Atzo eman ziren laugarren LABORAL KUTXA – LORRA Nekazaritza Ustiapen Lehiaketaren sariak. Ekitaldia Bizkaiko sektorearen urteko jaialdi bilakatu da.
Bilboko Carlton Hotelean izan zen sari-banaketa, eta ikusle ugari eta gure lurraldeko sektoreko ordezkari asko bertaratu ziren: nekazaritza-kooperatibak, nekazaritza-sindikatuak eta sektorearekin lotutako beste erakunde batzuk.
Ospakizunari hasiera emateko, Jon Lekerikak, Lorrako lehendakariak, hitzaldia eman zuen, eta amaiera emateko, berriz, Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak. Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko ahalduna, Maite Peñakoba Nekazaritzako zuzendari nagusia, José Mª Pérez Laboral Kutxako Laguntza Bulego Espezialistako eta Sustatzaileetako zuzendaria eta Martin Uriarte Lorrako zuzendari-gerentea ere bertan izan ziren.
Ekitaldiaren asmoa zen nekazaritzan ari diren enpresen eta profesionalen modernizazioa eta tokiko ekonomian duten rol aktiboa balioan jartzea. Arratsaldean, 11 ustiapen finalistak aurkeztu ziren, epaileek aukeratutakoak ustiapena bisitatu eta irizpide orokor batzuen arabera baloratu ostean. Omenaldi kolektiboa egin zitzaien, eta aurkeztutako ustiapen guztien maila handia azpimarratu zen.
Saritutako ustiapenak
Ondoren, sariak banatu ziren. Abeltzaintza-jardueraren kategorian, Iñaki Bringas izan zen garaile, bost urtez martxan dabilen enpresa modernoa abiarazi zuen ekintzailea. Finalista izan ziren Borja Sierraren Las Candelas etxaldea, 2005ean osabaren oinordekotza hartu zuena negozioa handitzen jarraitzeko, eta Fernández-Terreros/ Segura familiaren La Seguilla etxaldea, ospe handiko ganadutegia eta 110 urte beteko dituen berezko harategia dituenak.
Nekazaritza-jardueraren atalean, lehen saria Altza CBrentzat izan da. 30 urteko ibilbidea du jada, eta Bilboko Guggenheim museoko Puppy txakurrak haren loreak janzten dituela esan ohi du harro-harro. Finalista izan ziren ere Germinados Kimuak, krisia bete-betean zegoela eta eskarmenturik ez zuela, nekazaritza ekologikoan murgildu zen emakume batek zuzendutakoa, eta Radu Toma Ungureanu, duela bi urte tradizio luzeko nekazaritza-enpresa zuzentzearen erronka bere gain hartu zuen ekintzailea.
Ekinaren Ekinez sariak sektoreko emakume baten lanbide-ibilbidea aitortzen du, eta aurten, Juana Fisurek irabazi du. 80ko hamarkada hasieran ama hil zitzaion, eta baserrira itzuli behar izan zuen, familiaren agintea hartu eta haren neba-arrebekin batera baserria garatzeko. Hala, Hermanos Fisure CB abeltzaintza-ustiapena sortu dute.
Bestalde, Landa Bultzada sariak nekazaritza sustatzen duen erakundeak aitortzen ditu, eta aurten, Iturriaga-Dañobeitia Fundazioak irabazi du lehenbiziko aldiz. Hala, nekazaritzaren alde oro har eta Bizkaiko sektorearen alde bereziki 50 urtez lanean aritu den erakunde horri aitorpena egin genion.
Ekitaldia amaitzeko, sektoreko enpresa guztiei omenaldi kolektiboa egin zitzaien, ustiapen finalista guztien baterako argazkia egin genuen, eta hurrengo ediziorako gonbitea luzatu genien.