Apirilaren 12an, lehen sektoreko adituen mahaian izan ginen. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen topaketa hau Derioko Nekazaritza Eskolan egin zen, eta jardueraren eremu ezberdinetako ordezkariak bildu zituen.
Eskola honetako zuzendaria Verónica Arrieta andrea moderatzaile-lanetan aritu zen, eta, harekin, Martín Uriarte, José Pablo Larrea eta Jesús López de Foronda egon ziren, Lorraren, Baserria KM0ren eta Laboral Kutxaren gerenteak hurrenez hurren, beren esperientzia eta ikuspegia partekatzeko. Topaketak sektorearen orainaz eta geroaz hausnartzeko balio izan zien, eta zer erronkei egin behar diegun aurre eta zer aukera berri dauden aztertzeko ere bai. Hainbat gai jorratu zituzten, besteak beste: belaunaldi-txandaketa, ekintzailetza, proiektu berrietarako finantzaketa, lurren bankua, prestakuntza, kontsumo-ohitura berriak eta emakumearen eginkizuna.
Lorraren esperientzian oinarrituz, Martín Uriartek azaldu zuen belaunaldi-txandaketa egiteko premia zegoela, lehen sektoreko langileek 60 urte inguru dituztelako, eta ekintzailetza erantzun eraginkor bat zela, bere mugak bazituen ere. Ildo horretatik, finantzazio-falta eragozpen bat dela eta irtenbidea eman behar zaiola gaineratu zuen, izan ere, Lorrak aurkeztutako negozio-proiektu berrien 61 espedienteetatik ia erdia kanpoan geratu dira arrazoi hori dela eta.
Ekintzailetzaren profilari dagokionez emprendizaje azaldu zuen belaunaldi-txandaketagatik familia-ustiapenean sartzen direnak zein landa-munduarekin inolako loturarik ez duten profil berriak ekintzaileak direla, eta jardueren artean nekazaritza ekologikoaren eskaera areagotzen ari dela. Sektorearen dimentsio nagusia jarduera ekonomikoa dela azpimarratu zen ere, bizitza-estilo huts batez harago. Martín Uriartek azaldu zuen indarreko araudi-aldaketek alderdi hori indartzen dutela, horren arabera ekintzaileak jardueraren bosgarren urtean 16.000 euro fakturatu behar dituelako, 9.500 euroko marjina garbiarekin.
Sektoreari larriki eragiten dion beste arazo bat lanbide-gaikuntza zela aipatu zen; izan ere, prestakuntza sustatzea eta teknologiaren eta merkatuaren bilakaerara gaurkotzea ezinbestekoa da, eta, ondorioz, profesionalak bere eremu-lanaz aparteko ezagutzak eduki behar ditu.
Ildo horretatik, teknologia berrien erronkari buruz hitz egin zen, sektorearen digitalizazio eskasa dela-eta lehentasunezkoa dena. Lorrako gerenteak Eustat-eko azken datuak azaldu zituen, profesionalen % 29ak ez duela mugikorrik, % 18,6ak soilik duela ordenagailua eta horietatik % 16,8k erabiltzen dutela posta elektronikoa. Aldaketari trabak jartzen dizkietela ikusita, lehen sektorean smartphoneak sartzea premiazkoa zela mahaigaineratu zen, oinarrizko komunikazio-tresna izan daitezen, eta, hortik aurrera, teknologia berriak erabiltzea.