Kolonbiako Cauca departamenduko komunitateekin elkarlanean aritzeko urratsak ematen jarraitzen dugu, gure esperientzia eta antolaketa-eredua ezagutarazteko.
Lankidetza-proiektua Kolonbian ekindako bake-prozesuaren emaitza da, eta haren helburua da Caucako Elkarte Komunitarioen Plataformaren ahalmenak indartzea, erakunde horrek sortzen baititu proiektuak, prestakuntza-zerbitzuak eta laguntza teknikoa. Hala bada, harro gaude LORRA erreferentziatzat hartu izana.

Proiektu hori hainbat fasetan eta urtetan zehar garatu da. Azken hiru urteetan, hainbat hartu-eman burutu ditugu, eta horiei esker, gure jardueraren testuinguruak ezagutzeko aukera izan dugu. 2024ko ekainean Kolonbiara bidaiatu genuen proiektuan sakontzeko eta enpresa komunitarioen liderrentzako diplomatu batean parte hartzeko. Era berean, Bizkaira Plataformaren ordezkari batzuk etorri dira gure antolaketa- eta zerbitzu-eredua ezagutzera.
Ekintza horiek guztiak, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak –eLankidetza– diruztatutako proiektu honetan kokatzen dira: “Reincorporación territorial e intercooperación para la paz en Cauca fortaleciendo capacidades productivas en red con enfoque diferencial. Fase II”. Erakunde hauek parte hartzen ari dira hartan: Hegoa Institutua (UPV/EHU); Kolonbiako erakundeak, hala nola Caliko Universidad Javeriana-ko Instituto de Estudios Interculturales eta Corporación Ensayos; eta Euskadiko zenbait erakunde, esaterako LORRA, zeinak nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean erakunde egituratzaile eta aholkulari gisa izandako esperientzia ezagutarazi duen.
Bisita Bizkaira
Bizkaira egindako azken bisita 2024ko urrian izan zen, besteak beste, gure kooperatibaren eguneroko jardueraren kudeaketan murgiltzeko asmoz. Plataforma honen sei pertsonak bisitatu gintuzten: PLATAFORMA DE ORGANIZACIONES COMUNITARIAS DEL CAUCA (POCC) E INTERCOOPERACIÓN.

Berton egon ziren bitartean, hurbiletik ezagutu zuten LORRAren eguneroko jarduera, barne- eta kanpo-prozesuak, gobernantza- eta kudeaketa-eredua eta zerbitzu-ematea barne. Halaber, beste ekoizpen-eredu batzuk ezagutu eta nekazaritza ekologikoan diharduten ustiategi hauek bisitatu zituzten: Errigoitiko Txapel Koop eta Gamizko Luramak. Oso interesagarriak iruditu zitzaizkien biak.

Proiektuaren koordinatzaile HEGOAren eskutik, tailerrak egin eta hauek bisitatu zituzten: Zarauzko Elikagune denda, Azpeitiko Urkome Landa Garapeneko Elkartea, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Gasteizko ordezkaritza eta Arrasateko Mundukide GKE.
Azkenik, Radio Bilbao-ko Hoy por hoy irratsaioan –Azul Tejerinak zuzentzen du– esku hartu zuten, gurekin batera, ohiko kolaboratzaile baikara. Tierra y Mar, primer eslabón atalean, proiektu ilusionagarriaren xehetasunak jakinarazi zizkieten Bizkaiko entzuleei.
Laster, Kolonbiara
Datozen hilabeteetan ildo horretan aurrera egiten jarraituko dugu. Izan ere, aurtengo maiatzean Kolonbiara berriro bidaiatzea aurreikusi dugu, lankidetza-loturak indartzen eta esperientzia berriak trukatzen jarraitzeko. Zinez uste dugu Euskadi-Kolonbia senidetzeko proiektu horrek emaitza interesgarriak ematen jarraituko duela datozen urteotan.