Plataformaren bidez, gure bazkide guztiek webgunea eta online denda jarri ahal izango dituzte, dohainik, eta online merkatua ere izango du, Europako erosleek haien produktuak eta zerbitzuak bitartekaririk gabe erosi ahal izateko.
Jarduera-eremu guztietan nagusi dira interneteko teknologia berriak eta benetako erronka da hori lehen sektorearentzat (Eustaten datuak biltzen dituen albistera lotura). Ildo horretatik, Lorra S.Coop-ek “Lorra Market” izeneko plataformaren sorrerarekin aurrerapauso bat eman du Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintza ekosistemaren eraldaketa digitala sustatzeko. Plataforma berriak ecommerce sektorera eta negozioaren digitalizaziora sarbidea izatea du xede. “Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintza sektorea plataforma bakarrean digitalizatu nahi dugu, bazkide bakoitzak haren balio-proposamena munduari erakusteko aukera izan dezan, eta interneten ere ekosistema baten sorrera sustatzeko, haien interesak defendatu eta gure profesionalak fagozitatzen dituzten negozio-ereduak ez bestelako aukerak emango dituena” azaldu du Lorrako gerenteak Martín Uriarte jaunak. Lorrak 34 elkarte eta 7 kooperatiba biltzen ditu, Bizkaian jardueraren azpisektore guztietako 4.000 ekoizle baino gehiago biltzen dituelarik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren eremuetan. Hori dela eta, ekimenak ekosistema osoa barne har dezake.
“Lorra Market” plataformak Lorrako bazkide guztiei webgune indibidualak eta online denda eskainiko dizkie, eta Marketplace-era doako sarbidea ere bai, dohainik. Modu horretara, kooperatibak eskaintzen dien balio erantsia areagotzen da. “Antzeman dugu profesional askok teknologia berrietara aurrerapausoa emateko interesa duela, baina ahalegin indibidual garrantzitsua eginagatik emaitza eskasak lortzen dituztela. Halaber, ohartu gara ekosistemarekiko hurbiltasuna duten agenteen ekimenek gehiago erantzuten diotela marketin-kanpaina bati sektorearen benetako eraldatze-prozesuari baino. Ekimen horren bidez kosturik gabeko irtenbide teknologikorik onenak emateaz gainera proiektutik bertatik zuzendutako erreferentziazko gune bat sortzen dugu Interneten, ekoizleak errespetatzen dituena…” jarraitu du esanez Uriartek. “Lorra Market” plataformak nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuez gainera, makinen bigarren eskuko merkatua, animalia biziak eta ustiapenen zerbitzuak ere bilduko ditu, besteak beste.
Aurreikusita dago 2017ko amaierarako merkaturatuko dela, eta kooperatibaren jarduera- sektore guztientzat eskuragai egongo dela; erakusleiho eta topagune gisa balioko du, eta nahi duenak bere produktuak eta zerbitzuak Europa mailan merkaturatzeko erabil dezake. Besteak beste, funtzionaltasun hauek izango ditu: bazkide den ustiapen bakoitzaren web-orria, beren produktuak saldu nahi dituzten ustiapenentzako online denda erosketa-orgarekin, tokiko ordainketa-sistemak, eta tokiko, nazioko eta nazioarteko banaketa-irtenbideak.
Sektorean egiten ari diren ahaleginak “epe oso motzekoak eta indibidualak” dira, eta, horren aurrean, Lorrak merkaturatze-bide berria sortzea ahalbidetuko dion benetako ekimen batean aurrera egin nahi du. Merkaturatze-bide horrek ekosistema osoa hartuko du barne. Gainera, profesionalak estutu nahi dira beren negozio-prozesuak teknologia berrietara lehenbailehen egoki ditzaten. “Aurrerapauso hori ezinbestekoa da gaur egun daukagun ekoizpen-eredua defendatu eta mehatxu egiten dioten negozio-eredu monopolistei atea itxi nahi badiegu” esan du Martín Uriarte jaunak Lorraren gerenteak.
“Lorra Market” plataforma sortze- eta hedatze-fasean dago, bazkideen artean zabaldu eta ahalik eta ekoizle gehien biltzeko. Interesatuak Lorrarekin harremanetan jar daitezke.