Lorran, ekintzaile berriei laguntzen diegu eta haiek egiten duten lana zabaltzearen alde apustu egin dugu, zer proposamen dituzten eta nola gauzatzen dituzten jakitera emanez.
Egunotan, aurten ezartzeko asmoa duten ekintzaile horietako batzuk egiten ari diren lanari buruzko albisteak argitaratu dira komunikabideetan.
Gara egunkariak, esaterako, Gaztenek 2020 programa eta 25 ekintzaile berriri eman diegun aholkularitza laburbildu ditu erreportaje batean, aipamena eginez gure teknikarietako bati, hainbat proiektu monitorizatzeaz arduratzen den Fernando Solagureni, hain zuzen. Fernandok azaldu du kooperatiban era guztietako lanak burutzen ditugula: proiektu bakoitzaren hasierako planaren bideragarritasuna egiaztatzetik hasita haren jarraipena egiteraino.
Erreportajean, sektoreko ekintzaileen aniztasunari buruz hitz egiten da, eta bi adibide jasotzen dira. Batetik, Beñat Bilbaoren kasua dago, belaunaldi-txandaketaren ondorioz sektorean sartu dena. Beñatek ez du esperientziarik sektorean eta hilabete batzuk daramatza bere kontura lanean, oinordetzan hartu duen Juan Zabalaren ustiategiaren ekoizpen handia mantentzeko. Bestetik, Berenice López ekintzaile gazte euskaldun-mexikarra daukagu. Honek ere ez dauka esperientziarik sektorean. Berenice esnekiak saltzeko asmotan dabil, duela bost urtez geroztik hazten dituen behien esnea erabilita. Modu horretan, Elorrioko baserriko ekoizpena dibertsifikatu nahi du.
Bi ekintzaileek azpimarratu dute zalantzak argitzen lagunduko dien teknikari bat alboan edukitzea lagungarria dela oso.
Bizkaia Irratian, bestalde, Markel Ensunzari eta Ainhoa Eloseguiri martxan dituzten proiektuei buruz egindako elkarrizketa eman dute. Hauek ere kooperatibaren laguntza azpimarratu dute. Ainhoa ingeniaria da. Lehengo lana utzi eta bizimodu berri bat hastea erabaki zuen, eta orain, kiwi eta oilasko ustiategia du Gatikan. Markel ekintzaile gazte bat da. Nekazaritzako ikasketak egin ditu eta beste kide batzuekin Bizkaigane Elkartea sortu du, Errigoitin. Esnekiak merkaturatzen ditu eta orain bertan zenbait aldaketa egiten dabil instalazioetan. Bai batek eta bai besteak azpimarratu dute beren lanean jarduteko oso garrantzitsua dela kanpo-laguntza jasotzea.
Azkenik, Euskadi Irratiko Landaberri programan elkarrizketa egin diete Ainhoari eta Bereniceri. Beren proiektuei buruz hitz egin digute, zer fasetan dauden, zer arazo dituzten eta etorkizuna nola ikusten duten. Berenicek esnekiak datorren urtean merkaturatzeko asmoa du, horien artean made in Elorrio esne ekologikoarekin eginiko izozkia. Ainhoak, berriz, itxaron egingo du, kiwi-ekoizpenak hazteko bere denbora behar baitu.