Cauca departamentuko Erakunde Komunitarioen Plataformak bere antolaketaren eta zerbitzuen eredua bere eremura moldatu nahi du
Nekazaritza eta abeltzaintzako zerbitzuen kooperatiba den Lorrak lankidetza-proiektu batean parte hartu du Kolonbian, Cauca departamentuko komunitatearen erreferente gisa; hala, Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean duen esperientzia jakinarazi die.
“Reincorporación territorial e intercooperación para la paz en Cauca fortaleciendo capacidades productivas en red con enfoque diferencial. Fase II” du izena proiektuak (euskaraz, “Caucan lurraldea berriz sartzea eta bakerako lankidetza, sareko produkzio-gaitasunak ikuspegi bereizgarriarekin indartuz. II. Fasea”). Proiektu horren helburua da Caucako Erakunde Komunitarioen Plataformaren gaitasunak indartzea, bere ingurunean proiektuak, prestakuntza-zerbitzuak eta laguntza teknikoa sortuko dituen erakunde gisa.
Hegoa Elkarteak lideratzen du proiektua, eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentaziak diruz laguntzen du. Kolonbiako hainbat erakundek esku hartzen dute hartan, hala nola Instituto de Estudios Interculturales de la Universidad Javeriana de Cali izenekoak eta Corporación Ensayos-ek, baita Euskadiko erakunde batzuek ere, horien artean, Lorrak.
Bigarren fasea proiektu honen esparru orokorrean garatzen ari da: “Fortalecimiento de agentes sociales para la construcción de paz territorial y modelos económicos alternativos en el norte del Cauca Colombia, en diálogo con la experiencia vasca” (euskaraz, “Kolonbiako Caucako iparraldean lurralde-bakea eta eredu ekonomiko alternatiboak eraikitzeko gizarte-eragileak indartzea, euskal esperientziarekin elkarrizketan”). Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lagundutako proiektua da.
Kolonbiako bake-prozesutik sortu zen proiektu hori, eta hainbat fasetan eta urtetan garatzen ari da; helburu du berriz sartzeko prozesuan eta lurraldearen bakea eraikitzen laguntzea, eta, horretarako, ekonomia sozial eta solidarioaren, ekonomia komunitarioaren edota eredu ekonomiko alternatiboen jardunbideak aplikatzen ari dira. Caukako iparraldeko Caldono eta Buenos Aires udalerrietan burutzen ari da.
Komunitate horietan hainbat prestakuntza-prozesu burutu dira gizartea eraldatzeko jardunbide ekonomikoei buruz, eta tokiko, eskualdeko eta nazioarteko esperientziak elkartrukatu dira antzeko erakundeekin eta esperientziekin. Horrela eratu zen Caucako Plataforma Komunitarioa, ekonomia eta ekoizpen arloekin zerikusia duten erakunde komunitarioen beharrei erantzuten dien topagunea, alegia.
Azken hiru urteetan burutu da Lorrarekin esperientziak trukatzeko prozesu hori. Kolonbiako hainbat ordezkaritza hartu dituzte Lorraren Bizkaiko instalazioetan, eta horiek kooperatibaren antolaketaren eta zerbitzuen eredua ezagutzeko aukera izan dute, baita egiaztatu ere haien egoerari eta helburuei aplika dakiekeen eredua dela. Proiektuaren fase berrian, haratago joan nahi da, Lorrako antolaketa- eta lan-eredua Caucako Plataforma Komunitariora egokitzeko.
Lorrako arduradunek hau adierazi dute proiektuaz: “harrotu egin gaitu gu erreferentetzat hartzea eta oso poztu gaitu gure esperientzia haiekin partekatu izanak. Ahal dugun guztia emango dugu, beste erakunde eta pertsona askok gure kooperatibarekin 38 urte hauetan egin duten bezala, orain gauden tokiraino irits gaitezen”.
Hala, ekainean, Lorrako eta Hegoako ordezkariek bidaia bat egin zuten Caucara esperientziak eta irakaspen berriak partekatzera. Ekimen sozioproduktiboen kudeaketari buruzko diplomatu batean parte hartu zuten, enpresa komunitarioetako liderrekin. Halaber, komunitatean egindako aurrerapenak agertzen dituzten proiektuak bisitatu zituzten, hala nola, bake sinatzaileen kafe-soroen kooperatiba Cecoespe, Pueblo Nuevoko Kabildo Indigenaren baratze-ekimena eta Amegpaz emakumeen elkartearen jatetxea, besteak beste.
“Aurrera ateratzea erabakita duen komunitate baten esperientzia interesgarriak ezagutzeko aukera izan dugu, esaterako, FARCeko borrokalari ohiek zuzendutako kafe-ustiapenak, bestelako bizitza baten eta beste balio batzuen alde egin dutenak, teknika berriak ikasteko gogoa duten indigenen komunitateak eta mundu berdinzaleago baten alde borrokatzen duten emakumeen komunitateak”, azaldu du Lorrako kudeatzaile Martin Uriartek, etxeratu ostean.
Kolonbiako ordezkariek Bizkaia berriz bisitatzea izango da hurrengo urratsa, elkarrekiko ezagutzan sakontzen jarraitzeko.