Pasadan asteburuan, Arantza Rodríguez kazetariak DEIA egunkarian erreportaje luze bat argitaratu zuen Bizkaiko lehen sektorearen egoerari buruz. Bertan, gure lurraldeko baserritarren bizimodura hurbiltzen gaitu, eta sektoreak dituen indar eta ahulezia nagusiak aipatzen dizkigu. Errealitate hori erakusteko asmotan, Lorraren bazkide diren hiru profesionalek, gure gerenteak Martín Uriartek eta sektorearen elkarteen ordezkariek beren ikuspegiak eman dizkigute.
Informazioari hasiera emateko, jakinarazi da Bizkaiko Foru Aldundiak oporraldiak edo gaixotasun-, istripu-, amatasun- edo aitatasun-bajak ordezteko 40.000 euroko diru-laguntza eman duela aurten. Diru-laguntza horien bidez Lorran kudeatzen diren profesionalen lan-ordutegiak eta -egutegiak normalizatzen lagundu nahi da: “Badira 15 urte baino gehiago Bizkaian ordezkapenen sistema ezarrita dagoela, eta urtero 70 edo 80 zerbitzu inguru ematen dira. Duela 10 urte 100 ordezkapen egitera iritsi ginen, baina joera hasiera batean beheranzkoa da” baieztatu du Martín Uriartek.
Bizkaiko hiru profesionalek lanbidearen egunerokoa erakutsiko digute haien esperientziaren bidez. Lorra-Laboral Kutxa sarien azkeneko edizioan lanbide-ibilbideari “Ekinaren Ekinez” saria jaso duen Gatikako Etxe-Alai baserriko Miren Ardeo abeltzaina izan da haietako bat. Negozioa nola modernizatu eta hurrengo familia-belaunaldiarekin jarraipena ematen jakin izan duen hamarkadatako esperientzia duen profesional baten ikuspegia ematen digu. Beste muturrean, aldiz, Joana Tello enpresa zientzietan lizentziadunaren bizipena dugu. Nekazaritza-tradiziorik eduki ez arren Etxebarriako Barrenetxe kooperatibaren bazkidea da eta zortzi urte daramatza nekazaritza-ustiapen honetan lanean. Horren harira, nekazaritza-ataleko Lorra-Laboral Kutxa saria jaso du. Izurtzako Ortuzar auzoan gurasoek martxan jarri zuten CB Mañondo ustiapenari jarraipena eman dion eta abeltzaintzaren ataleko sarietan finalista izan den Jesús Garate abeltzainaren ikuspegia ere jaso dugu.
Erreportajeak atal bat du Bizkaiari ekoizpen-aberastasun handia ematen dion sektore baten aldarrikapen eta beharrei eskainia. “Ideia bati eusten diogu, hots, nekazaritza jarduera ekonomiko bat dela, eta ez soilik bizirik irauteko jarduera bat. Oso ondo iruditzen zait ingurune naturala mantentzeaz eta lurralde-okupazioaz hitz egitea, baina atzetik errenta bat ez badago oso zaila izango da” esan du Martín Uriartek.
Lorraren gerenteak aipatzen dituen beharren artean batez beste 60 urte dituzten profesionalei jarraipena emango dioten belaunaldien arteko ordezkapena bermatzea dago. Eta errenta-maila areagotzea, emakumeari ikusgaitasuna ematea eta informazio-eta komunikazio-teknologia berriak sartzea ere bai:
“Errentari dagokionez, ekitaldi honetan Bizkaiko errenta % 2,2 jaitsi da, Behatokiren nekazaritzako elikagaien datuen arabera. Ustiapenak areagotu behar izan dituzte duela 25 urteko diru-sarrera berdinak izateko; egoera zaila da, beraz”.
“Lorran titularren % 30 emakumezkoak dira baina ez daude ordezkaritza-organoetan, salbuespenezko kasuetan izan ezik. Emakume nekazariaren Estatutuak emakumeari ikusgaitasun handiagoa emateko konpromisoa jasotzen du”.
“Orain, Administrazioak kudeaketa guztiak online egin nahi dituela, eragozpen izugarria dago, denek ez daukatelako ordenagailua edo Internetera konektatzeko ahalmena. Eustaten pasadan urteko datuen arabera, lehen sektoreko % 30ak ez du sakelako telefonorik eta % 20ak bakarrik dauka posta elektronikoa”.