Lorra S.Coop. kooperatibak, Euskal Kazetarien Elkartea – Kazetarien Euskal Elkargoarekin elkarlanean, antolatu duen topaguneak gure baserrien alderdirik ezezagunena aurkeztu du.
• Lehen sektorearen BPGd % 0,8 da EAEn (herena, Bizkaian), baina nekazaritzako elikagaien industriarena, % 10, guztira.
• Azken 30 urteotan, bertoko ustiategiak Europako ustiategi aurreratuenen parean jarri dira.
• Gure ingurune naturalarekin loturiko jarduera ekonomikoa izan nahi dugu, jarduera errespetatua eta ingurunea eta biodibertsitatea errespetatzen dituena, alegia.
• Gazteei Bizkaiko Nekazaritzan enplegu duinak sor daitezkeela buruan sartzeko premia dago, belaunaldien arteko txandaketa susta dezagun. Bestela, galzoriko gizataldea izango gara.
Bizkaiko lehen sektoreko lanbide-elkarteak elkartzen eta 4.000tik gora ustiategi barne hartzen dituen Lorra S.Coop kooperatibak, topagunea antolatu du kazetariekin batera sektoreko etorkizunaz aritu eta eztabaidatzeko. Jardunaldi hori Euskal Kazetarien Elkartea – Kazetarien Euskal Elkargoarekin elkarlanean antolatu da, Laboral Kutxaren parte-hartzearekin.
Lorrak topagune hori antolatzeko, oro har, lehen sektoreaz ezagutarazten den irudi desitxuratua hartu du abiaburutzat. “Gizarte hiritarraren aburuz, kulturari dagokionez, baserrietako jarduera iraganean dago ainguratuta, eta tradizioekin eta folklorearekin bakarrik identifikatzen da”, adierazi du Lorrako kudeatzaile Martín Uriartek. Orozkoko Abeltzainen Elkarteko presidente eta abeltzain Javier Aramendiren ustez, “sektorearen iritzia “bahituta” dago; nekazaritzako elikagaien edo landa-ekitaldien gaineko alarmei buruzko albisteak kaleratzen dira, baina ustiategien eguneroko jarduera, arazoak edo arrakastak ez dira mintzagai”.
Ikuskera horiek direla bide, Lorra kooperatibaren inguruko elkartze-mugimenduak, Bizkaiko lurraldearen % 85 kudeatzen duen sektore profesional baten jarduera ekonomikoaren garrantzia azpimarratu nahi du. Izan ere, jarduera hori, zenbaitetan, Mendiko Nekazaritzako lurraldea ere den ingurune naturalarekin bat datorren bizimodu-eredua ere bada.
Gai hori eta beste batzuk jorratzeko, topagunean hainbat aditu izan dira. Euskal Kazetarien Elkartea – Kazetarien Euskal Elkargoko kide Montxo Urraburu aurkezle eta moderatzaile izan da. Javier Garro, Lorrako Abere Ekoizpen Arloko arduraduna, sektoreak Bizkaiko ekonomiari egiten dion ekarpenaz mintzatu da. Jon Lekerika Lorrako presidente eta baratzezainak, bere ustiategiko buru XXI. mendeko baserritar gisa duen esperientzia izan du mintzagai. Martin Uriarte, Lorrako zuzendari-kudeatzaileak, sektorearen egungo egoeraren ezaugarriak eta erronka nagusiak azaldu ditu. Eta Javier Aramendi, Orozkoko Abeltzainen Elkarteko presidente eta abeltzainak, ikuskera profesionala adierazi du gizartean oihartzuna duten gai batzuen eta sektorearen etorkizuna baldintzatu duten eztabaiden gainean.
Mintzaldi horietan, naturarekin eta Bizkaiko gizartearekin errespetutsua den lehen sektore profesionala iraunarazi beharra dagoela adierazi da. Gizartearen errespetua ere jaso behar du sektoreak, ekonomi jarduera duina garatu ahal izateko. “Gure lurraldearen azaleraren zati handi bat arrazionaltasunez, errespetuz eta maitasun handiz kudeatzen duen gizataldea gara, gure kulturak eta lurraldeak bere-bereak dituzten kalitatezko elikagaiak ematen dituzten bertako espezie animalien eta landare-espezieen erreserba genetikoa iraunarazten duen gizataldea, alegia”, adierazi du Jon Aramendik.
Era berean, bertoko gazteei Bizkaiko Nekazaritzan enplegu duinak eta errenta nahikodunak sor daitezkeela buruan sartzeko premia dagoela adierazi da topagunean, gure sektoreko ekintzaile izan daitezen eta belaunaldien arteko txandaketa susta dezagun. “Bestela, galzoriko gizataldea izango gara”.