Bizkaiko lehen sektorearen modernizazio-markoan, LORRA KOOP.-ek IKTen ezarpena sustatu eta profesionalei izapide ezberdinak burutzen laguntzeko zentro digitala izatea du xede, eta xede hori betetzeko egiten du lan. Bide horretan, aurrerapauso handia eman dugu IZENPErekin sinatu dugun lankidetzarako kontratuarekin, gure bezeroei IZENPEren sinadura elektronikoko ziurtagiriak lortzeko izapideak erraztu ahal izango dizkiegulako eta aurrerantzean ez dutelako horretarako IZENPEren bulegoetara jo beharrik izango.
Akordio honen bidez, eskatzaileak LORRAra bertara daitezke sinadura elektronikoaren eskaera egitera; hark beharrezko dokumentazioa prestatu eta IZENPEren bulego nagusietara bidaliko du. Gero, IZENPEk bi bidalketa ezberdinetan ziurtagiriaren euskarria eta gakoen orriak bidaliko dizkie titularrei.
Zer da IZENPE?
Sinadura elektronikoko ziurtagiri egiaztatua da. Sinadura elektronikoa eskuzko sinadura ordezten duten prozedura teknikoen eta juridikoen multzoa da, eta lehen aurrez aurre egin behar ziren izapideak Internet bidez egin daitezela ahalbidetzen du. Administrazio ezberdinekin (tokikoak, foralak, autonomikoak eta estatalak) eta gero eta finantza-erakunde gehiagorekin telematikoki harremanetan egoteko aukera ematen du. Ziurtagiri-mota ezberdinak daude, horien artean hiritarrarena eta erakundearena.
Hiritarraren ziurtagiria NAN edo AIZ (Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia) duten pertsona fisikoei bidaltzen zaie. Kolore berdekoak dira, eta koordenatu-txartela eraman dezakete berekin bidalketak eta sinadurak seguruagoak izan daitezen. Ziurtagiria erabili ahal izateko ordenagailuak txartelen irakurgailua eduki behar du, bai IZENPEri zuzenean edo informatikako edozein dendatan erositakoa. Gaur egun ziurtagiria doakoa da, eta lau urteko iraupena du.
Erakundearen ziurtagiriak. Izaera juridikorik gabeko erakundeak aipatzen ditugunean honako hauei buruz ari gara hizketan: ondasunen eta jabeen erkidegoak, sozietate zibilak, titulartasun partekatua duten enpresak, aldi baterako enpresa elkarteak, etab. Erakundearen ziurtagiri guztiak markatuta daude IFK —eta ez NAN edo AIZ — daramatelako. Ziurtagiri horiek bi formatutan igortzen dira: txartelak eta token USB (pendrive). Txartelaren kasuan, hiritarrarenean bezala, txartel-irakurgailu bat eduki beharko dugu.
Baina hiritarrarenak ez bezala, honako hauek kostu bat dute: txartelak 92,48 euro eta Token USBak 124,51 euro. Zenbateko horiek dokumentazioa aurkezten den egunean bertan ordain daitezke kreditu-txartelarekin, edo, aldez aurretik, bankuan ordainduta, bankura eraman behar dugun dokumentua ordainketa-pasarelatik deskargatu eta gero.
IZENPEren ziurtagiria eskatzean orri bat emango digute PIN eta PUK gakoekin. Lehenengoa alda daiteke, baina ahaztuz gero bigarrena beharko genuke desblokeatzeko. PUKa ziurtagiriaren titularrak bakarrik du, beraz, galduz gero, ziurtagiria berritzeko eta PUK berria bermatzeko eskatu beharko da. IZENPEk berak ere ez ditu gako horien kopiak gordetzen, segurtasun-ondorioengatik.
Eskaera egiteko, www.izenpe.com orrialdetik deskarga ditzakegun inprimakiak bete eta orrialdean bertan ordua eskatu behar dugu. Orain, LORRAren bazkideek gure bitartez ere egin dezakete, duela gutxi sinatu dugun lankidetzarako akordioari esker.