek
Belaunaldi-berritzea eta ekintzailetza oinarrizkoak dira nekazaritzako elikagaien katea, Euskadiko garapen sozioekonomikorako funtsezkoa, biziraun eta eraberri dadin. Premisa horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Gaztenek programa jarri zuten martxan, 2004an, gazteak lehen sektorean eta landa-munduan txerta zitezen errazteko. Egun, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearen laguntza tekniko eta pedagogikoaren lankidetzarekin, programa modernizatu egin da, egungo beharretara egokitzeko.
Gaztenek Berri izeneko programak, hortaz, segida emango dio Gaztenek programa aitzindariari, lehen sektoreko ekintzailetzari laguntza emateko zerbitzu osoa eskaintzeko. Etapa berrian, helburua da proiektuak gero eta berritzaileak izan daitezen, balio erantsi handiagoa sor dezaten eta horien liderrek etorkizun-sena eduki dezaten. Halaber, 2023-2027 denboraldiari begira, nekazaritzako ekintzailetzari laguntzeko ekosistema sentikortu eta gaitu beharko da.
Gaztenek Berri gazte hauen bila ari da: lehen sektorean ekintzaile izan nahi dutenak, ekimendunak, taldean esperientzia berriak bizi nahi dutenak, eta tresna, metodologia eta ekimen berritzaileak ezagutu nahi dituztenak.
26 gaztek (11 arabar, 6 bizkaitar eta 9 gipuzkoar) onartu dute prestakuntza-erronka berri horretan parte hartzea. Lehen sektorea gaztetzea eta modernizatzea du helburu erronkak, eta, horretarako, XXI. mendeko erronka berriei aurre egiteko tresnak eskainiko dizkie gazteei, enpresa-kudeaketatik, nekazaritzako eta abeltzaintzako lanaren digitalizaziotik eta esparru horretako teknika eta berrikuntza berrietatatik abiatuta.
Mondragon Unibersitateko MTA (Mondragon Team Academy) metodologia erabiliko da, zeinaren gakoa “egiten ikastea” kontzeptua den. Hortaz, aurkeztuko diren proiektu ekintzaileetan oinarrituko da ikaskuntza, eta, hainbat osagai eta dinamikaren artean online saioak izango dituen programa baten bidez garatuko da prozesua, sektoreko problematikak ulertzeko, etorkizuneko joerak ezagutzeko eta berrikuntza-tresnak aurkitzeko; halaber, berariazko aholkularitza-saioak ere izango dira.
“Ikaskuntza bidaiak” ere izango dira; hots, esperientzia-saioak, lehen sektoreko ingurune berritzaileak ezagutzeko, horiek kontaktu-sarea inspira eta ugaritzen lagun dezaten eta talde-dinamika bultzatuko duten toki informalak ahalbide ditzaten.
919 ekintzailetza-proiektu, 2004tik 2022ra bitartean
Gaztenek programa 2004an abiarazi zen, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru Foru Aldundien ekimenez, sektoreko eta lurraldeetako eragileekin elkarlanean –hala nola, kudeaketa-zentroak, esaterako, LORRA–, eta harrezkeroztik, ideiak sortzeko fasean nahiz enpresak eratu eta proiektuak sendotzeko fasean lagundu dute, lehen sektoreko proiektuei bideragarritasun eta jarraitutasun bermea emateko.
Urteotan, sektorea gaztetzen eta modernizatzen aurrera egin da, tradizioa eta familia-nekazaritzako ereduari begiramendua izanda.
Hortaz, 2004tik 2022ra bitartean, 919 pertsonari erraztu zaie landa-ingurunean eta lehen sektorean txertatzea, nor bere enpresa-proiektuarekin (353, Bizkaian; 306, Gipuzkoan eta 260, Araban). Horietatik, 325 emakume ziren eta 594, gizon, eta adin-tarte nagusia 25-40 urtekoa izan da.
Azpisektoreen arabera, 476 pertsona nekazaritzan lan egiten hasi dira (baratzezaintzan, frutagintzan eta ardogintzan, gehienbat) eta 443, abeltzaintzan (esnetarako eta haragitarako behi-aziendan eta ardi-aziendan, batik bat). Eta onartutako proiektuetatik 175 inguru ekoizpen ekologikoan edo integratuan ari dira.