• Dibertsifikazioak aurrera jarraitzen du ahabien laborantza edo oilaskoen gizentzea bezalako merkatu-hobi berriekin.
• Nekazaritza ekologikoko ekoizpen-ereduen hazteko joera eten da.
• Profil berriak mantentzen dira; aurre-tradiziorik ez duten 40 urtetik gorakoak, krisiak jotako urteen ondorioa.
• Aurreko urteekin alderatuta emakumeek zuzendutako proiektu gehiago daude, baina ez dago parekotasunik.
Bizkaiko lehen sektorean ekintzailetza areagotzen ari da. Aurten, Gaztenek programaren markoan 25 negozio-proiektu abiarazi nahi dira eta LORRA, nekazaritza eta abeltzaintza zerbitzuetako entitatea, arduratuko da 25 ekintzaile horiei laguntza emateaz Bizkaiko landa-eremuan instalatzeko xedea bete dezaten, eskuragai dauden laguntza-lanak eskuratu eta sektorean bizimodua ateratzeko. LORRAk ekintzailetzari laguntzeko zerbitzua aurrera eramaten du HAZI Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen duten Gaztenek programaren barruan.
Hasiera batean 32 eskaera aurkeztu ziren programan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza-planei hasiera eman aurretiko balorazio-batzordean aztertu ziren horiek. Horietatik guztietatik 25 espediente onartu ziren –emakumeek zuzendutako 12 eta gizonek zuzendutako 13– nahiz eta batzuk dagozkion baimenak eta lizentziak lortu behar dituzten aurrera eramateko.
Bizkaiko Lurralde Historikoan negozioak ezarri nahi dituzten ekintzaileek arlo ezberdinetan jarduten dute, azken urteotan ikus ditzakegun joerei jarraikiz.
Batetik, ekintzailetzaren parte bat bizigarri berria behar duen sektore baten belaunaldi-txandaketari zuzenduta dago. Hain zuzen, proiektuak honela banatzen dira: 9 belaunaldi-txandaketarako, 13 instalazio berrietarako eta 3 lehendik dauden ustiapenetara sartzeko. Bestalde, jardueren artean, aurten, lehendik dauden haragitarako eta esnetarako ustiategietara sartzeak eta merkatu-hobi berriak nagusitzen dira, oilaskoen gizentzea edo ahabien laborantza kasu. Sektorean tradiziorik ez duten 40 urtetik gorako pertsonen profil berriak sortu dira ere, krisiak jotako urteen ondorioa. Aurreko urteekin alderatuta emakumeek zuzendutako proiektuak pixka bat areagotu direla antzematen da, baina ez dago parekotasunik.
Kontrapuntu gisa, pasadan urteetan nekazaritza ekologikoko ekoizpen-ereduetan antzemandako sarrera berrien joera eten egin da. Itxaron egin beharko dugu egoeraren araberakoa den, edo, aldiz, etorkizunean mantenduko den baloratu aurretik.
Proiektu berrietatik 7 nekazaritzaren eremukoak dira eta 18 abeltzaintzaren eremukoak. 5 baratzezaintzakoak dira (negutegian eginikoak) eta 2 frutazaintzakoak (kiwi plantazioa eta ahabien plantazioa). Mahastizaintzarako proiektua eta txakolin upeltegia ere badaude. Horrez gain, haragitarako 6 behi-ustiategi eta esnetarako 5 behi-ustiategi, hegazti-hazkuntzako 3 ustiategi, eta gizentzeko landako oilaskoen eta ardi-ahuntzen ustiategi bana daude.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren Landa Garapen Zerbitzua proiektu horiek guztiak aztertzen ari da. BFAren 2019rako ekitaldirako Laguntza Planaren baldintzen arabera, finantzaketa jasoko dute betiere “konkurrentzia lehiakorra” gainditzen badute eta instalaziorako behar diren baimen guztiak lortzen badituzte.
LORRAren ekintzailetza-zerbitzua 5 urtez egongo da martxan, eta programak ezarritako ibilbide horretan sortzen doazen arazoak konpontzen lagunduko die ekintzaileei, beren negozioak aurrera atera ditzaten. Horretarako, urrats hauek eman behar dira: lehenbizi, eskaera eta batzordearen balorazioa; gero, monitorizazioa, enpresa-plana eta lehen instalaziorako laguntza-eskaera. Eskaera baloratu eta ebatzi eta gero, jardueraren tutoretza egingo da, eta, jarraian, bigarren balorazioa, ziurtagiria eduki eta azken ordainketa egin aurretik.
LORRAK 2012 eta 2018 bitartean ireki ziren 227 espediente jorratu zituen pasadan ekitaldian. Horietatik 41 negozio-espedienteren tutorizazioa itxi ziren, Bizkaiko lehen sektorearen jarduera ezberdinetan guztiz sartu direlako; horregatik, hemendik aurrera ez dute laguntzarik jasoko. Beste 168 espedienteek garapen-prozesuan jarraitzen dute sartu zirenetik bigarren, hirugarren eta/edo laugarren urtean, zalantzak eta arazoak argituz, eta 18 espediente berri daude datozen urteetan instalatu ahal izateko.