Lehenengo online azienda-enkante plataforma sortu dugu.
Ez dago aurrekaririk Estatuan, eta sektore guztiarentzat dago erabilgarri.
Lorra S.Coop. kooperatibakook, Arteman Komunikazioa enpresarekin lankidetzan, urrats garrantzitsua eman dugu sektorearentzat: lehenengo online azienda enkante-plataforma garatu eta Ebayal-en e-commerce eredua landa-eremura eraman dugu. Iazko etxeko konfinamendu betean, konponbide teknologiko aitzindari baten aldeko apustua egin genuen, abeltzaintza-jarduera hori emaitza bikainekin jarraitzea ahalbidetu duena. Eredu horrek ez du aurrekaririk ez Euskadin ez Espainian, eta guk sektore guztiaren eskura jarri dugu.
Elikadura-katea babestea funtsezkoa zen garaian azienda salerostea ezinezkoa zenez, joan den martxoan konponbide bat bilatzea generabilen buruan, urteko enkanteen egutegiarekin –hiruhileko bakoitzean bat– jarraitzeko. Arazoa konpontzeko, Arteman Komunikazioaren laguntza izan genuen. Hiru aste eskasetan, online enkanteen webgunea garatu zen, eta 2020ko apirilaren 19an Euskadiko eta Espainiako lehenengo online enkantea egin zen, Aia Testaje Zentroak antolatuta. Arrakasta biribila lortu genuen, iaz beste hiru online enkantetan errepikatu duguna.
Gure online enkante-plataforma “Ebay” gisa jarduten duen webgune bat da, eta azienda-enkantea jarduera erabilgarriago eta erakargarriago bihurtu du. E-commerce webgune bat da, non abereak argazki eta bideoen bidez erakusten diren, denbora errealeko eskaintza-sistema baten eskutik. Interesdunek plataforman izena ematen dute aldez aurretik eta, ondoren, horretan sartu eta jendaurrean identifikatzen dira zenbakizko kodeen bidez. Norbaitek abere batengatik eskaintza egiten duenean, bere eskaintza handiena den edo azken eskaintza edo irteera-prezioa gainditzeko gutxienekora iritsi ez den jakinarazten zaio. Gainera, sistemak berehalako abisuak bidaltzen dizkie parte-hartzaileei, norbaitek eskaintza gainditu duen jakinarazteko.
Online enkanteak ostiraletik igandera antolatzen dira. Hasieratik, parte-hartzaileek online informazioa jaso dezakete eta abereak fisikoki ikustera joan daitezke –modu antolatuan eta osasun-neurri guztiekin– eta beren eskaintzak egin ditzakete. Epea amaitzen denean, eskaintza irabazlea ziurtatzen da eta salerosketa egiten da.
Konponbideak web-plataforma eta online enkanteak koordinatzeko zerbitzua barne hartzen ditu. Gure talde teknikoa arduratzen da ekitaldia kudeatzeaz, erakunde antolatzailearekin lankidetzan: fitxak sortzen ditu, parte-hartzaileei sarbidea ematen die, erosleak ziurtatzen ditu eta txataz zuzenean arduratzen da, parte-hartzaileen kontsulta edo zalantza oro argitzeko.
Konponbide hori Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakunde guztien eskura dagoen zerbitzua da. Formula horren arrakasta dela eta, aurtengo otsailean lehen online enkantea egin da eta beste hiru egingo dira apirilean, uztailean eta urrian.
Irismen handiagoa.
Egindako online enkanteetan hasierako aurreikuspenak gainditu egin dira. 2020an, 256 abere jarri dira online enkantean, eta 216 saldu dira; horietatik 64 Euskaditik kanpo joan dira, beste 7 autonomia-erkidegotara. 100 abeltzain baino gehiagok eman dute izena plataforman, erosteko asmoz, eta askoz interesdun gehiago konektatu dira enkante bakoitzean ikusle gisa, Estatuko toki guztietatik.
Sistemak abantaila eta joan-etorrien aurrezpen asko dakarzkie partaide diren alderdiei, eta, horren ondorioz, erosketaren eremu geografikoa handitu egin da eta animalia gehiago saldu dira, esaterako Galizian edo Andaluzian, nora aurrez aurreko enkantearekin iristen ez den.
Ekitaldiaren irismena ere asko handitu da. Azken online enkantean 1.000 pertsonak baino gehiagok jarraitu zuten pantailaren atzean, esparru barruan sartuko ziren 200 pertsonekin parekatuz, hau da, % 500etik gorako igoera egon da.
Transformazio digitala sustatuz.
Konponbideak erronka handia ekarri du, sektorearen berezitasunak kontuan hartuta, hots, teknologia berrien ezarpen txikia –batezbestekoaren oso azpitik– eta profesionalen zahartzea –Bizkaian, batez beste 60 urte baitituzte.
Hori guztia kontuan hartuta, plataforma erraz, intuitibo eta erabilerraza diseinatu da, baliabide didaktikoak barne hartzen dituena, hala nola bideo tutorialak eta erabilera-azalpenak, baita talde teknikoarekin zuzeneko txata ere enkantea egin bitartean. Kontuan hartu da, halaber, parte-hartzaile gehienek landa-eremuetatik parte hartzen dutela eta konexio-arazoak izan ditzaketela; beraz, zuzeneko jakinarazpen automatikoak eta denbora-erreserbak ezarri dira.
Proposamen berritzailea garatu dugu, oso denbora gutxian eta konfinamendu betean, etorkizuneko negozio-eredu berri gisa; aurrerapauso handia eman dugu, hortaz, sektorearen transformazio digitalean.