Ekainaren 5ean –osteguna–, Bureau Veritas Business School-ek Prosostenible-rekin elkarlanean eman ohi dituen Compromiso, Liderazgo y Empresa 2025 sarietako bat jaso genuen, Madrilen. Sari horiek enpresa-eredu jasangarriagoak, etikoagoak eta pertsonak ardatz dituztenak lortzeko aldaketa bultzatzen duten erakundeak saritzen dituzte.
Saria emateko unean adierazi zen bezala, saritu egin gaituzte enpresa garapen jasangarriarekin konprometituta gaudelako, kudeaketan, berrikuntzan eta erantzukizun sozialean bikaintasuna sustatzen dugulako, tokiko eta nazioarteko erakundeekin lankidetza estuan ari garelako, ekoizle belaunaldi berriak trebatzen ditugulako eta eredu kooperatibo sendo baten aldeko apustua egiten dugulako, pertsonekiko, ingurumenarekiko eta Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoa izanda (Hitzez hitz: (por ser una empresa) “Comprometida con el desarrollo sostenible, que promueve la excelencia en la gestión, la innovación y la responsabilidad social. Colabora estrechamente con instituciones locales e internacionales, forma a nuevas generaciones de productores y apuesta por un modelo cooperativo sólido, comprometido con las personas, el medio ambiente y los Objetivos de Desarrollo Sostenible”). Horixe izan da gure lana, hasieratik, eta hori izaten jarraitzen du, Bizkaiko lehen sektorea ardatz izanda eta gure nekazaritza eta abeltzaintzako zerbitzuen bitartez.
Aurten, beste hamahiru enpresa hauekin partekatu dugu saria: MAS CUOTA, URBASER, NAVANTIA, ADIF, XALTE, AUARA, MEDITERRANEAN GROUP, FUNDACION ECOLEC, TECNALIA, MAPEI SPAIN, TECHNIP ENERGIES IBERIA, VT SPAIN, la DIVISION MARINA de Bureau Veritas.
Bureau Veritas Business School-en 25 urteko jardunbidea ospatzeko jardunaldi berezi batean banatu ziren sariak. Enpresa-inguruan talentua, prestakuntza eta lidergoan bultzatzen dihardu erakundeak.
“Compromiso, liderazgo y empresa: protagonistas conscientes del cambio” izenburupean, ekitaldian erakunde ugari bildu ziren CEIE eraikinean –Universidad del Atlántico Medio unibertsitatearen Madrilgo egoitza–. Historiaz beteriko tokia da, eta ordu batzuez, tradizioaren, ezagutzaren eta eraldaketaren arteko topaleku bihurtu zen.
Bureau Veritas Business School-eko zuzendari kudeatzaile Ruth Ballesterosek eman zion hasiera jardunaldiari, eta ekitaldian zehar, bertaratu ginenok ideiak eta esperientziak partekatu genituen gai hauen gainean: lidergo kontzientea, erakundeek gizartean duten eragina eta benetako aldaketa bultzatzen duten balioak. Une inspiratzaileenetako bat lidergo kontzienteko aditu Mercè Breyenhitzaldi nagusia izan zen; izan ere, gogorarazi zigun lideratzea gizatasunetik sentitzea, entzutea eta eraldatzea ere badela.
Esperientzia oso motibatzailea izan da. Eskerrik asko sariagatik!
