Osoko laguntza ematen die haien jardueran: kudeaketatik, azpiegituretatik eta ekoizpenetik hasita, teknologia berrietaraino.
Lorra Soz.Koop, Bizkaiko lehen sektoreko elkarteak biltzen ditu, eta haren nekazaritza- eta abeltzaintza-zerbitzuen katalogoa hedatu du, lanbide-jardueran osoko laguntza emateko helburuz. Erakundeak Bizkaiko 4.000 ekoizle baino gehiago biltzen ditu, eta nekazaritza-elikagaien sektoreari zerbitzu teknikoak eta ekonomikoak ematen dizkio. Haren 30 urteko jarduera-ibilbidean zehar, eboluzionatzen joan da, ustiapenen behar berriei erantzuteko.
Ildo horretatik, Lorrak teknologia berriak ezartzearekin lotutako zerbitzu-arloa txertatu du, sektoreko nagusietako bat dena. “Gure asmoa da sektoreko profesionalak IKTen arloan murgiltzea, eta izapide guztiak online egitea, erreferentziazko zentro digital gisa”, adierazi du Martin Uriartek, Lorrako Gerenteak.
Informatizazio-zerbitzuaren bidez, Lorrako profesionalek enpresetan erabilitako aplikazio informatikoen kudeaketa eta mantentze-lanak egiten dituzte. Abeltzaintza-ustiapenen kasuan, esaterako, horrek esan nahi du liburu genealogikoa, inbentarioak, etab. eramatea. Horrez gain, kudeaketa digitaleko zerbitzuak ere ematen ditu. Horretarako, hitzarmenak gauzatu ditu zerbitzu berriak txertatzeko aukera eman dioten erakundeekin, hala nola sinadura digitala izapidetzeko zerbitzua Izenperekin egindako akordioaren bitartez eta hiltokiekin izapide digitalak egiteko zerbitzua eta azaleren aitorpena online egiteko zerbitzua.
Enpresa-kudeaketaren arloan, Lorrako taldeak administraziorako, koordinaziorako eta kontabilitaterako zerbitzua dauka, hainbat eremu barne hartzen dituena: alderdi juridikoa, zergak, kontu ekonomikoak, giza baliabideak, administrazioa, finantzak, etab. Gehien eskatzen den nekazaritza- eta abeltzaintza-zerbitzuetako bat da. Horrez gain, proiektuen eta eraikuntzen saila ere badu, eraikuntzen eta azpiegituren gaineko aholkularitza emateko zein obretarako proiektuak eta zuzendaritza, txosten agronomikoak eta nekazaritza-balorazioak burutzeko.
Zerbitzu teknikoen sailak, bestalde, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpenaren arlo guztiak artatzen ditu. Animalia-produkzioaren kasuan, produkzio-ziklo guztia jorratzen du: animalien elikadura, bazka-ekoizpena, ugalketa, kudeaketa ekonomikoa eta aholkularitza teknikoa. Landare-ekoizpenean, berriz, zerbitzu komunen artean, lurren ongarritzea, izurrien kontrako borroka eta kudeaketa teknikoa eta ekonomikoa ditugu. Gainera, egur-laborantzei, belarkaren laborantza intentsiboei eta enologiari buruzko zerbitzu zehatzak ematen dira.
Halaber, Lorra Bizkaiko Foru Aldundiaren kolaboratzailea da, bajetan eta oporretan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenentzako ordezkapen-zerbitzua emateko, eta profesional berrien instalazioak monitorizatzeko zerbitzua ere eskaintzen du, Gaztenek ekintzailetza-programaren barruan. Bizkaiko nekazaritzako eta abeltzaintzako azokak eta ekitaldiak ere antolatzen ditu, haren bazkideen produktuak sustatzeko, eta prestakuntza-ikastaroak eta I+G proiektuak burutzen ditu.