Lorrak urtero laguntzen die Bizkaian lehen sektorearen alde apustu egiten duten ekintzaileei; izan ere, gero eta gehiago dira bizimodu horren alde egiten dutenek. Azken urteotako egoera ekonomikoa izan da landara so egin eta bizimodu berri bati ekiteko faktore garrantzitsuenetako bat. Horrela egiaztatu du LORRA S. COOP Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren erakunde kolaboratzaileak, lehen sektorean martxan jartzen diren proiektu berriak tutorizatzeko arduradunak hain zuzen. Hiru lurraldeetako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu duten Gaztenek programaren barruan, LORRAk 10 urtez jarraipena egin die Bizkaian kokatu diren ekintzaileei. Erakundeko teknikariek jardueraren lehenengo hiru urteetan laguntza ematen diete pertsona horiei, negozioak martxan jartzen dituztenetik. 2005ean Bizkaian programa abiarazi zenetik, gero eta gehiago dira sektorearekin bat egiten dutenak. Hamarkada honetan 245 proiektu berri ezarri dira, 2015erako onartutako 30 proiektuekin bat. Horietatik guztietatik ez dira 10 proiektura iristen jarduerari amaiera eman edo jarraipenik izan ez dutenak. Negozio berriak dira gehien bat. 25 eta 30 urte bitarteko gazteak dira, aurrez lanean ibili eta finkatzeko gogoa daukatenak. Batzuk gurasoei jarraipena emateko prestakuntza jaso dute, eta beste batzuk ikasketak amaituta beren bizitzari norabide berri ematea erabaki dute, lan-falta ikusita. Izan ere, gaur egungo egoera erabakigarria izan da lehen sektorearen interes berritu hau pizteko, bai gazteengan bai lan-bizitza birplanteatu behar izan duten 40 urtetik gorakoengan. Ekoizpen-jardueren artean, joera berriak gailentzen ari dira nekazaritza ekologikoaren arloan, hamarkada honetan ezarritako negozioen % 21,6 hartzen duelarik. 2015ean onartu diren 30 proiektuetatik 11 arituko dira arlo horretan. Berritasunen artean azpimarragarria da helikultura (barraskilo-hazkuntza); pasadan urtean bi instalazio berri eraiki ziren Bizkaian, eta aurten 4 instalazio gehituko zaizkio. Etorkizunean aldaketa bat aurreikusten da, eta ziurrenik sektorean sartzeko eskaerak areagotuko dira, 41 urtetik gorako ekintzaileei ere bat egiteko aukera emango zaielako. Aukera hori orain arte ez zegoen araututa, eta jende askok nekazaritza-jarduerarekin bat egiteko zeukan nahia zapuzten zuen. LORRA irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen-elkarteak, nekazaritzako kooperatibak eta erakunde kolaboratzaileak biltzen ditu. Gaur egun 32 elkarte eta 7 kooperatiba ditu, eta Bizkaian nekazaritzako elikagaien 4.000 ekoizlek baino gehiagok bat egin dute haren proiektuarekin.
KRISIAREN ITZULIA LANDARA
Harpidetu newsletterrera
Jakin ezazu zer gertatzen den Bizkaiko abeltzaintza eta nekazaritzaren munduan