Euskadiko Nekazaritza Familiarraren Eskualdeko Batzordeak aurrera egiten du lau jarduketa-ildotan
Euskadin nekazaritza familiarra sustatzeko helburuz, Euskadiko Nekazaritza Familiarraren Eskualdeko Batzordeak (CRAF Euskadi) buru-belarri dihardu lanean, ekitaldi honetarako taxutu den planaren arabera. Lau jarduketa-ildo ezarri dira plan horretan, eta horien inguruan arlo harekin zerikusia duten eragile guztiak batu nahi dira.
Lehenik, partaidetza erakundean bertan handitu nahi da, eta, horretarako, Euskadiko Nekazaritza Familiarraren Eskualdeko Batzordean kide berriak sartu, bestelako ikuspegiak ekar ditzaten, hala nola nekazaritza-eskolak, sukaldaritza-eskolak edo sukaldaritza-sektorea, ikuspegia are orokorrena eta askotarikoena izan dadin.
Beste helburu bat ere jarri da, euskal erakundeekiko elkarrizketa sustatzea alegia, arlo haren aldeko politika publikoko proposamenak jakinaraz diezazkiegun. Kapitulu horretan, Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei inguru hurbilekoen aurrerapenak ezagutaraziko zaizkie, eta elkarrizketa bultzatuko da Nekazaritza Politikari buruzko egungo Legea (17/2008 Legea) eguneratuko duen nekazaritza familiarrari buruzko lege posible batez aritzeko.
Nekazaritza Familiarraren Eskualdeko Batzordearen hirugarren jarduketa-ildoak sektorearen proiekzio sozialari ekingo dio, euskal gizarteak gehiago eta hobeto ezagut ditzan nekazaritzako elikagaien euskal sektorea, horren jarduera eta ekarpenak. Horren haritik, sentsibilizazio-kanpainak egitea aurreikusi da, era koordinatuan, herritarrei gure enpresen eta profesionalen lan ona ezagutarazteko.
Helburu horrekin lotuta, laugarren jarduera mahaigaineratu da, ekitaldiak antolatzea, esandako sentsibilizazioaren lagungarri eta nekazaritzako elikagaien euskal sektorearen errotze sozialaren indargarri gisa. Ekitaldi gogogangarriak taxutu dira hurbileko bertoko produktua ezagutarazteko, ekoizleei sariak ematea, gazte landatarren eta hiritarren topaketak eta Gure Lurra topaketa antolatzea eta nekazaritza familiarrari buruzko ikuspegien jardunaldiak antolatzea, nazioarteko joera berriei, laboratza berriei eta merkatu-nitxo berriei begira.
Munduko Landagunearen, LURSAILen eta KONFEKOOPen laguntzaile eta partaide garenez, LORRA S.Coop-ekook jarduera horietan guztietan parte hartzen dugu, ahal dugun neurrian, ezarritako helburuetan aurrera egiten laguntzeko.